Pablo Berastegi izendatu dute Donostia 2016ko zuzendari nagusi

Besteak beste, PHoto Españako zuzendari eta Madrilgo Matadero zentroko koordinatzailea izan da.42 hautagairen artean aukeratu dute

mikel lizarralde
Donostia
2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Orain dela bost hilabete Itziar Nogerasen dimisioarekin hasitako krisia amaitutzat eman zuen atzo Donostia 2016 fundazioaren patronatuak zuzendari berriaren izendapenarekin. Pablo Berastegi Lozanok (Iruñea, 1968) gidatuko du aurrerantzean kultur hiriburutzaren proiektua, patronatuak berak atzo iluntzean jakinarazi zuenez.

Berastegi aukeratu dute, «proiektuarekiko, hiriarekiko eta lurraldearekiko sentsibilitate eta enpatia handia» erakutsi duelako, eta dituen «zuzendaritza eta komunikazio trebetasun nabarmenak ere» baloratu dituzte. Patronatuak komunikabideei igorritako oharrean dioenez, Berastegik Europako kultur hiriburutzei buruz duen ezagutza eta Donostia 2016rako duen «ikuspegi argia» ere kontuan izan dute: «Konpromisoa azaltzen du proiektuaren balioekiko, hau da, kultura, partaidetza, bake eta elkarbizitzarekiko».

Itziar Nogerasek hutsik utzi zuen lekua betetzeko deialdi publikoa egin zuen Donostia 2016ren patronatuak uztailean, eta 42 lagun aurkeztu ziren. Haietatik hiru izan dira finalista, eta horien artean aukeratudute Berastegi. Patronatuak adierazi duenez, aukeraketarako erabakigarria izan da kultur eta sormen esparruetan Berastegikegin duen ibilbide profesionala, baita nazioartean izandakoa ere».

Pablo Berastegik kultur ekoizpenaren alorrean lan egin du orain arte, eta hainbat esparrutan aritu da, gehienetan elkarlana eskatzen duten egitasmo handietan. PHoto España ikusizko arte eta argazkilaritzako nazioarteko jaialdiko zuzendaria izan zen 2002tik 2006ra eta La Noche en Blanco ekinbidea koordinatu zuen lau urtean, 2007tik 2010era.

2008an Madrilgo Matadero zentroko koordinatzaile nagusi izendatu zuten, eta 2012ra arte sorkuntza garaikideari lotutako gune horretan lan egin zuen. Hain zuzen, 2012ko abenduan Matadero utzi egin zuen Madrilgo beste kultur proiektu handi bati ekiteko: Conde Duque kultur zentroa. Ordudanik egitasmo horretan aritu da Berastegi.

Bost hilabete

Bazen ikusminik. Izan ere, bost hilabete zeramatzan Donostia 2016 proiektuak zuzendari nagusirik gabe. Apirilean aurkeztu zuen bere dimisioa Itziar Nogerasek, eta zuzendari postua bete gabe utzi dute geroztik. Aldi baterako zuzendaritza teknikoa izendatu zuen orduan Europako Kultur Hiriburutzaren Fundazioaren Patronatuak, eta Xabi Paya, Garbiñe Muñoa eta Enara Garcia izendatu zituen postu lan horretarako. Zuzendari nagusiaren figuraren faltan, Xabi Paya zuzendari artistikoak bete ditu zuzendari nagusiaren funtzioetariko batzuk, eta bera izan da proiektuaren aurpegia. Hain zuzen ere, Payak eta haren lan taldeak sei hilabeteko epea eman zioten patronatuari zuzendari nagusia izendatzeko.

Kezka handirik ez zuen horregatik, ordea, Kultur Hiriburutzaren Jarraipen eta Aholkularitza Batzordeak. Uztailean izan ziren Europako batzordekideak Donostian, eta pisua kendu zion gaiari Steve Green-ek. «Beste hiriburutza batzuetan ere gertatu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.