«Orain arte bezala ezin bada, beste era batean jarraitzeko asmoa dugu»

Kalostrako klaustroa osatzen duten artistek diote arte eskola esperimentalak frogatu duela «behar bati» erantzuten diola.Aldundiak jarduna etengo du, Tabakalerarekiko «bikoiztasunak» saihesteko

Lehen ikasturteko ikasleetako batzuk, Kalostran, Maria Berrios eta Jakob Jakobsen artista pedagogoekin egindako saioan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Donostia
2015eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Bere historiako lehen ikasturtea hil honetan amaituko du Kalostrak, Donostiako Foru Aldundiaren babesarekin aurreko legealdian sortu eta abian jarritako arte eskola esperimentalak, aurrez jarritako helburuak beteta, arduradunek diotenez, baina aurreneko ikasturtearekin batera eskolaren historia ere amai daiteke, aldundiko Kultura Sailak eskolaren jarduna etetea erabaki baitu, «ezin direlako ahalegin ekonomikoak eta giza ahaleginak bikoiztu eta sakabanatu Tabakaleratik aparteko egitasmo garaikideekin», Denis Itxaso Kultura diputatuak joan den larunbatean El Diario Vasco egunkarian adierazi zuenez. Egoera ikusirik, Kalostrako irakasle klaustroa osatzen duten artistak proiektuarekin aurrera jarraitzeko ahal duten guztia egiteko prest daude, haietako batek, Asier Mendizabalek, adierazi duenez: «Eskola aurrera eramateko gai garela, eta eskolak behar bati erantzuten diola frogatu dugu ikasturte honetan, eta gu, gure konpromisoa berretsiz, saiatuko gara proiektuarekin aurrera jarraitzen, ataka politiko-administratibo egokiaren zain egon gabe. Ez bada posible orain arteko lekuan eta moduan jarraitzea, gure asmoa da beste modu batean jarraipena ematea».

Mendizabalek ez du bat egiten Itxasok eskolaren jarduna etetea arrazoitzeko aipatutako bikoiztasunaren argudioarekin. «Tabakalerak beti izan du beste logika bat», Mendizabalen ustez, «jendartean nolabaiteko mediazio edo zubilana egitekoa, kulturaren arlo edo esparru zabalago eta orokorrago batean. Gure eskola askoz ere gauza konkretuagoa da. Hasieratik esan genuen gurea eskola bat izango zela, praxiari begiratuko ziona, eta horrek ikusgarritasuna ez baizik justu kontrakoa eskatzen du: ezkutuan lan egitea, edo egoera itxiago batean, behintzat. Kalostra haztegi bat da, laborategi bat, azken batean. Horrek, printzipioz, daukan funtzio orokorrarekin, ez dauka zertan Tabakalerarekin bikoiztasunik sortu».

Arte eskola esperimentalaren proiektua Tabakaleran integratzeko aukera kontuan hartu dutela adierazi du Itxasok, baina halakorik ezin dela aurreikusi epe laburrean, «aurreko legealdiko politikariek ez zutelako aukera hori aurreikusi, nahiz eta jakin bi ekimenek bakoitzak bere aldetik jarraitzea ezinezkoa izango zela, desiragarria ez izateaz gain».

Arte eskola esperimentalak, aurrerago, Tabakaleran lekua izan dezakeela uste du Mendizabalek, baina horrek eskolaren jardunean eten luzeegia ekarriko lukeela, oraindik ez delako uztartze hori nolakoa izango litzatekeen planteatu ere egin. «Orain hasiko bagina proiektuaren balizko moldaketa bat pentsatzen, Tabakaleraren espazioekin, baldintzekin eta aurrekontuekin moldatzeko beste aukera bat pentsatzen, epeak ez lirateke eskola dagoen bezala jarraitzeko modukoak izango. Horrek eten bat ekarriko luke, gerora agian Tabakaleran beste modu batean proiektua hasteko. Hori gure aldetik oraingoz ez dela posible ikusi dugu, eta halaxe ikusi du Tabakalerak ere».

Eskolaren aldeko konpromisoa guztiz bereganatua dute klaustroa osatzen duten artistek, Mendizabalek dioenez. «Artistak garenez gero, konpromiso batera interpelatu zaigu, eta guk interpelazio hori gure erantzukizun pertsonal moduan hartu dugu, eta guk diodanean proiektua lehen unetik sustatu dugunok diot: Jon Mikel Euba, Sergio Prego, Itziar Okariz eta laurok. Proiektu horretan geuk sartu dugun eszepzionalitate hori, interpelatu zaigunez jarri dugun konpromiso berezi hori, aurrera eraman behar dugu ezinbestean».

«Espektatibari erantzunez»

Ez daki Mendizabalek horretarako «zer konplize edo bidaide» aurkitu ahal izango dituzten aurrerantzean. «Baina hasi gara begiratzen beste erakunde batekin edo beste modu batera egiteko aukerak aztertzen, agian egitura arinago batekin ere bai behar izanez gero, baina ikasitakoa eta egindakoa kontuan hartuz, eta, batez ere, sortutako espektatibari aterabide bat emanez».

Sortu den espektatiba ez da neurtzen, Mendizabalek dioenez, soilik barnera begira, hots, eskolak sortu duen etekinari begira. «Eskolak, eredu moduan, arreta eta jakin-mina piztu du kanpoko hainbat lekutan, eta hori alferrik galtzea ere disparatea litzateke».

Donostiako Santa Teresa komentuaren eraikinean du egoitza Kalostrak, eta hamabost ikasle ari dira parte hartzen, apirilaren hasieraz geroztik, lehen ikasturtean. Artistek artistekin ikasteko pentsatutako eskola da, eta klaustroa osatzen duten irakasleak ibilbide oparoa eta aitortua duten artistak dira. Artearen ikuspegi zabal batekin, diziplina guztietara dago zabalik, ez du inolako mugarik ezartzen alde horretatik. Ez du ikasleen lana akademikoki ebaluatzen, eta ez du ikasturtearen amaieran inolako titulurik ematen. 2015erako, 175.000 euroko aurrekontua esleitu zion aurreko legealdiko aldundiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.