«Hasieretan, Organo Zikloa txikia eta bazterrekoa izango zelako ustea nuen. Baina ez. Organoak publiko sutsua du». Hala azaldu du Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendari artistiko Patrick Alfayak; baina, urteetan publiko sutsua izanagatik ere, antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengo Organo Zikloaren helburua «hesiak kentzea» eta organoa «entzuleria zabal batekin» lotzea izango dute. Horretarako, pasa den igandetik hasita hilaren 13ra bitarte iraungo duen programa abiatu dute, baina xedea ez da soilik organoa entzutea izango, «diziplina arteko elkarrizketak» proposatu baitituzte; hain zuzen, dantzarekin, txistuarekin, kantu koralarekin eta beste hainbat instrumenturekin uztartuko dute organoaren hotsa. Orotara, hamalau doako kontzertu emango dituzte: horietatik bost Donostian, eta beste zazpiak Gipuzkoako beste herri batzuetan; zehazki, Ataunen, Deban, Tolosan, Azpeitian, Azkoitian, Usurbilen eta Bergaran.
Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikan elkartu dira aurtengo Organo Zikloa aurkezteko, eta Ana Belen Garcia Musika Hamabostaldiko Nazioarteko Organo Zikloaren eta ikastaroaren koordinatzaileak historikotzat jo du edizio hau: «Zorte handia dugu. Ez da ohikoa horrenbeste talentu elkartzea». Donostiako eliza nagusian bertan dagoen organoaren inguruan elkartu dira datozen egunotan kontzertuak emango dituzten hainbat artista, eta organo horren inguruan elkartuko dira gaurtik abuztuaren 7ra bitarte egingo duten Organo erromantikoari buruzko nazioarteko 42. ikastaroko ikasle izango direnak ere. Guztira, 25 ikasle izango ditu ikastaroak —bertakoak nahiz nazioartekoak—, eta Thomas Ospital edukiko dute irakasle, besteak beste; Parisko Saint-Eustache elizako organo handiaren organista titularra da Ospital. «Niretzat plazera da berriz ere bertan egotea, batetik, Euskal Herrian dugun ondarea partekatzeko, baina baita mundu osotik datozen gazteei gure kulturaren eta instrumentuen berri emateko ere», esan du.
Zikloa antolatzeko garaian hiru mugarri izan dituztela zehaztu du Garciak: organoaren ondarea osatzen duten «aparteko» hamabi instrumentuak, instrumentua joko duten hamabost organistak, eta kolaboratzaileen sare zabal bat. Esaterako, kolaboratzaile horietako batzuk Edu Muruamendiaraz dantzaria eta Iñaki Etxepare biolontxelo jotzailea dira. Lehenak, Ospitalek organo kontzertua eman bitartean dantzatuko du, gaur arratsaldean, basilikan, eta bigarrena Garciarekin batera ariko da eskuz esku, igandean, Donostiako Iesu elizan. «Aintzat hartu nahi dugu gure organo ondarea, eta kontzertu bakoitza instrumentuaren neurrira diseinatu da, baita interpretatzaile bakoitzaren espezialitateren arabera moldatu ere. Horregatik, emanaldi bakoitza berdingabea izango da», ziurtatu du Garciak.
Torrenten omenez
Erakusketa bat eskainiko diote Montserrat Torrent organista kataluniarrari, haren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko: Montserrat Torrent. 100 urte musikaren zerbitzura izena darama erakusketak, eta ikusgai egongo da Koruko Andre Mariaren basilikan, abuztuaren 14ra bitarte. Aldi berean, konferentzia bat eman du gaur Oriol Perez Treviño musikologoak. Euskaraz hartu du hitza, eta zera esan du: «Benetako ohorea da niretzat Donostian egotea eta Montserrati buruz hitz egiteko aukera izatea». Izan ere, lehen aldia da Montserrat Torrenti buruzko hitzaldi bat ematen dutela Herrialde Katalanetatik kanpo.
Torrentek 100 urte bete baditu ere, kontzertuak ematen segitzen du.