Antzerkia

Ondo dagoena egin, edo norberari ondo datorkiona?

Iruzur fiskala egiteagatik enpresa bateko lau bazkideetako zeinek beteko duen kartzela zigorra, hori eztabaidatuko dute '7 urte' antzezlaneko protagonistek. Agurtzane Intxaurragak zuzendu du obra, eta gaur estreinatuko dute, Basauriko Social antzokian.

Jon Olivares, Dorleta Urretabizkaia, Kandido Uranga, Aitor Beltran eta Iñigo Gastesi, antzezlanaren irudi batean. MIGUEL ARROSPIDE
Jon Olivares, Dorleta Urretabizkaia, Kandido Uranga, Aitor Beltran eta Iñigo Gastesi, antzezlanaren irudi batean. MIGUEL ARROSPIDE
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ba al da norbait lagun bat saltzeko gai, zazpi urteko kartzela zigorra saihesteko? Are gehiago, jakinda lagun hori errugabea dela? Ez da premisa erraza. Bada, Vidania konpainiak premisa hori bera hartu du abiapuntutzat 7 urte antzezlanerako. Izen bera duen film batean oinarrituta dago lana, eta konpainiak lana euskaratzeko eta antzerkira eramateko eskubideak lortuta taularatuko du. Jose Cabezarena da gidoi originala, eta Jesus Mari Olaizola Txiliku-k euskaratu du. Obra zuzentzeko ardura Agurtzane Intxaurraga antzerkigileak izan du. Gaur estreinatuko dute, 20:00etan, Basauriko (Bizkaia) Social antzokian.

Enpresa bateko lau bazkide dira antzezlanaren protagonistak: Carlos (Iñigo Gastesi), Luis (Jon Olivares), Bego (Dorleta Urretabizkaia) eta Martxel (Aitor Beltran). Teknologia berriak lantzen dituen enpresa dute, eta ongi doakie, harik eta kideetako baten deia jasotzen duten arte: «Berri txarrak, ez gara libratzen». Iruzur fiskala egiten harrapatu dituzte, eta zazpi urteko kartzela zigorra egozten diete. Lau bazkideak zigortu dituzte, baina errudun bakarra izendatzea erabakitzen dute, hala gainerako hirurak libratzeko. Nola aukeratu erruduna, ordea? Erabakia hartzeko, Jose bitartekariari deituko diote (Kandido Uranga).

«Obrak harrapatu egiten zaitu, pertsonaiak oso gertukoak direlako. Edonor identifikatu daiteke batekin edo bestearekin»

AGURTZANE INTXAURRAGA Antzerkigilea

Intxaurragak kontatu duenez, pertsonaia bakoitza bere burua defendatzen saiatuko da, baina egoerak dakarren tentsioak ez die batere lagunduko: «Animaliak bihurtzen dira bata bestearen kontra». Hainbat galderari egin beharko diete aurre protagonistek: nork jasango luke kartzela ondoen? Nork eramango luke ondo laguna kartzela sartzearen errua? Zein da beharrezkoena enpresan? Nor da ezinbestekoa bere familian? «Galdera asko botatzen dira, azken finean publikoa bera baita epaimahaia», gaineratu du.

Zuzendariaren ustez, hori da obraren bertuteetako bat, publikoa pertsonaien larruan jar litekeela: «Obrak harrapatu egiten zaitu, pertsonaiak oso gertukoak direlako. Edonor identifikatu daiteke batekin edo bestearekin».

Bitartekaritzaren garrantzia

Basaurira joan aurretik, taldeak Zumaian (Gipuzkoa) eman zituen egun batzuk, prestaketa lanetan. Bertan, bi egunez herriko ikastetxeetako gazteei egin zizkieten emanaldiak. «Ikasleek flipatu egin zuten», oroitu du Intxaurragak. Batez ere, bitartekariaren rolak txunditu zituen gehien; bai ikasleak, bai eta irakasleak ere. Eskoletan ere bitartekaritza zenbat lantzen duten nabarmendu zien irakasle batek, hain justu. «Antzezlanean, bitartekari baten lana zein den ikusten da: komunikazioa erraztea, bera ez baita inoren alde egiten duen pertsona bat; borondatea izatea da garrantzitsuena, epaile bat baita azken finean».

Proiektuarekin hasitakoan, antzerkigileak segituan izan zuen argi nola antolatuko zuen espazio eszenikoa. Jatorrizko filmean, mahai baten bueltan gertatzen da dena, eta antzezlanean bulego kontzeptual bat egitea erabaki zuen. Xakearen sinbologiarekin jokatu du Intxaurragak: «Xake partida bat da, eta haiek dira piezak». Hori dela eta, estetika guztia zuri-beltzean atondu dute.

(ID_17690859351185) 7 urte
Aitor Beltran saxofoia jotzen, antzerki emanaldian. MIGUEL ARROSPIDE

Zuzeneko musika ere izango du antzezlanak. Aitor Beltranek —Martxelen rola jokatzen du— saxofoia joko du tarteka; aktorea izateaz gain musikaria ere bai baita. Hura aktoreen artean egongo zela jakin zuenean, zuzendariak argi izan zuen zuzeneko musika sartuko zuela. Ihesbide bat izango da Martxelentzat musika. Eta «pertsonaia bakoitzak ihes egiteko modu bat izango du», aurreratu du Intxaurragak.

«Horregatik nago hemen»

Zorioneko sentitu da Intxaurraga aktore taldeagatik ere: «Gaur egun, arte eszenikoen egoera eta merkatuaren prekarizazioa ikusita, bost aktorerekin lan egitea apustu handia da». Beste proiektu batzuekin alderatuta sormen prozesu azkarra izan dutela aipatu du; sei asteko epea izan dute. Hala ere, aktore guztiak oso konprometituta egon direla esan du Intxaurragak: «Entseguak oso efektiboak izan dira. Horrelakoetan, esaten dut: 'Horregatik nago ni hemen'».

«Gaur egun, arte eszenikoen egoera eta merkatuaren prekarizazioa ikusita, bost aktorerekin lan egitea apustu handia da»

AGURTZANE INTXAURRAGA Antzerkigilea

Vidania konpainiaren bigarren lana da 7 urte. Lehen proiektuan ere —Agurra, 2021ean— Intxaurraga bera ibili zen zuzendari. Obra berrian, bestelakoa izan da zuzendariaren lan egiteko modua: normalean, Hika Teatroarekin egiten dituen lanetan, kontakizuna hautsita egotea izaten du gustuko —denbora saltoak erabilita, adibidez—, baina, kasu honetan, kontakizun lineal bat sortu behar izan du.

Gaurko estreinaldiaren ondoren, beste hiru emanaldi egingo dituzte: otsailaren 21ean Bergaran (Gipuzkoa), otsailaren 27an Bermeon (Bizkaia) eta martxoaren 29an Hondarribian (Gipuzkoa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.