Haur eta Gazte literatura

'Orkestra zooragarria' albumak irabazi du Etxepare saria

Gotzone Butron idazleak eta Aitziber Raya ilustratzaileak ondu dute ‘Orkestra zooragarria’ albuma. Musika eta fantasia bikain uztartu izana eta istorio dibertigarri eta hezitzaile bat sortu izana goraipatu ditu epaimahaiak, besteak beste.

Gotzone Butron eta Aitziber Raya Etxepare sariaren irabazleak, lore sorta bana eskuan. ETXEPARE
Gotzone Butron eta Aitziber Raya Etxepare sariaren irabazleak, lore sorta bana eskuan. ETXEPARE
garbine ubeda goikoetxea
2025eko ekainaren 30a
15:27
Entzun 00:00:0000:00:00

29 lanen artetik gailendu da Orkestra zooragarria, Gotzone Butron idazleak (Urduliz, Bizkaia, 1965) eta Aitziber Raya ilustratzaileak (Murgia, Bizkaia, 2001) ondutako proiektua. Halaxe azaldu du epaimahaiak: «Musika eta fantasia bikain lotzen ditu, umorea ere txertatuz eta istorio dibertigarria bezain hezitzailea sortuz». Nabarmendu du, gainera, «begiekin gozatzeko» ez ezik «belarriekin entzuteko» ere badela Orkestra zooragarria. Nafarroako hamasei toki entitatek antolatzen dute urtero Etxepare saria, euskara zerbitzuen bidez; tartean dira, besteak beste, Oiz, Antsoain, Atarrabia, Barañain, Baztan, Burlata, Esteribar eta Galar Zendeako udalak.

Ariak kantatzen dituen ama bat du protagonista nagusia albumak. Musikarako dohainaz gain, bestelako ahalak ere baditu ama horrek: esaterako, egunerokoa itzulipurdikatzekoa eta animalien artean ausartenak ere liluratzekoa. Alde horretatik, «gizakiak eta piztiak mundu paraleloetan agertu beharrean biak harremanetan jarri izana» txalotu du epaimahaiak; baita musika klasikorako egindako gonbita ere.

Argumentuaren haria partitura bat da, eta hiru kantak osatzen dute albumean aurrera egiteko funtsa. Irudiek ere epaimahaiaren txaloa jaso dute: «Oso onak dira: testuarekin guztiz bat datoz». Albumaren amaieran QR kode batzuk erantsi dizkiote istorioari Butronek eta Rayak, albuma irakurri bitartean musika aditu ahal izateko. Toki, hizkuntza eta kultura asko aipatzen dituzte, bestalde, eta hori onuragarritzat jo du Etxepare sariko epaimahaiak: «Hori dena haurren heziketa ez tradizional batekin bateragarria dela erakusten du».

Azkenik, epaimahaiak hitz hauek esan ditu albumak sortzen duen inpresioaz: «Gozatu. Agian horixe da albuma ongien deskribatzen duen aditza, funtsean, egileek testu-ilustrazio eder eta bihurrien bitartez, orekan eta harmonian, horixe eskaintzen baitute: gozamena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.