Kritika. Zirkua

Otxotorena

Agus Perez.
2025eko abenduaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

maluta jaialdia

Konpainia antolatzailea: Ganso & Cia. Zeremonia gidaria: Gorka Ganso. Zirku artistak: Kaxpi, Dama Beltza, Fumezing, Rossomore Duo, Hillary. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa (Bizkaia). Eguna: Abenduak 27.

Urte bakoitzeko azken egunetan aukera ederra dugu zirku eszenikoaz gozatzeko Maluta jaialdiari esker. Ganso & Cia konpainia bizkaitarrak antolatzen du emanaldia, eta lehen urtetik darabilten eskemak primeran funtzionatzen du: ordubeteko emanaldian zenbait herritako konpainia txikiek edo artista bakarrek beren espezialitateko zirku-saioak jokatzen dituzte eta haien artean, baita hasieran eta amaieran ere, Ganso & Cia konpainia antolatzaileko kide batek edo bik hitzik gabeko saio laburrak eskaintzen dituzte, denen arteko hari eroalearena eginez.

Edizio honetan Gorka Gansok jardun du bakarrik, pakete banatzaile txatxuaren rolean eta udaltzainek jarritako trafiko-isunak jasotzen —ez dut hemen esango zer gertatu den gero isunekin—, bere posta zerbitzuko poltsa horiarekin eta pip egiten duen makinatxoarekin eta guzti. Eta bai, paketeak banatu ditu ikusleen artean, jasotzailearen izen-abizenak ozen esanez, baina Otxotorena delako bat ez zen agertzen, eta horrek parada eman dio esketx batetik hurrengorako lotura ezartzeko.

Aurtengo edizioa Kaxpi izeneko artista nafarrak zabaldu du soka bertikalean egindako eboluzio ausartekin eta berrikuntzaren bat txertatuz, hala nola bi eskuak aldi berean askatu eta sokari berriro oratu altueratik erori baino lehen. Gaualdiko bigarren artista —Dama beltza argentinarra— pakete banatzaileak ekarritako uztaiekin jolastu da era hipnotikoan, halako moldez non une batzuetan bazirudien uztaiek kontrolatzen zutela haren mugimendua, eta ez alderantziz.

Hirugarren lekuan Fumezing italiarrak bere trebetasunen erakustaldia egin digu hiru saskibaloi koloretsurekin balentria eta figura ezinezkoak eraikiz baloiekin bueltaka eta era askotako malabareak esfera handi haiekin eginez. Jarraian etorri den bikotea —Rossomore duo— Kanariar uharteetako gizonezko batek eta italiar emakume batek osatua da, eta bien arteko akrobazia garbietan umore oneko gag txikiak eta dantzaren izaera koreografikoa txertatu dituzte.

Eta amaierako saioan etorritako Hillary txinatarrak maiteminduta utzi gaitu diaboloekin egindako ariketa harrigarriekin. Zuriz jantzita, irribarre zabala aurpegian eta musika egokiak lagunduta, jainkosa baten moduan jardun du, keinu-ekonomia handiarekin eta dotorezia naturala eskuzabaltasun handiz oparituz. Harekin eta Otxotorena famatuaren agertze irudimentsuarekin bukatu emanaldia, eta kaleko hotzera abiatu gara, bihotzak bero eta gogorapen onetako berokian bilduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.