Faborito nagusia zen, eta aurreikuspenak bete ditu. One Battle After Another Paul Thomas Anderson zinemagilearen azken filmak beste edozein lanek baino sari gehiago eskuratu ditu gaur goizaldean Los Angelesen (AEB), Urrezko Globoak banatzeko ekitaldian. Lau ataletan izan da garaile Andersonen pelikula. Komediarik edo musikalik onenaren saria irabazi du filmak, eta, horretaz gain, zuzendaririk onenarena jaso du Andersonek berak. Thomas Pynchonen eleberri baten egokitzapena da filma, eta hain zuzen ere, gidoirik onenari dagokion saria ere bereganatu du zinemagile estatubatuarrak, eta, azkenik, Teyana Taylorrentzat izan da taldeko emakumezko aktorerik onenarena.
Dramaren alorrean, bestalde, Chloe Zhaok zuzendutako Hamnet izan da garaile nagusia. Filmik onenaren saria irabazi du, baita drama film bateko emakumezko aktorerik onenarena ere (Jessie Buckley).
Urrezko Globoetako beste garaileetako bat O Agente Secreto izan da, Kleber Mendonça Filho brasildarraren filma. Ingelesez besteko filmik onenaren saria eman diote, eta drama film bateko gizonezko aktorerik onenaren garaikurra eskuratu du filmeko protagonista nagusiak, Wagner Mourak.
'Adolescence' irabazle telebistan
Zinema alorreko sariak ez ezik, telebistakoak ere ematen dituzte Urrezko Globoetan, eta, esparru horretan, Stephen Grahamek eta Jack Thornek sortutako Adolescence telesailak eskuratu du sari gehien. Erresuma Batuko ekoizpen horrek telesail laburrik onenaren saria irabazi du, baita interpretazio alorreko beste hiru garaikur ere: telesail bateko taldeko emakumezko aktorerik onenarena (Erin Doherty), telesail bateko taldeko gizonezko aktorerik onenarena (Owen Cooper), eta telesail labur bateko aktorerik onenarena (Stephen Graham).
Bestalde, The Pitt-ek irabazi du drama alorreko telesailik onenaren saria, eta The Studio-k komedia edo musikal alorreko telesailik onenarena.