Urtero legez, Mapamunditarrak erakusketa proiektuaren hitzordua gurean dugu berriz, urteroko egutegiari leial. Badira erantzun borobil eta itxiak ematera datozen erakusketak, baina ibilbideak erakutsi ohi digu komisariotza proiektu oro, funtsean galdera batekin hasten dela. Hala, aurtengoan transmisioa eta genealogiak jarri ditu erdigunean Alex Bauresek. Oraina eraikitzean oroimenak berekin dakarrenaz dihardu, beraz, aurtengo edizio honek. Bide horretan, mostra konposatzen duten lanak denboraren materialtasunarekin jolasten dira, eta aditzera ematen dute memoria eraldatzen ari den materia bizi bat dela.
Ehuntzen den soka azpitituluarekin, Ziudadelako Mistoen Aretoak Laurita Silesen, Pauline Cholieren, Alba de la Portillaren, Odolkien Komunitatea kolektiboaren, Iratxe Jaioren eta Victor Forniesen piezak biltzen ditu. Guztiek genealogien arteko loturaren inguruan josten dituzten euren konposizioak, eta ikusleak oso era argian deszifratzen ditu.
Bada, ezin da ukatu espazioaren egituraren zailtasunak agerikoak direla. Mistoen Aretoa bezalako eraikin historiko baten berezitasun arkitektonikoek zenbaitetan ibilbidea mugatzen baitute. Ondorioz, faktore horiek instalazio bakoitzari espazioan egokitzeko ahalegin gehigarri bat eskatzen diote elkarrizketa bisuala galdu ez dadin. Dena dela, muga fisiko horien gainetik obrek beren bidea egiten dute beren barne diskurtsoen bitartez.
Espazioan barneratu orduko, lehenengo gelan, Laurita Silesen lanek egingo digute harrera. Pieza horiek artilezko ehunak transmititzen duen xamurtasunarekin konektatzeko ahalegina egiten dute, artistak landa eremuko iruditeria hori bere familiaren ibilbide historikoarekin estuki lotzen baitu. Artelanetan forma, hitz eta irudi ezberdinak josten dira, familiaren aniztasun identitarioari erreferentzia eginez —frankismo garaian Tangerrera erbesteratu eta 80ko hamarkadara arte han bizi izandakoaren ondorio dena—. Hala, historia familiarra eta artxibo pertsonala uztartuz, bizitzaren memoria mapa bat aurkezten digu egileak.
Oroitzapenaren zirrikitu ezkutatuetan barneratzen gaitu baita ibilbidearen hurrengo geldialdiak ere. Eta hor, nahi gabe ere, jolasa azaleratzen zaigu. Jolasa eta begirada afektiboa. Pauline Cholierren bideoa agertzen baita, artista bera bere aitonarekin elkarrizketan ikusten dugularik. Aitonak gazta egiteko pautak azaltzen dizkio bilobari haren Korsikako etxaldean dauden bitartean.
Haren alboan, Alba de la Portillaren esku hartzea kokatzen da. Kasu honetan ere, artistaren aitonarekiko lotura da lanaren abiapuntua, hura zurgina baitzen. Piezara gerturatzean, ibilbidea zeharkatzen duen zurezko egitura luze batekin egingo dugu topo. Aitonaren egiteko moduen transmisio horri eutsita, artistak iraganeko zenbait objektu ezkutatu ditu bertan; hala, ikusleak egituraren zirrikituetara hurbildu eta bertan geratzen denean soilik deskubritzen ditu haren misterioak. Begiraden dialektika horretan artistaren eta ikuslearen arteko joko bat sortzen da.
Jolasa ere argi eta garbi sumatzen da goiko solairua betetzen duten pinturetan, pertzepzioaren eraldatzearen erakusleiho ezin hobe gisa. Lan horiek Odolkideen Komunitatea kolektiboak ondu ditu, hots, gurasoek eta seme-alabek osatutako taldeak. Hamar urtez, behin eta berriz habitatu duten Mediterraneoko ingurune naturalaren eraldaketa irudikatu dute beren margoetan. Izan ere, paisaia hori margotzeko ekintza urtez urte errepikatzean, agerian geratzen da lekuaren beraren mutazioa ez ezik, begiratzen duen egilearen pertzepzioaren eta begiradaren eraldaketa ere. Dena isurtzen da.
Erakusketak aurrera egin ahala, garrantzi berezia hartzen du belaunaldi zaharrenen oroitzapenei eusteko ahaleginak. Iratxe Jaioren pelikulan, adibidez, oroimena galtzen ari den aita da protagonista. Ihes egiten dion memoria horri heltzea da lanaren asmo nagusia; artistak argi erakusten digu nola zerbait izendatzea haren existentzia bermatzeko bidea den, euskara ahanzturari aurre egiteko eta transmisiorako tresna bihurtuta. Bide kolaboratibo horri jarraikiz, Víctor Forniések prozesu parte-hartzaileak bultzatzen ditu, bere pieza Zaragozako Unibertsitateko Filosofia fakultateko ikasle gazteekin eraikiz. Belaunaldi ezberdinak elkarrizketan jartzen ditu, norberaren irudiari eta izateari buruzko gogoeta sakona egiteko.
Lan horiek guztiek agerian uzten dute sormen prozesu oro dela, ezinbestean, prozesu kolaboratibo baten emaitza. Halatan, erakusketa honetan ikusten dugu konposatzen duten piezak ez direla hutsetik jaiotako ekintza isolatuak, artistek beren ingurukoekin, beren iraganarekin eta belaunaldi ezberdinekin duten harreman afektiboetatik abiatzen diren sareak baizik.
MAPAMUNDITARRAK