«Etenik gabe/ denbora ihes/ tempus fugit./ Denborarik ez/ memento mori». 1993an sortu zuten Latzen heavy metal taldea Oñatiko (Gipuzkoa) 16 urteko lau gaztek. Bi urteren buruan kaleratu zuten euren lehen maketa: Heriotzari deika, eta, izandako arrakastari segika, 1996an argitaratu zuten Kontzientzia ala infernua (Oihuka) euren estreinako diskoa. Halaxe zioen 30 urte pasatuta ere aski ezaguna den Laztana abestiak: «Eztarriko korapil sendo hau/ nahi nuke askatzea/ kantu hau bukatzean». Eztarriko korapiloa askatzeko abesti bakarra nahikoa ez, eta beste disko bat ere plazaratu zuten: Ardi larruz (Oihuka, 1998). Hirugarren albuma kaleratu baino lehen egin zuen taldeak etenaldia, 1999an, eta 2007an itzuli ziren azken bira bat egiteko. Hortik sortu zen Hellmuga diskoa —zuzeneko bateko grabazioekin osatu zuten—; hain zuzen, Latzen taldeak 2008. urtean helmugara iritsi zela iragarri baitzuen. Denbora joan, denbora etorri, hamazazpi urteren ondoren, disko berria ondu dute: Denboraren orbainak (Maldito Records). Bihar plazaratuko dute lana.
«Kuriosoa da ez dagoela alde handirik orain dela 30 urteko abestien eta gaur egungoen artean. Orain dela 30 urteko arima bera mantentzen dugula esan nahi du horrek»
AITOR URIARTE Abeslaria eta gitarra jolea
«Denbora honetan guztian izandako orbainek —esperientzia onek eta txarrek— beste begirada bat eman digute; baina, argi eta garbi, lehengo berberak gara», ziurtatu du Aitor Uriarte taldeko abeslari eta gitarra joleak. Hamar kantuz osatutako diskoa da Denboraren orbainak, eta trasha, metala eta baladak dira nagusi. Kantuak askotarikoak eta azkarrak direla kontatu du Uriartek, baina uste du disko orekatua gelditu zaiela.
Taldeak sortu ditu abesti guztiak; eurenak dira musika eta hitzak, eta, aurten ekoitzitako lana izan arren, abestien erdiek orain 27 urte dute jatorria. Izan ere, disko bat osatuko zuten hainbat abesti gordeak zituzten ordutik, eta garai hartako grabaketa batzuk berreskuratu dituzte. Beraz, abesti batzuek orduko «arima» dute, eta besteek, erabat gaur egungoa. «Kuriosoa da ez dagoela alde handirik orain dela 30 urteko abestien eta gaur egungoen artean. Orain dela 30 urteko arima bera mantentzen dugula esan nahi du horrek», azaldu du Uriartek.

Jatorrizko lau taldekideetatik —Uriarte, Iker Martinez de Zuazo, Joxemari Azpitarte eta Gorka Lazkano— hiru mantendu dira taldean; Iker Martinez de Zuazo gitarra jolea falta da, eta Yerko Ortiz batu da haren ordez. Uriartek kontatu duenez, Lazkanok bere kabuz ekin zion lehenik bateriarekin entseatzeari, Azpitarte eta bera batu zitzaizkion ondoren, eta Ortiz gero: «Bazegoen kimika antzeko bat gure artean, eta berehala zehaztu genituen erronkak; argi genuen itzultzekotan zerbait berria sortu nahi genuela». Gasteizko Silverstar estudioan grabatu dute Denboraren orbainak, eta Iker Bengoa izan da ekoizlea.
«Bazegoen kimika antzeko bat gure artean, eta berehala zehaztu genituen erronkak; argi genuen itzultzekotan zerbait berria sortu nahi genuela»
AITOR URIARTE Abeslaria eta gitarra jolea
Durangoko Azokan izango dira lehenik, eta diskoa aurkezteko bira hasiko dute ondoren. Atarrabian (Nafarroa) dute lehen kontzertua, urtarrilaren 3an, baina agortuta daude sarrerak, baita segidan datozen hiru kontzertuetarakoak ere. Uriartek dioenez, «ohore handiz» jaso dute itzulerak sortu duen ikusmina, eta espektatibak asetzeko lanean ari direla ziurtatu du. Gainera, Euskal Herriko aretoak betetzeaz gain, bestelako jaialdi handietan ere gordea dute lekua. «Latzen gaztetxeetako talde bat zen, eta gaur egun aretoetako taldea dela esango nuke; halere, polita da jaialdi handietan izatea», aipatu du abeslariak. Sarrerak latzen.eus webgunean eskura daitezke.