Urriaren 29tik hasi eta azaroaren 1era bitarte, hamar herrialdetako hamalau abesbatza batuko ditu Tolosako Abesbatza Lehiaketak (Gipuzkoa); 57. aldia izango da aurtengoa, eta lehiaketa ez ezik, kontzertuak, kulturarteko topaketak, eta Pablo Sorozabal konpositorearen omenezko disko baten eta liburu baten aurkezpenak ere izango dira zaleen gozagarri.
Ganbera abesbatzen kategoriak hartuko du parte hartzaile gehien. Hamar izango dira guztira: Ensemble Vocapella Limburg eta Zwozwoeins gizon abesbatza (Alemania); The Achademic Choir Toe Tomsic eta Chamber Choir Ipavska (Esovenia); Jakarta Youth Choir eta Vox Angelica Choir (Indonesia); Coro Musicanova (Italia), Ewha emakume abesbatza (Hego Korea); Mixed Choir Juventus (Letona); eta The Epiphoni Consort (Ingalaterra).
Bi modalitatetan erakutsi beharko dituzte ahalak. Euskal abestiaren eta herri musikaren modalitatetan, Eva Ugalderen Zerupeko izar abestia kantatu beharko dute ahots mistoek, eta Josu Elberdinen Besarkatu ninduzun, berriz, ahots berdinekoek. Horrez gain, euskal abesti herrikoi bat edo euskarazko testua duen sorkuntza lan bat ere interpretatu beharko dute, baita norbere herrialdeko herri errepertorioko abesti bat ere.
Polifonia modalitatean ere aritu beharko dute ganbera abesbatzek, eta horretarako hiru abesti izango dira derrigorrezkoak: Josep Olle i Sabat-en Ave Maris Stella ahots mistoentzat; Xabier Sarasolaren O Magnum Mysterium ahots zurientzat, eta Albert Alcarazen Ave Maria ahots grabeentzat. Horrez gain, garai ezberdinetako lanekin osatu beharko dute modalitateko errepertorioa: 1800. urtea baino lehenagoko konposizio batekin, 1801 eta 1980 artean konposatutako batekin, eta 1980tik aurrerako batekin.
Haur abesbatzen kategorian, berriz, lau talde arituko dira lehian: Bulgarian National Radio Children's Choir (Bulgaria), Pequeñas Voces de La Alhambra (Espainia), Saint Angelica Choir (Indonesia) eta Kajetan Children’s Opera Choir (Txekiako Errepublika). Haientzat, David Azurzaren Katalintxo izango da derrigorrezko lana. Eta euskal abesti herrikoi bat edo euskarazko testua duen sorkuntza lan bat ere kantatu beharko dute, ganbera abesbatzek bezala.
Tolosan bakarrik ez
Tolosako lehiaketan parte hartzen duten abesbatzek konpromisoa hartzen dute Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan eta Lapurdin barrena kontzertuak emateko, baita Euskal Herritik kanpo aritzeko ere. Aurten, guztira 56 kontzertu egingo dituzte abesbatzek Tolosatik kanpo.
Aurtengo aldiak Pablo Sorozabal konpositoreari eskainitako jarduera berezi bat izango du. Urriaren 24an, Abesbatza Lehiaketa inauguratzearekin batera, Sorozabalen musika koralarekin osatutako CD berria aurkeztuko dute Kea Vocal Ensemblek, Easo abesbatzak eta Marco Socias gitarra jotzaileak. Liburu bat ere eskainiko zaio Sorozabali, Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioak bultzatuta.