Panda bear & sonic boom
Pete Kember (Sonic Boom) britainiarrak eta Noah Lennox (Panda Bear) estatubatuarrak urteak daramatzate Portugalen finkatuta; herrialde horretan sortu zuten, hain zuzen, 2022an plazaratutako Reset bikaina. Bada, oraingo hau, bigarrena —formatu fisikoan baino ezin dena entzun—, estreinako eztanda koloretsu haren jarraipen naturala da. Hamar kantuotan neke digitala eta depresio orokortua jorratzen dituzte, Beach Boysen harmonietatik eta Phil Spectorren ekoizpenetatik edaten duten melodia psikodelikoen bitartez, zeinak geruza eta bukle elektronikoetatik azaleratzen diren. Ez hori bakarrik, osagai berriak ere gehitu dizkiote edabe lisergikoari, besteak beste, harpak, western kutsuko giroak, txaloak eta mariatxi ukituak. Pop barrokoa zizelkatzen maisuak dira.