Agur esaten ari zirenik ohartu gabe esan zuten agur 2011ren hondarrean elkarrekin azkenekoz oholtzaratu zirenean, eta, horregatik, oraingoan bai, erabat kontzienteki egin nahi dute azken dantza. Euskal musikagintzaren katebegi esanguratsua osatzen dute Peio Ospitalek eta Pantxoa Karrerek. Mixel Labeguerieren kantak ezagutu, eta 1960ko hamarkadan egin zuten lehen emanaldia, Baionako ostatu batean, eta Euskal Herriko historia zeharkatzen duten hamaika abesti sortu dituzte elkarrekin. Haiek sortuak dira Itziarren semea, Lepoan hartu ta segi aurrera, Batasuna... bai eta, noski, Azken dantza ezaguna ere. 1969an argitaratu zuten lehen disko laburra, eta, geroztik, hemezortzi lan kaleratu dituzte orotara. Orain, agertokira elkarrekin itzultzea erabaki dute, eta euren ondareari agur «duin» bat ematea.
Gaur Bilboko Kafe Antzokian azaldu dutenez, zaleenganako «esker onez» erabaki dute azken agur hori egitea. Eta zehaztuta daukate azken dantzarako eguna ere: Barakaldon (Bizkaia) izango da, BEC erakustazokan, 2027ko urtarrilaren 10ean. Sarrerak etzi jarriko dituzte eskuragarri, pantxoaetapeio.eus helbidean. 10:00etatik aurrera egin ahalko dira erosketak.
Hain zuzen, BERRIA kontzertuaren babeslea da, eta, hortaz, BERRIAlagunek aurretiaz eta merkeago erosi ahalko dituzte sarrerak.
«Kasik hirurogei urtez aritu gara kantuan herriz herri, eta zoriz bizi izan dugu Iparraldean nola sortu diren ikastolak, Laborantza Ganbera, sindikatuak... eta gu jende horien inguruan ibili gara beti»
PANTXOA KARRERE Musikaria
Bideo bat ere sortu dute azken kontzertua iragartzeko, eta euskal kulturgintzako aurpegi ezagun ugari ikus daitezke bertan. Tartean dira Olaia Inziarte, Martxelo Otamendi, Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe, Mertxe Rodriguez eta Jon Maia. Pantxoa eta Peiok lehen urteetan jasandako debeku eta trabak aipatzen dituzte.
«Gogo handia dut bikotea berriz plantan ikusteko», adierazi du Pantxoa Karrerek. «Festa handi bat» izango dela esan du, eta, aldi berean, hirurogei bat urtez egindako ibilbidea izan du gogoan. «Kasik hirurogei urtez aritu gara kantuan herriz herri, eta zoriz bizi izan dugu Iparraldean nola sortu diren ikastolak, Laborantza Ganbera, sindikatuak... eta gu beti jende horien inguruan ibili gara». Eta, gehitu duenez, euskararen alde bizitza eta militantzia eman dituen jende hori guztia izango dute gogoan azken emanaldian. Jadanik hilda dauden kideak ere gogoratzeko baliatuko dute saioa, zehaztu duenez. Manex Pagola eta Telesforo Monzon aipatu dituzte, tartean.
«Nik sentitu dut kantaldiz kantaldi eta urtez urte maitasun istorio bat irunez joan zela, eta azken emanaldi hori herriak gure bikoteari dion maitasuna plazaratzeko modu bat izanen da»
PEIO OSPITAL Musikaria
«Gure bikotearen ibilbideari falta zitzaion puntu bat ezartzea», gehitu du Peio Ospitalek, eta zehaztu duenez, «esker oneko kontzertu bat» izango da. «Nik sentitu dut kantaldiz kantaldi eta urtez urte maitasun istorio bat irunez joan zela. Gure errepertorioko kantu asko gelditu dira herriak bizirauteko zuen borrokaren parte gisa. Eta azken emanaldi hori izanen da herriak gure bikoteari dion maitasuna plazaratzeko modu bat». Iragan haren «berrirakurketa edo errepaso ferekatzaile bat» izango da saioa, Ospitalen hitzetan. «Elkarrekin bizi izan duguna ospatzeko».
Herri Urratseko harra
2009an argitaratu zuten azken diskoa: Beste bat deitu zuten, eta euren ibilbide osoko kantuak biltzen zituen zuzeneko bat izan zen. Hainbat kontzertu eman zituzten gerora ere, eta 2011ko abenduan iragarri zuten aldi baterako etena egiteko asmoa.
Oholtzetatik aparte samar egon diren arren, Herri Urrats jairako sortutako kanturako batu dira aurten. Dupla taldeak sortu zuen jaialdiko abestia, eta Pantxoa eta Peio ez ezik, Pisoo rap abeslaria ere aritu zen haiekin batera. Elgarrekin deitu zuten kantua, eta aurtengo Herri Urratsen bertan ere eman zuten, zuzenean, Pantxoa eta Peio ere oholtzan zirela. Horrez gainera, Azken dantza kantua ere jo zuten, eta emanaldi haren nondik norakoak kontatu zituen BERRIAk.
Ikusi gehiago
Oraingoz, 2027an BECen eman asmo duten azken saioaren berri baino ez dute eman musikariek, eta ez dute birarik iragarri. Atea ez dute erabat itxi, halere.