Oz-en trikimailuak eta beste

Eider Rodriguez eta Belen Gopegui idazleek solasaldia egin dute 'Txekhov vs Shakespeare' proiektuaren harira. Kritikatu dute beren liburuan Ozen hitzaurrea sartu izana beraiek jakin gabe

Belen Gopegui, Leire Palacios moderatzailea eta Eider Rodriguez, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2016ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gatazkari eta literaturari buruz hitz egitean Amos Oz idazleak agertzen duen ikuspegiarekin ez datoz bat Eider Rodriguez eta Belen Gopegui. Gatazken inguruan ekidistantziaz mintzo dela uste dute, abstrakzioaren anbiguotasunetik. Horregatik, ezustekoa hartu zuten, txarrerako, haien liburua inprimatuta ikusi eta Ozen hitzaurrea topatu zutenean. Eta hala adierazi zuten atzo bi idazleek, D2016ren Txekhov vs. Shakespeare proiektuaren harira Donostiako Aquariumean egin zuten solasaldian.

Rodriguezek, Gopeguik eta Euskal Herriko nahiz nazioarteko beste hamalau idazlek parte hartu dute egitasmoan. Zortzi idazle-bikote osatuta, elkarri gutunak idazten aritu dira, literaturaz eta gatazkez hitz egiteko. Bikote bakoitzaren gutun bidezko elkarrizketa horiek liburu banatan argitaratu dituzte orain —guztiek daramate Ozen hitzaurrea—, eta jendaurreko solasaldiak ere ematen ari dira, bikoteka. Leire Palaciosek gidatu zuen Rodriguezen eta Gopeguiren artekoa. Eta hain zuzen ere, Ozen ikuspegia kritikatuz hasi ziren berena azaltzen. «Akordioaren defentsa proposatzen du, baina abstraktuan; absurdoa da, eta gainera zaila da horri kontra egitea», esan zuen Gopeguik. Akordio oro nola eta zein testuingurutan egin den aztertzea garrantzitsua dela deritzo idazleak, eta hortaz, Ozen planteamenduak ez duela disidentziarako tarterik uzten. «Lerro artean hitz egiten du, trikimailu asko erabiltzen ditu». Rodriguezek gaineratu zuen ez zekitela hitzaurre hori argitaratuko zenik, eta ez dakiela zein modutara, baina liburuari eragingo diola uste duela. «Gustatuko litzaidake sartuko zela jakitea, zalantzan jartzeko».

Lengoaiaren eta gatazken arteko harremanaz ere jardun zuten bi idazleek. Literaturan hitzak dituztela lanabes, baina hitz horietako asko —demokrazia, bakea...— «oso gastatuak» daudela iritzi zion Rodriguezek. Eta gatazketan, hitzez etsaia desprestigiatu nahian, lehenik mintzaira hil ohi dela, eta gero hasten direla gerrak. Hitza hiltzea dela edozein gerraren aurrekari. Gogoeta beraren harira, Zugarramurdiko museoan irakurri zuen esaldi bat ekarri zuen gogora idazleak, zirrara handia eragin ziona —sorginetan ez sinestea heresia zela esaten zuen testu bat—. «Hortaz asko dakigu hemen, nahiz eta 400 urte pasatu diren». Palestinarekiko gatazka eta israeldar agintarien adierazpenak aipatu zituen Gopeguik, «inork herri bati minbizi deitu aurretik, hori ahalbidetzen duen botere egitura bat» dagoela gogorarazteko, eta egitura hori dela hitzez lagundu ohi dena. «Hitzak zaindu behar direla dio Ozek, baina hitzak baino gehiago, egoerak dira zaindu beharrekoak».

Nondik idazten den

Mamitsua izan zen solasaldia, eta beste hamaika gai izan zituzten mintzagai bi idazleek. Tartean, nondik idazten duen norberak. Eta horrek ere baduela eraginik literaturan ondorioztatu zuten. Sanferminen osteko egunetan idatzitako gutun batean, esaterako, ikurrinaren auziak eta 19 urteko neska bat bortxatu izanak hedabideetan izandako tratamenduaz idatzi zion Rodriguezek Gopeguiri, «traba egiten duten herri batetik eta gorputz batetik» idazten ziola esanaz. Gopeguiren ustez, testu oro zeharkatzen du nondik idatzia den horrek.

Horregatik, gaiaren orokortasunetik partikulartasunetara jaistea kosta egin zaiela aitortu zuten bi idazleek. Bai gaia bera zaila delako, bai gutunek, gero argitaratu egingo zirela jakinda, hartzaile bikoitza zutelako. Zeregin horretan sufritu egin zutela, baina pixkanaka beldurra galduz joan zirela, eta azkenerako, ariketa atsegina izan zaiela adierazi zuten biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.