Artibai errekaren emariari jarraituz, orriz orri, herritarrez herritar, hizkuntzari egindako traveling moduko bat proposatzen du Aitor Urkiola Brontxe komikilariaren 365 egun ala ondarrutar izeneko lau orrialdeko komikiak. Bere lagun guztiek «ziboteko mobille» duten arren, berak «aume tomasan moduko trastu» duelako kexu da gazte bat lehen irudian. Itsasoa bare-bare dagoenez, «txibi korañai apre» emateko prest da arrantzale bat bere ontzian, «paeteko diru» atera eta bazkaltzera joatekoa da emakume bat, eta neskatoarentzako «andrakilleti» topatu ote duen galdetzen dio lagun batek besteari azken irudian, dioenez, Corte Inglesen «sakaraka» ibili baitziren eurak azkenekoz. Hain zuzen, Euskaraldiari buruzko komikiak sortzeko erronka ezarri zuen XI. Galtzakomik lehiaketak 2018an, eta sariketa hartako bigarren saria eskuratu zuen Urkiolak Ondarroako (Bizkaia) kale hizkerari eskainitako lan horri esker. Luterl taldeak eman du orain argitara. 2009tik 2021era bitartean Urkiolak sortutako hamabi lan labur bildu ditu Neure kasa liburuan, eta bertan da ondarroako hizkeraren gorazarre grafiko hori ere.
1983an sortu zen Luterl, Ondarroan (Bizkaia), eta komikizaleak biltzea eta komikigintza sustatzea izan du helburu hasieratik. Hainbat erakusketa antolatzeaz gainera, fanzineak ere kaleratzen dituzte, eta Ondarroako Komiki Jardunaldiak dira haien egitasmorik ezagunena. Duela 21 urte hasi ziren jardunaldi horiek antolatzen, eta iazko azarotik abendura egin zituzten azkenak. Ion Iñaki Artetxe hasieratik izan da taldeko kide, eta, dioenez, hazten ikusi du komikigintza. «Komikigintza ere artea zela aldarrikatzea zen gure asmoa orduan, eta gaur egun hori lortu dela ematen du. Euskaraz ere askoz gehiago argitaratzen da ordukoarekin konparatuta».
«Giro bat» igartzen du Artetxek komikigintzaren inguruan, baina zail egiten zaio hori haien eta haiena bezalako taldeen lanaren emaitza dela esatea. Edonola dela ere, Ondarroan komikigintza bultzatzen jarraitzeko asmoz eusten diote oraindik ere, eta Urkiolaren lanez osatutako monografikoa da lan zabalago horren froga.
«Komikigintza ere artea zela aldarrikatzea zen gure asmoa orduan, eta gaur egun hori lortu dela ematen du. Euskaraz ere askoz gehiago argitaratzen da ordukoarekin konparatuta»
ION IÑAKI ARTETXE Luterl taldeko kidea
Ondarroan bertan jaio zen Urkiola, 1972an. Arkitektura ikasketak hasi zituen, baina Arte Aplikatuak egin zituen gero Donostian. Marrazkilari, delineatzaile, atrezzolari eta diseinatzaile grafikoa ere bada. Komiki irakasle ere aritu da ikastetxeetan, eta hainbat komiki lan ere kaleratu izan ditu aurrez. Gogoan Sestao elkartearentzat sortutako Gerrako oroitzapenak, Sestao 1936-1937 eta Habanako umeak dira haren lan aipagarrienetako bi. Eta azken urteetan han eta hemen saritutako kontakizunak bildu ditu Luterl taldeak argitaratutako bilduman.

2011ko Galtzakomik lehiaketan lehen saria jaso zuen komikigintzari buruzko Komiki lan auto-erreferentzialak, eta horrexekin abiatzen da bilduma; ondoren, badira Galtzakomik lehiaketan, Portugaleteko Uri Urena komiki lehiaketan eta Bilboko Rekalde-Ortzada komiki lehiaketan saritutako lan batzuk ere. Eta egilearen zaletasun, kezka eta are estiloen erakusgarri da liburua.
Lan bizialdi oso bat kontatzen du A day in the life istorioak, esaterako, egun bakar bateko kapsulan. Bere lehen lan egunean urduri dago pertsonaia goizean, eta, egun osoko lanaren ostean, jubilazio festa egiten diote lankideek arratsean. Zonbiei buruzko aurreiritziak salatzeko prentsaurrekoa antolatzen duen zonbi baten istorioa dakar Zonbi izenburuko piezak. Eta David Bowie musikariari eskaini eta haren hitzen bidez osatutako lau orriko biografia bat da David Robert Jones kontakizuna. Umore puntu bat dute kontakizun gehienek, baina egileak bere aitaren heriotzari eskainitako pieza labur sentikorrak ixten du bilduma.
Gehiagoren atarian
Aurrez ere, Ondarroako egileek sortutako hainbat komiki liburu eman dituzte argitara Lutertl taldekoek. Kirmen Uribek eta Josu Aranbarrik sortutako Le Blist, bilduma bat izan zen lehen monografikoa, 1992an. Geroztik, beste hiru gehiago eman dituzte argitara: Agustin Agirretxeren Barregarri, Ion Iñaki Artetxeren Azken Mohikanoak hemen gaude, eta Artetxek eta Kaiet Bengoetxeak sortutako Euskoman. Izan ala ez izan. 2014an kaleratu zuten azken hori, eta, hortaz, hamabi urteko etenaren ostean heldu da orain Urkiolaren komiki bilduma. Baina, Artetxek dioenez, ez da azkena izango. «Horretarako nahia badago», onartu du, «baina lehenengo hau saldu behar dugu».
Hainbat salmenta lekutan topa daiteke lana. Ondarroan, esaterako, Alai tabernan, Anaita tabernan, Brontxe dendan eta turismo bulegoan dago salgai. Horrez gainera, Markina-Xemeingo (Bizkaia), Uhagon kulturgunean, eta Mutrikuko (Gipuzkoa) Tallerra tattoo dendan ere badago eskuragarri, eta lana eskuratzeko interesik duenak posta elektronikoz ere egin dezake eskaria, lutterl@outlook.com helbidera idatziz.