Organoari puntuka

Monica Melcova organista Alaia Martinekin eta Andoni Egañarekin batera ariko da gaur, Musika Hamabostaldiaren barruan, Usurbilen

Monica Melcova organista artxiboko irudi batean. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Nagore Garmendia Artano
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Ez da bertsoek organo doinuekin bat egingo duten lehen aldia; bai, ordea, Donostiako Musika Hamabostaldian. Aspalditik zuen pentsatua Ana Belen Garciak, jaialdiko organo zikloaren koordinatzaileak, horrelako kontzertu berezi bat prestatzea, eta, hala, organoa jende gehiagorengana iritsaraztea: «Organoa orkestra bat da, eta edozein formatutan ager daiteke», azaldu du. Usurbilgo (Gipuzkoa) Salbatore elizak Monica Melcova organista eta Alaia Martin eta Andoni Egaña bertsolariak hartuko ditu gaur, ordubete inguruz, 20:00etan hasita. «Kontzertua oso interesgarria izango da. Badakit, aldez aurretik, emanaldia zoragarria izango dela», adierazi du Garciak.

Eslovakian jaioa da Melcova, eta 5 urterekin hasi zen musikan. Kosiceko kontserbatorioan pianoa eta organoa ikasi zituen, eta, gerora, Vienan eta Parisen jaso zuen formakuntza. Hainbat lehiaketatan parte hartu du, eta zenbait sari jaso; esaterako, Austriako Gobernuak Bikaintasun Saria eman zion 1999an.

Hala, ibilbide zabala izan du bakarlari gisa, Europa osoko eta Japoniako tribuna eta kontzertu areto ospetsuenetako batzuetan jo baitu organoa; besteak beste, Parisko Notre-Damen, Saint-Sulpicen eta La Madeleinen, eta Vienako Musikvereinen eta Stephansdomen. Gaur egun, inprobisazioko irakaslea da Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, eta baxu jarraitukoa Katarina Gurska goi mailako ikastetxean, Madrilen.

Aurtengo Donostiako Musika Hamabostaldian,Usurbilgo Mutin / Cavaille-Coll organoari eskainitako kontzertu bat egingo du Melcovak, Egaña eta Martin bertsolarien laguntzaz. Organoarekin batera, inprobisazioa izango da protagonista; izan ere, Melcova aditua da musika inprobisatzen, eta halaxe aritzen dira bertsolariak ere, hitzekin. Organoaren historia berezia izango dute abiapuntu, eta han entzungo den guztia momentuan bertan inprobisatua izango da. Martinek eta Egañak organoari kantatuko diote, eta, haiek amaitzean, Melcovak joko du. Bertsolariek erabilitako melodiekin eta Garciak emandako beste batzuekin inprobisatuko du organistak.

Lehen aldia

Melcovak sarritan musikatu izan ditu filmak, inprobisatuz; bertsolariek sarritan egin dituzte saio musikatuak. Hala ere, horrelako elkarlan bat egiten duten lehen aldia da hirurentzat. «Organistak oso profesionalak dira. Bertsolariak ez gara musikan adituak», adierazi du Martinek. Halaber, «jakin-minez» eta «konfiantza handiz» onartu zuten bertsolariek Garciaren proposamena. «Normalean ez daukagu horrelakoak egiteko aukerarik».

Garciak azaldu duenez, oso zaila izan da harentzat aurtengo aldirako bertsolariak aukeratzea; Euskal Herrian dagoen bertsolari sarea «bikaina» iruditzen zaio, eta aurten Martin eta Egaña arituko diren gisan, datorren urtean beste batzuen txanda izango da. Inprobisatzaileen lana azpimarratu nahi izan du zikloaren koordinatzaileak, eta kontzertuan parte hartuko duten artisten ausardia eta maila nabarmendu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.