Panta Rhei konpainiak harria, natura eta gorputza elkarrizketan jarriko ditu Paco San Miguelen obra ardatz hartuta

‘Harriaren arima’ lana taularatuko du bihartik larunbata bitarte Egileorren (Araba), eskultorearen tailerrean. Hainbat diziplinaren arteko elkarrizketa artistiko bat izango da, dramaturgia, dantza, musika, argiztapena eta arte performatiboak nahastuta.

Paco San Miguelen eskultura bat Egileorreko bere tailerrean. PANTA RHEI
Paco San Miguelen eskultura bat, Egileorreko bere tailerrean. PANTA RHEI
edurne begiristain
2025eko irailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paco San Miguel eskultore arabarraren ibilbideari gorazarre egiteko obra ondu du Panta Rhei konpainiak: Harriaren arima. Bihar hasi eta larunbata bitarte taularatuko du Egileorren (Araba), artistaren tailerrean. San Miguelen obrak naturarekin eta gorputzarekin elkarrizketan jarriko ditu konpainiak, diziplinarteko ibilbide artistiko batekin.

Ikuskizuna sormen kolektiboaren emaitza da. Gorputzaren inprobisazioa, dantza, testu laburrak, poemak, soinuak eta harriekiko kontaktu zuzena gidari hartuta, site specific estiloko proiektu bat ondu du Panta Rheik. «Ikusle bakoitzak bere sentimenduetatik dekodetzeko moduko bide emozionala sortu dugu», azaldu du Idoia Aiestaran Panta Rhei konpainiako zuzendariak —Emilio Pinedorekin batera zuzendu du lana—. Bartzelonako Dans Invitro kolektiboko dantzariak izango dira proiektuaren protagonista nagusiak, eskulturen artean dantza egingo baitute: «Gorputzaren mugimenduari bultzada berria eman diote».

«Bidaia kolektiboa da, baina intimoa aldi berean; artea eta gizakiak elkarrizketan jarriko ditugu»

IDOIA AIESTARANPanta Rhei konpainiako zuzendaria

Talde txikietan antolatu dituzte emanaldiak: gehienez 70 lagun saio bakoitzean. Modu horretan, ikusleek gertutik bizi izango dute esperientzia, «intimitatea eta hurbiltasuna» gorderik. «Bidaia kolektiboa da, baina intimoa aldi berean; natura, artea eta gizakiak elkarrizketan jarriko ditugu». Bihar izango dute lehen saioa, eta ostegunean, ostiralean eta larunbatean egingo dituzte besteak. Biharko saioa entsegu orokor gisa planteatu dute, eta inguruko herritarrekin eta konfiantzazko publikoarekin egingo dute; ondorengoak publiko zabalarentzako izango dira. Sarrerak Panta Rhei taldearen webgunean eskura daitezke.

Aiestaranek esplikatu duenez, Harriaren arima ez da ohiko ikuskizun baten arabera antolatuko, baizik eta emozioetan oinarritutako «bidaia» baten antzera. Hasieran, ikusleak ibilbide gidatu batean sartuko dira, gorputzaren eta espazioaren arteko elkarrizketan. Gero, libreki esploratzeko parada izango dute baso eskultorikoan, eta, azkenik, San Miguelen tailerra ezagutuko dute, artistaren laguntzarekin.

Paco San Miguelen eskultura
Paco San Miguelen hainbat eskultura ikus daitezke haren tailerreko lorategian. PANTA RHEI

Jose Migel Barandiaranen Etxe kontzeptutik eta euskal kosmobisio matriarkaletik edan du proiektuak. Aiestaranen arabera, sustraiekiko lotura horrek «benetakotasuna» ematen dio lanari, eta, aldi berean, «arketipoak eta paradigma kulturalak eguneratzen ditu, orainaldian kokatzeko». Bidegurutze horretan, San Miguelen lana egungo begiradaren sentsibilitateetatik berrinterpretatu dute, eta proposamen garaikide bat sortu, «memoria kolektiboa suspertu eta etorkizunera proiektatzeko».

Elkarren aitortza

Ikuskizunak badu beste dimentsio bat ere: belaunaldien arteko topaketa bat izan nahi du. Izan ere, 2027an Panta Rehi taldeak 40 urte beteko ditu, eta aurki beteko ditu lau hamarkada Paco San Miguelen ibilbideak ere. Nolabait, omenaldi kutsua du egitasmoak, nahiz eta omenaldi soil batetik haragoko proposamena den. «Bizirik gauden bitartean elkarri egin nahi diogun aitortza bat da».

Autodidakta da San Miguel. Carrarako (Italia) eta Jugoslavia zaharreko Arte eta Lanbide Eskolan trebatua, berezkoa duen eskultura lengoaia eratu du, abstrakzio geometrikoa, oreka formala eta zentzu metafisikoa uztartuta. Marmola, alabastroa eta harria erabiltzen ditu hartarako. Isinohana tailerra du sormenerako santutegi, eta 70eko hamarkadaren amaieratik han ondu du, neurri handi batean, naturan eta mitologian errotutako obra oparoa.

Panta Rhei konpainiak urteak daramatza naturan sortzen eta publiko berriak arte eszenikoetara hurbiltzen. 2016tik ibilbide artistikoak eta esperientzia performatiboak antolatzen ditu, artea naturara hurbilduz eta natura artera erakarriz. Hain justu ere, eskultorearen tailerra eta baserria «toki bizia» delako aukeratu du leku hori bere ikuskizunerako. Etxea bera da eskultura, oktogono formakoa, eta hektarea bateko lursailean San Miguelen 30 lan baino gehiago daude, hark eskuz landatutako baso baten erdian. «Oso garrantzitsua zen guretzat toki hau publiko orokorrari irekitzea», adierazi du Aiestaranek. «Orain arte artean aditu direnentzat eta hurbilekoentzat gordea egon da, baina guk nahi dugu ohiko ikusleak ere obrarekin esperientzia bat izatea, lanak ukitu eta ingurua bere begiekin deskubritzea», erantsi du.

«Normalean, eskultura batetik metro batera egoteko eskatzen dute, baina hemen justu kontrakoa da: harriak gure gorputzen bidez bizi nahi ditugu»

IDOIA AIESTARANPanta Rhei konpainiako zuzendaria

Eskultoreak parez pare zabaldu dizkie ateak konpainiako kideei, eta sormen prozesuan ezinbesteko gidari bilakatu da: «Haren tailerrean bizi izan gara egunotan, eta familia giro horrek asko lagundu digu sorkuntza prozesuan askatasunez sortu ahal izateko». Preseski askatasun horrek modua eman die artistei obra eskultorikoarekin modu hurbilago batean harremanetan jartzeko: «Normalean, eskultura batetik metro batera egoteko eskatzen dute, baina hemen justu kontrakoa da: harriak gure gorputzen bidez bizi ditugu, haiek ukituta eta besarkatuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.