Detaile bat da, baina, badaezpada, hitza hartu bezain laster ohartarazi du Bernardo Atxagak solasaldiaren asmoa ez zela Jorge Oteizari «buruz» hitz egitea, haren «inguruan» aritzea baizik. Laurogeitaka minuturen buruan, ahotsaren intonazioarekin hitzaldia bere hondarrera ailegatzear zela iradoki ahala, Oskar Alegriak eman du Oteiza iritsi ezinezko artista delako ideiari buruzko azalpena, ahots eztiz. «Harengana zoazela, irekitzen duzu ate bat, eta aurkitzen duzu beste ate bat itxita; eta irekitzen baduzu hori, beste bat ikusiko duzu atzean. Oteiza agorrezina da, errepikaezina, besarkaezina, zuk [Atxagak] diozun bezala. Baina hain zuzen ere hari darion misterioagatik gaude gu hemen, haren erruz eta hari esker. Eta haren alde». Hitzon ondotik, isilune txiki-txiki bat zabaldu da airean, eta, hari pega-pega eginda, txaloek hartu dute giroa. Bertaratutako dozenaka entzulek kale umelerako bidea hartu dute gero, guztiz ulertzen eta are ezagutzen ezinezkoa omen den oriotarrari buruzko pasadizo eta gogoeta mordo bat soinean. Baina hutsuneren bat betexeago ordurako, akaso.
Atxaga eta Alegria Iruñeko Udalak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak gonbidatuta aritu dira Oteizaren bueltan hizketan, «jiraka», Kondestablearen jauregian. Hain justu, udalak eta eskultorearen izen bereko fundazioak elkarlanean antolatutako Oteiza, ihes lerroak zikloaren barrenean egin dute solasaldia; jarduera horrek zabaldu du egitaraua, preseski, eta izen hau eman diote: Oteiza batetik bestera. 2018an ere eman zituzten molde bereko zenbait hitzaldi han-hemenka. Eta, hortaz, orduan esandakoei ahanztura geruza bat eta gogoeta fresko batzuk gehituta mintzatu dira orain Iruñean, atzera.
Hizketagaiaren zabaltasuna nabarmenduaz ekin dio solasari Atxagak. Azaldu duenez, Oteizaren eragina hain izan zen zabala, ezen «iragan mendean Euskal Herriaren bizitza osoa aritu baita haren inguruan jiraka». Euskal tradizioari loturiko zenbait elementu eta kultur adierazpideri aparteko balioa aitortzearekin bat, eskultoreak gizartera ekarritako bultzada oroitu du Atxagak, besteak beste. «Izan ere, balioak mugitzen gaitu [...]. Erresonantziarik ez duen kulturak ez du ia existentziarik, ez duelako baliorik, denontzako hutsaren hurrengo kontua delako eta ahaztu egiten delako edozein oztoporen aurrean».
«Erresonantziarik ez duen kulturak ez du ia existentziarik, ez duelako baliorik, denontzako hutsaren hurrengo kontua delako eta ahaztu egiten delako edozein oztoporen aurrean»
BERNARDO ATXAGA Idazlea
Txalapartaren kasua eta bertsolaritzarena aipatu ditu idazleak adibide nagusi modura. Iradoki duenez, ezagun da Oteizak bi-biekin erdietsi zuena. «Herri nekazari eta baserritar mespretxatu batetik arte modernoaren lekura eta abangoardiaren lexikora eraman zituen». Kasurako, gainera, txalapartak ikusezintasunetik aitortzara eginiko jauzia agerian uzteko adibidea bistaratu dute Iruñean: 1984an filmatutako bideo bat, zeinean Asentsio eta Ramon Goikoetxea anaiak ageri diren, txalaparta zer den esplikatzen, ezaugarri oinarrizkoenetatik abiatuta, guziz ezezaguna balitz bezala.
Operazio komunak
Bestalde, bertsolaritzaren zabalpenari buruz, detaile hau nabarmendu du idazleak: Oteizak Xalbadorren irudi bat paratu zuen 1963an argitaratutako Quousque tandem…! saiakeraren azalean. «Eta zer zen bertsolaritza orduan eta are lehenago, XIX. mendean? Bertsolaritza ez zen ia ezer. Baina beste teoria bat zeukan Oteizak, beste sentsibilitate bat».

Oteizaren «operazioak» eta sentsibilitatea anbizio politikoarekin txirikordatua ere bazeudela argitu du Atxagak. Eta ezin saihestuzkoa izan zaio orduan Gabriel Aresti ere solasera ekartzea, Oteiza haren ispiluan jartzeko. «Arestik ere eman zion balioa aurretik beste inork ematen ez zionari, erabat baztertuta eta ahaztuta zeuden formei-eta...»; hala azaldu du bi artistek zeukaten lehenbiziko ezaugarri komuna, ikuspegi poetikoa ere jarri du adibide, eta beste hau aipatu du segidan: «Kanpoan baino etsai handiagoak eduki zituzten etxe barruan». Arestik zein Oteizak «ildo profetikoa» hartu zutela azpimarratu du Atxagak: «Alegia: biak ziren protestariak, eta salatu zituzten gizartean gertatzen ziren desmasia eta injustiziak».
Bestalde, eskultoreak eta poetak bizialdian izandako loturaren erakusle da Arestiren Harri eta herri (1986) bildumako Q: Profeta bati (Jurgi Oteitzari azaldu nahirik). Hain justu, hark ere «profeta» izendatu zuen oriotarra orduan, noiz eta Arantzazuko apostoluen harira jendea kontra ari zitzaionean. Honako hau idatzi zuen, besteak beste, ildo berean: «Jurgi Oteitzak/ lurrarekin hitz egin zuen;/ nik eztut holakorik sinesten,/ baina hala ere/ egia dela/ dakit./ Jurgi Oteitza ezpaita gizon bat,/ Jurgi Oteitza gizonago bat baita;/ azken bolada honetan pentsamentura ekarri naute/ hura/ profeta bat/ dela».
Hurbilekoa urrunerako
Alegriak hainbatetan izan du Oteizaren lantegi eta liburutegian murgiltzeko «suertea»; hala definitu du izandako aukera, hain zuzen. Aspaldi hurbildu zen haren obrara estreinakoz, eta urte luzez garatu dituen ikerketek ere sarri eman diote harekin tematzeko motiboa. Oteiza, 14 apostolu film laburra du oriotarri buruzko azken sorkuntza lana, baina Oteiza al margen (Oteiza marjinan) lana eman zuen lehenago, 2017an: liburu bat da, Oteizak bere irakurgaien orrialdeetako marjinetan idatzitako oharretatik abiatuta idatzia.
«Niretzat, poeta eta aldi berean politikoa den norbaiten definizioa da [Oteiza]: besteontzako ikusezina den hori ikus dezake, sakratua den hori»
OSKAR ALEGRIA Zinemagilea
Edonola ere, Iruñeko hitzaldian, eskultorearen begiradan jarri du arreta Alegriak, batez ere. Eta, horretarako, orain dela urte batzuk ustekabean eginiko aurkikuntza batekin abiatutako anekdota ekarri du gogora. «Kortsario baten gisara, kofreak aurkitzen ditut batzuetan; eta hau ez zen atariko haizea izan», hasi du kontakizuna. Espero gabe, Oteizarenak izandako bi betaurreko zorro aurkitu zituen Alegriak, eta bakoitzaren barrenean zer tankeratako antiojoak zeuden adierazteko ohar bana zuten idatzita kanpoaldean: batak, Leer (Irakurri); besteak, Lejos (Urrun). Ordea, Alegriaren esanetan, eskultoreak aldrebes erabiltzen omen zituen, nahita. «Eta hemen dago, niretzat, Oteiza definitzeko formula bat. Horrela baitzen kapaza urrunean, paisaia zabal batean, horizonte galdu batean, detaile txiki bat ikusteko; eta kontrara hurbileko gauzekin: irakurri, eta lerroen gibelean dagoen hori deskubritu zezakeen». Errematea ere eman du Alegriak: «Niretzat, poeta eta aldi berean politikoa den norbaiten definizioa da hori, besteontzako ikusezina den hori ikus dezakeenarena. Are gehiago, sakratua den hori ikus dezakeen batena; hori egiteko kapaza baitzen Oteiza».
Oteizari buruz Iruñean antolatutako jarduera zikloak otsailaren 18an izanen du segida: Miguel Sanchez-Ostizek Oteiza, poeta maverick izeneko hitzaldia emanen du. Bestalde, martxoaren 4an Capi Corralesek Oteizarekin jolasean tailerra gidatuko du; martxoaren 11n, Idoia Leatxek esku hartze artistikoa eginen du jendaurrean —Filet Mignon izenarekin aurkeztu du lana—, eta, bukatzeko, martxoaren 18an, Musika, eskultura, arkitektura… «dena da berbera», Oteizak dixit solasaldia emanen du Elixabete Etxebestek. Jarduera guztiak Kondestablearen jauregian eginen dituzte.