Europako Kontseilua 1985ean hasi zen Ondarearen Jardunaldiak antolatzen; 1999an batu zitzaion Europako Batasuna; etaEuropako Kultur Hitzarmena sinatu duten 50 estatuetan prestatzen dituzte jardunaldiok. Aurten, Arteak eta aisialdia gai komuna proposatu die Europak estatuotako erakunde eta eragileei, eta proposamen horrekin bat egin dute Eusko Jaurlaritzak; Nafarroako Gobernuak; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek; eta Euskal Herriko hamaika udaletxe eta kultur erakundek. Jaurlaritzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aldundiek Ondarea plazara! lelopean antolatu dituzte beren egitasmoak, eta etzi izango da lehena, Alkizan (Gipuzkoa): ibilaldi gidatua Hernio magaleko basoetara, pago mugarratuen inguruko ondarea ezagutzera. Azaroaren 15era bitartean, 62 ekitaldi antolatu dituzte Gipuzkoan, «eragile askoren ahaleginari esker», Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak nabarmendu duenez. Zinema, zirku,feria, dantza, jolas, irakurketa, musika, argazkigintza, irrati, telebista, antzerki, turismo eta kirol arloko ekitaldiak antolatu dituzte Gipuzkoako 32 udalerritan.
Gipuzkoako Aldundiak atzo aurkeztu zuen bere egitaraua. Bizkaikoak astelehenerako iragarri du herrialde horretakoen aurkezpena. Nafarroako Gobernuaren webgunearen arabera, berriz, hilaren 27, 28 eta 29an egingo dituzte ondarea gizarteratzeko ekitaldiak —bertan ageri dira 26 udalerritan iragarri dituzten jarduerak—. Ondarearen Europako Jardunaldien webgune ofizialean, azkenik, hilaren 20an eta 21ean Lapurdiko zortzi udalerritan egingo dituzten ekitaldiak agertzen dira; baita 21ean Donapaleun (Nafarroa Beherea) egingo dutena ere.
Ondarearen Europako Jardunaldiak, etzitik abian
Gipuzkoan bakarrik, 62 jarduera egingo dituzte datozen asteetan. Euskal Herriko erakunde ugarik parte hartuko dute egitasmoan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu