Zineklubak

Pantailaren B aldea

Aukeratzen dituzte filmak, eta ziklo diferenteak antolatu. Aretoko argiak itzali, kontzentratu, eta proiektatu; ahal bada, pantaila handian. Kasu bakoitza ezberdina da, baina zinemarekiko maitasunak berdintzen ditu, begirada diferente horren beharrak.

Igor Susaeta.
Donostia
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Andre Bazin zinema kritikari eta teorialari frantziarraren esanetan, «lengoaia oro bezala», zinema ere «ikasi» egin behar da: «Beharrezkoa da irakurtzen jakitea, obra baten ondorio sozial, moral eta gizatiarrak aztertzen saiatu baino lehen». Zineklubek ematen dute horretarako aukera. Film kritikariek beraiek hauspotuta sortu ziren Frantzian 1920ko hamarkadan, zinema artea bihurtzeko asmoarekin. Ez ziren, ordea, filmak proiektatzera mugatzen. Haietan sakondu nahi zuten. Ikasi. Hori dela-eta, hiru une zituzten zineklub emanaldiek: filmaren beraren aurkezpena, proiekzioa, eta haren ondorengo solasaldia. Egun, Euskal Herrian, ez dago zineklub gehiegi, eta gutxi dira hiru uneei eusten dietenak. Baina, zailtasunak gorabehera, jarraitzen dute filmak aukeratzen eta horiekin zikloak osatzen. Elkartzen dira aretoetan, itzaltzen dituzte argiak, eta. ahal badute, pantaila handian ikusten dituzte filmak. Liturgia bat ere bada. Kasuak ezberdinak dira, eta zineklub bakoitzak errealitate bati aurre egin behar izaten dio. Zinemarekiko sentitzen duten maitasunak berdintzen ditu, ordea. Haien ustez balio erantsi bat daukate zineklubeko filmek, eta begirada diferente bat eskaintzen dute. Pantailaren A aldean dauden filmeek, komertzialek alegia, ematen ez dutena. Pantailaren B aldea dira zineklubak.

Europako bigarren zineklub zaharrena da FAS, Bilbokoa. 1953an sortutakoa, 140 bat bazkide ditu. «Bakoitzak 80 bat euroko kuota ordaintzen du», jakinarazi du Txaro Landak, presidenteak. Aurrekontuaren erdia baino apur bat gehiago osatzen dute bazkideen ekarpenari esker. Instituzioek (Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak), ordea, «13.000 eta 14.000 euro artean» ematen dizkiete urtero. «Baina ahalik eta autonomoenak izaten saiatzen gara». Gero, gainera, sarrera kobratzen zaie bazkide ez direnei, urte osoan, «udan ezik», asteartero, 19:45etan, Indautxuko Carmen aretoan ematen dituzten emanaldietan. 40 bat guztira. Zumarragako (Gipuzkoa) Butak21 taldeak, berriz, ez du bazkiderik. Instituzioen laguntzari esker («8.000 eta 9.000 euro artean») osatzen du aurrekontua. 2002an sortu zen. «Hasieran hamar bat kide ginen. Orain, bost baino ez», esan du Julen Arakama Butak21-eko kideak. Bi ziklo dauzkate urria eta ekaina artean, eta guztira 17 film ematen dituzte. Gutxi gorabehera 80 bat pertsona biltzen dira emanaldi bakoitzeko, ostiraletan, Zelai Arizti aretoan. «Zenbakia egonkortu egin da». FASen, emanaldietara, berriz, 200-230 ikusle artean joaten dira. Sona handiko zinekluba da. «Horregatik, banatzaileekin filmeen prezioak adosterakoan, aukera hori, gure antzinatasunarena, baliatzen saiatzen gara», adierazi du Landak. 400 bat euro film bakoitzeko. Zumarragan, aldiz, 700 inguru.

Gipuzkoan bada zineklubak batzen dituen elkarte bat, GIZIEL (Gipuzkoako Zinekluben Elkartea) izenekoa. Foru Aldundiarekin diru laguntzak negoziatzen dituzte elkartearen bidez. Ez Bizkaian, ez Araban ez eta Nafarroan ez da halakorik. Zineklubak egiteko moduak oso diferenteak dira haien artean, beraz. Gaztetxeetan egiten dira, zinemateketan, museoetan, unibertsitateetan, musika aretoetan… 35 milimetrotan, DVDak erabilita…Ibu Hots Gasteizkoa, adibidez, musika areto bat da, eta han DVDan ematen dituzte filmak. Ez daukate zinemako pantailarik. Normalean hiruzpalau hilero, asteartetan. Orain bi urte hasi ziren. «Nik eramaten ditut filmak, ordenagailu eramangarria, proiektorea… Etxean egindako gauza bat da». Amaia Zorrilla da arduraduna. Filmak doan dira, «eta, horregatik, ikusleei eskatzen zaie edan ditzatela pare bat garagardo gutxienez». 6-8 lagun baino ez dira biltzen. Araban Gasteizek zentralizatzen du zinekluben zirkuitua. 2009 arte Orhum zen erreferente nagusia. Josemi Beltran Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendaria izan zen haren arima. «Unibertsitateko errektoreordetzaren bidez kudeatu genuen hura, baina 2009an desagertu zen. Bestela, Araban, orain dela urte batzuk bazegoen zerbait Laudion eta Agurainen, baina egun….».

Nafarroan antzekoa da egoera. Tuterako Muskariak, adibidez, 1950eko hamarkadatik funtzionatzen du. «Garai bateko zineklub asko bezala, gurea ere elkarte katoliko baten anparoan sortu zen», esan du Julio Mazarico Muskariaren presidenteak. Iraila eta ekaina bitartean programatzen dute, herriko zinema areto pribatu batean. «Udalak alokatzen du». Ostegunero. Bazkideen ekarpenari esker finantzatzen dituzte zikloak. «70 bat gara, eta bakoitzak 50 bat euro ordaintzen ditu zikloko».

Publikoa, berriz, heldua da ia beti. «Gurean, adibidez, erdia baino gehiago 40 eta 55 urte bitarteko emakumeek osatzen dute», argitu du Arakamak. FASekoetan ere normalena da 40 urtetik gorakoak izatea, Tuterakoan bezala. Eta zer eskaini horiei. Butak21-ek, adibidez, ikusleak kontuan hartzen ditu. «Ikusleak behar ditugunez aurrera egiteko, haiek kontuan hartu behar dira». Eta publikoa erakartzeko, «film berriak edo nahiko berriak» hautatzen dituzte.

Zailak eta ezezagunak

Zineklubei buruz idatzi duten adituen esanetan, zineklubeko filmeek «zailak eta ezezagunak» izan behar dute, «motibo batengatik edo besteagatik». Arakama ados dago: «Saiatzen gara zikloak kontzeptu horretan oinarritzen, baina gauza asko hartu behar dira kontuan; tartean, ikusleak». Ezin dute, esaterako, zinema asiarreko ziklo oso bat egin, «jenderik ez delako joango». Horregatik, saiatzen dira «bokazio komertzial apur bat» duten filmak bilatzen, bestela haien proiektuak ezingo zukeelako aurrera egin. «Baina inoiz ez diogu kalitateari uko egin». Beltrani, berriz, pena ematen dio egoera horrek, «ordainsari hori ordaindu beharrak». Haren ustez «estrategia berriak» bilatu daitezke. «Tira, bokazio komertzial hori edukita ere, behintzat paper desberdin bat jokatzen dute». Landaren irudiko, aldiz, «beti izango da ona filmak ikusteko aukera izatea». Film horietan «intentzio bat» nabaritu behar da Beltranentzat: «Nahiz eta filmak zeharo diferenteak izan emanaldi batetik bestera. Nire ustez horrek ezberdintzen ditu zineklubak zinema komertzialeko filmeetatik». Tuteran ahalegintzen dira haien zikloetan herrialde ezberdinetako filmak ematen, «horien bidez beste kultura batzuen ezagutza eduki baitezakegu». Era berean, garrantzia ematen diete film minoritarioei eta egile zinemari. «Agian horiek dira ohikoenak zineklubetan. Eta eduki dezatela gaurkotasuna». FASen, aldiz, «ziklo irekiak» eskaintzen dituzte. «Agian begiratu bat ematen diegu eduki klasikoagoko filmeei, edo zuzendari bat gogoratzen dugu, haiekin ziklo oso bat egiten ez dugun arren. Edo orain 20 urteko film bat hartzen dugu, haren eboluzioa ikusteko. Izan ere, begiradak aldatu egiten dira...».

Zorrilla ere «begiradaz» mintzo da. «Hori hezi beharra daukagu». Hark B serie-ko filmak programatzen ditu batez ere. «Halere, denetik eman izan dut: New wave txekiarra, free cinema-koak, kontrakulturakoak…». Onartzen ditu, dena den, jendearen iradokizunak, «oinarri bat baldin badute betiere». FASekoek, berriz, banatzaileek bidalitako filmen zerrenda bat bidaltzen diete bazkideei. «Ibilbide komertzial txikia egin dutenak, eta gure ustez merezi dutenak». Aukeraketan parte hartzen dute bazkideek, eta prozesua «irekia» da.

Jatorrizko bertsioari berebiziko garrantzia ematen diote, eta hala programatu. Zumarragan, baina, %50a bikoiztuta, eta beste erdia jatorrizko bertsioan. Arakamak arrazoitu du zergatik:«Ez naiz jatorrizko bertsioaren defendatzaile sutsua. Uste dut azpitituluak irakurri beharrak, pantailan gertatzen diren beste gauza batzuk galtzea dakarrela. Eman bezala, kendu egiten dio proiekzioari».

FASen, era berean, solasaldia edukitzen dute proiekzioaren ondoren. Dena den, ez dira gehiegi ideia horri eusten diotenak. «Zineklubaren kontzeptuarentzako oso garrantzitsua da solasaldia». Normalean ordu bete edo ordu eta erdiko iraupena izaten dute FASen emanaldietakoek. «23:00ak arte. Orduan 'botatzen' gaituzte aretotik. Baina luzeagoak izan daitezke». Solasaldietara gonbidatuak ekartzen saiatzen dira. «Eremu ezberdinetakoak. Musikariak, dantzariak, arte ederretako jendea, kritikariak, zuzendariak, gidoilariak, aktoreak...». Ibu Hots-en ez dute solasaldirik egiten. «Filma bukatu eta jendea etxera joaten da hurrengo egunean lan egin beharra daukalako. Nik ezin dut zineklub bat modu ortodoxoan eraman». Zumarragan ere ez, beharbada. «Behin saiatu ginen solasaldia egiten, baina ez zuen arrakastarik eduki. Gainera, ez genuen argi. Agian, gure mugengatik. Eduki behar duzu ezagutza bat, perspektiba bat, gure artean, beharbada, existitzen ez dena. Ahal dugun tokiraino iristen gara; edo konprometitzen garen lekuraino».Antzeko zerbait gertatzen da Tuteran. «Guk ez dugu egiten. Nik 15 bat urte daramatzat, eta inoiz ez dugu egin. Garai batean, ordea, bazkide egiteko itxaron zerrenda —orduan 350 bat bazkide ziren— zegoenean, orduan bai».

«Balio erantsia»

Landaren ustez «balio erantsi» bat ematen diete solasek filmei. «Solasik gabe, zineforumik gabe, zinema komertzialeko film bat ikustea bezalakoa litzateke zinekluba». Ikusitakoari «beste zerbait» eransten dio ondorengoak. «Hori gabe, agian, hankamotz geratzen zara. Solasarekin gauza asko ikasi ditudala uste dut. Aditu bat edo etortzen bada, ikusi ez dituzun gauza asko jartzen dizkizu begien aurrean. Begirada ere hezi egiten da». Eta adibide bat jarri du: «Ingmar Bergmanen edo Manoel de Oliveiraren film bat aurrenekoz ikusten duzunean, ez dakizu zer esan, baina jendeak, bere iritziekin, begiak irekitzen dizkizu. Inguruan 30 iritzi edukitzea ona da». Beltranen iritziz ere «beharrezkoa» da eztabaida bat sortzea. Ez daki, ordea, zein izan daitekeen foro egokiena: «Aretoa bera, blogak, sare sozialak, foroak...». Zorrilla, berriz, ikusle soilaren eta adituaren arteko «hesia» hausten saiatzen da. «Ez dakit, igual ez delako ohiko zinekluba, edo ez dakit zergatik, baina gauzak modu informalagoan egitea gustatzen zait. Bide bat irekitzen dugu, eta jendeak benetan interesa baldin badu, gero bere kabuz ikertu dezake».

Bideak irekitzeaz mintzo da Ibu Hotseko programatzailea. Eta zineklubetan, normalean, bazkideei edo ikusle soilei liburuxka bat ematen zaie zikloaren informazioarekin. «Garestia da. Bota 1.600 bat euro», aitortu du Arakamak. Gero, gainera, emanaldi bakoitzeko, «aretoko orria» banatzen zaie, film horren «fitxa teknikoarekin, kritikekin, iruzkinekin...». Aurkezpena egin baino lehenago, ikusleak kokatzeko modu bat da. Zorrillak «sare sozialak» baliatzen ditu horretarako. Modernitatea. Landaren ustez, ordea, zinekluba «antigoaleko» kontu bat da jende askorentzako. «Intelektualen eremutzat ere jotzen dute askok, eta ez da hala».

Beltranek ere badaki «pertzepzio hori» dagoela. «Beharbada filmak arraroagoak, zailagoak, direlako. Zineklubek apustu hori egin dute». Argi dauka, baina, «beti» izan dela gauza «minoritarioa». Minoritarioa eta publiko jakin batentzako egindakoa; helduarentzako, alegia. «Ez dut uste garai baten gazteek aretoak betetzen zituztenik. Baina txikitasun horretan bere papera betetzen dute zineklubek, festibalek betetzen duten bezala».

Gazteak aipatu ditu Beltranek. «Interneti esker eskura daukate munduan egiten den dena. Dena. Baina ikusten dute ordenagailuan!» FASek ere badauka egiteko bat: «gazteak erakartzea». Arakamak uste du gazteek ez dutela baloratzen balio erantsia. «A priori gazteentzako ere film erakargarriak diren arren. Azkenean ez dira film bat zineman, pantaila handian, ikustearekin etxekotzen». Eta kontrapuntua jarri du: «Aldaketa digitalari esker, ordea, etxean ere filmak oso baldintza onetan ikusteko aukerak dituzte». Beltranen ustez, baina, bai filmak eta bai musika «baldintza kaxkarretan» ikustera eta entzutera ohituta gaude. «Eta filmak ez daude eginak gailu txikietan ikusteko. Balore hori defendatu beharko genuke». Landak, beste argudio bat gehitu du: «Zinema batean bestelako denbora-pasarik gabe ikusten duzu filma. Etxean ikusita, aldiz, filma geratu dezakezu ogitarteko bat prestatzeko, adibidez. Etxean beste modu batean sartzen zara filmean.». Zorrillak aitortu du, ordea, filmaren erdian «atsedenalditxo bat» hartzen dutela, «zigarreta bat» erre ahal izateko. «Familia baten modukoa da gurea».

Mazaricoren ustez «ekintza kulturala» da zinekluba, beste ezeren gainetik. «Areto komertzial batera joatea, ekintza kontsumista da askotan, edo aisialdia, kultura baino gehiago. Izan ere, egun behintzat, areto horietako gehienak merkatal guneetan daude, kontsumo guneetan». Landak argi dauka begiradaren ideia, eta horri eutsi nahi dio: «Begirada bat galtzen duzu filmak etxean ikusten badituzu, sentsazio bat». Eta begirada «hezi» beharraz mintzo da. Eta liturgiaz. «Argiak itzaltzen diren une hori...».Etorkizunera begira, berriz, «lekukoaren hartzaileak» falta direla uste du. Mazaricok beste tesi bat jarri du mahai gainean. «Instituzioek, agian, halako ekintzak babestuko dituzte, beste adierazpide kultural batzuk babestera jo duten bezala». Beltranek badaki instituzioek dagokien «erantzukizuna» dutela, «baina taldeek tira egin beharko dute gurditik. Prozesuak naturala izan behar du». Momentuz, kasuen ezberdintasunak gorabehera, begirada diferente horrek batzen ditu, liturgian elkartzen dira, eta pantailaren B aldea aldarrikatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.