Dantza

Ostiralean hasiko dira Dantzan Bilaka jardunaldiak, Uharten

Larunbatera arte iraungo dute, eta Uharteko Arte Garaikideen Zentroan egingo dituzte lehen aldiz. Besteak beste, Angela Rodriguezen, Nerea Gurrutxagaren eta Jon Garridoren piezak ikusi ahal izango dira.

Dantzan Bilaka jardunaldien aurkezpena, gaur, Uharten. IÑIGO URIZ / FOKU
Dantzan Bilaka jardunaldien aurkezpena, gaur, Uharten. IÑIGO URIZ / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko irailaren 30a
15:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Presiorik eta eskakizunik gabe, eta behar diren baliabide oro eskura izanda. Sortzaile ororen ametsa izan liteke horrelako baldintzetan lan egitea. Bada, Dantzan Bilaka programak horixe bermatzen die zazpi dantzari edo kolektibori, pieza bana sor dezaten. 2007an sortu zen egitasmoa, Euskal Herriko praktika koreografikoei bultzada emateko asmoz, eta 2015az geroztik Eusko Jaurlaritzak ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartearekin elkarlanean antolatzen du. Urtebetez lan egiteko tokia eta baliabideak eskaintzen ditu Dantzan Bilaka-k, eta, prozesua bete ondoren, egindako lanak erakusteko jardunaldiak egiten dituzte. Ostiralean eta larunbatean izango dira aurtengoak, lehen aldiz Uharteko Arte Garaikideen Zentroan (Nafarroa).

Aurkezpen jardunaldi horiek urte osoko lanaren «gailurra» izango direla adierazi dute programako antolatzaileek. Shine bright like a diamond piezak irekiko ditu jardunaldiak, 19:00etan. Trikini kolektiboak sortutakoa da, eta bertako kide dira Ane Sagues, Paula Puchalt eta Izai Rodriguez. Bakoitzak solo bat erakutsiko du, eta solo horiek elkarren artean lotzeko egin duten ikerketa lanean oinarritzen da haien proposamena. 

Ondoren, Angela Rodriguezen Sonar conjunto ikusteko aukera egongo da. Inguruari entzuteko gonbidapena egiten du Rodriguezek, hain zuzen, soinua baita haren piezaren alderdirik garrantzitsuena. Lehen egunekoak amaitzeko, 20:30ean Naia Bokosen txanda izango da, eta Kean izeneko lana aurkeztuko du. Fitxa artistikoaren arabera, «den orduko desagertzen den hori gordetzeko saiakera» bat izango da. 

Idazketa eta dantza

Nerea Gurrutxagaren ikerketa performatiboarekin hasiko da larunbata. 18:00etan Pelbisa eta memoria eskainiko du; idazketa eta mugimendua uztartzen dituen proiektua. Hurrengoa Jon Garridoren Garun Null (h) izango da. «Fantasia unibertso bat» sortu du Garridok, arreta gorputzean jartzeko. 19:30ean Uribarri Atxotegiren txanda izango da Zabaldu ahoa-rekin, eta, amaitzeko, Toni Aguilerak eta Aitzol Iraolak Hammen taularatuko dute. Errebotea, ukimena eta harreman fisikoa izango dira pieza horren ardatzak.

Erakustaldi guztiek sarrera librea izango dute, aretoa bete arte.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA