Jendeak, oro har, zinemazalea ez izanda ere, badaki nor den John Travolta. Saturday Night Fever-eko (1977) Tony Manero diskotekako dantzaria izan zen, adibidez, eta Grease-ko (1978) Danny Zuko nerabe errebeldea. Oraindik ere mundu guztiak gogoratzen dituen pertsonaia ikoniko horiek izar bilakatu zuten aktore estatubatuarra, bere ibilbidearen hastapenetan (Englewood, New Jersey, 1954). Ia 40 urte geroago, estatus horri eusten dio bitan hautagaia izanagatik sekula Oscar saririk irabazi ez duenak. Horregatik, Zinemaldiak Donostia saria emango dio hilaren 23an. Aurtengo aldiko laugarren Donostia saria izango da, Ewan McGregor eta Tommy Lee Jones aktoreek eta Oliver Stone zuzendariak ere jasoko baitute., Hain zuzen, egun horretan bertan aurkeztuko du Stonek, Viktoria Eugenia antzokian, Savages bere azken filma. Travoltak berak eta Benicio del Torok lagunduko diote zeregin horretan, filmeko aktore nagusi gisa. Gauza jakina zen Travolta 60. Zinemaldira etortzekoa zela, baina antolakuntzak atzo jakinarazi zuen saria emango diotela. Kursaalean jasoko du., Savages ez da, ordea, estatubatuarrak egindako azken pelikula. Izan ere, Mark Steven Johnsonek zuzendutako Killing Season-en filmaketa bukatu berri du, Georgian. Robert de Niro ere, besteak beste, film horretako aktore nagusietako bat izango da. Ibilbide luzeko bi aktore, hortaz., Travoltarena The Devil's Rain (1975) filmarekin hasi zen. Joan Prather aktorea ezagutu zuen hura filmatzen ari ziren bitartean, eta haren eskutik sartu zen Zientziologiaren Elizan. Oraindik ere horko kidea da Travolta. 1970eko hamarraldiaren erdialdean dezenteko arrakasta edukitzen ari zen Travolta New Yorken, hainbat antzezlanetako aktore moduan. Eta, gainera, Welcome Back Kotter nerabeentzako telesaileko protagonistaren rola jokatzen zuen. Tartean, Let Her In abestia grabatu zuen, AEBetako irrati zerrendetako lehen postuetara iritsiko zena., Geroz eta ezagunagoa zen, beraz. Carrie eta The Boy in The Plastic Bubble-ren (1976) ondoren, Maneroren rola jokatzeko aukera eman zioten Travoltari Saturday Night Fever-en. Egunez margo denda batean lan egiten zuen 2001 Odyssey diskotekako dantzari gazteak aktore onenaren hautagaitza ekarri zion. Handik urtebetera, berriz, Sandy Olsson (Olivia Newton-John) maitemindu zuen institutuko nerabe errebeldearena egin zuen Grease film musikalean. Aktore onenaren Oscar saria irabazteko hautagaia izan zen Maneroren pertsonaiari esker. Urban Cowboy-k (1980) ere publikoaren eta kritikaren laudorioak jaso zituen., Puntaren puntan zegoen 26 urterekin. Ezin zuela hutsik egin zirudien. Staying Alive-n (1983),Saturday Night Fever-en bigarren zatian, rol nagusia jokatu zuen Sylvester Stalloneren gidaritzapean, baina filmari ez zitzaion, ez, harrera ona egin. Ondorengo urteetan burua ezin altxatuta ibili zen, eta oso film gutxitan parte hartu zuen. 1980ko hamarkadaren bukaeran eta 1990ekoaren hasieran, baina, pixkanaka burua altxatzen hasi zen, Look Who's Talking-en tankerako komediei esker. Quentin Tarantino zinemagileari esker berreskuratu ahal izan zuen, ordea, izarraren estatusa.
Hiltzaile gogoetazalea
Vincent Vega hiltzaile gogoetazalearen rola eman zion Tarantinok Pulp Fiction-en (1994). Mia Jones-Wallacekin (Uma Thurman) jatetxe bateko pistan egindako dantza saioa zinemaren historiako une gogoangarrienetako bat da. Aktore onenaren Oscar saria irabazteko hautagai izan zen berriro Travolta, baina, bigarrenez, ezin.
Eskuratu ez arren, film hark beste bultzada bat eman zion haren ibilbideari, eta oraindik puntan jarraitzen du. Hala, azkeneko hemezortzi urteotan 30 filmetan baino gehiagotan parte hartu du, era guztietako pertsonaiak interpretatuz, gainera. Oscarrik gabeko izarra da Travolta. Jasotzen duen dirua ere, zinema izarrek jaso ohi dutena: 15 milioi eurotik gora filmeko.
Oscarrik gabeko izarra
John Travolta aktoreari hilaren 23an emango diote aurtengo Zinemaldiko laugarren Donostia saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu