«Argitu behar da hau ez dela biografia liburu bat». Gotzon Barandiaran editoreak zehaztasun hori emanez hasi du prentsaurrekoa Baionan, Iñaki Etxeleku, Pantxoa Karrere eta Peio Ospital ondoan zituela. Bikote kantariaren lau hamarkadako ibilbidea idatzi du Iñaki Etxelekuk Kantari Herriari liburuan, eta hori idazteko hainbat garaitako orotariko hogei pertsonatik goiti elkarrizketatu ditu. Lekukotasun horiek bildu ondoan, Karrerek eta Ospitalek elkar ezagutu zuten momentutik egungo testuingurura bitarteko kontakizuna eraiki du kazetariak.
Kontatu duenez, Zetak taldea izan da liburuaren iturburua. Hain zuzen ere, Donostiako Illunbe aretoan egin Mitoaroa ikuskizunean kantatu zuten Karrerek eta Ospitalek, eta momentu hartan Pello Reparazen taldearekin haien ibilbidea biltzeko xedea agertu zen. Ondotik, Barandiaranek Etxelekuri proposatu zion liburua idaztea, eta hastapenetik bikote kantariaren ibilbidea garaiko testuinguruan kokatzeko xedea ukan zuten. «Euskal Kantagintza Berriaren baitan zen bikote kantari famatu honen ibilbidea testuinguru orokor batean txertatu dugu», segurtatu du idazleak.
Hori kontatzeko, bi ardatz aintzat hartu ditu. Batetik, Pantxoa eta Peioren ibilbidea osatzen duten eragin soziopolitikoak aztertu nahi izan ditu, eta, bertzetik, bikote kantariak euskal gizartean nolako aztarna utzi duen. Liburua kazetaritza lan baten gisara leitu behar dela erran du Etxelekuk, eta liburua Karrereren eta Ospitalen haur denborako testuinguruarekin hasi du. «Nahi nuen jakin, noiz eta zer baldintzatan handitu ziren, zer haurtzaro izan zuten eta zer testuinguru soziopolitikotan hazi ziren, eta bertan euskarak eta kantuak zer leku zuten». Biak gazterik apezpikutegian sartu ziren eta leku hartako puntu garrantzitsu bat azpimarratu du. «Kantu gregorianoak bazuen bere lekua eta kantuaren teknika han ikasi zuten. Buruko ahotsa atzematearen teknika ontsa esplikatzen dute liburuan».
«Euskal Kantagintza Berriaren baitan zen bikote kantari famatu honen ibilbidea testuinguru orokor batean txertatu dugu»
IÑAKI ETXELEKU Kazetaria eta idazlea
Herri pizkunde baten olde baten parte zirela deskribatu du Etxelekuk bertzalde eta, bertan, Pantxoa eta Peio kantugintzan bertze batzuei segika sartu zirela. Manex Pagolaren testuak eta Zazpiribai proiektua izan zituzten erreferente nagusi gisa eta, horrez gain, herri olde horretan Eñaut Etxamendi dagoeneko kantuan hasi zela zehaztu du. Ez Dok Amairuko kideak ezagutu izana funtsezkotzat jo du bi kantarien ibilbidean, baina baita Amaia taldearen garrantzia ere azpimarratu du. «Enbatak ase ez zituen gazte batzuk ziren hain segur talde hartan, eta pizkunde garai hortan talde hori sortu zuten formakuntza talde gisa». Amaia taldearen gaualdi batean, gainera, Telesforo Monzon ezagutu zuten, eta hortik atera ziren Lepoan hartu ta segi aurrera edo Itziarren semea kantuak, errate baterako.
Ondotik, urte batzuk berantago, Ipar Euskal Herriko lehen ikastola sortu zen urtean —1979an— eman zuten lehen kantaldia antolatzeko Ana Intxaustiren laguntza aipatu du Etxelekuk. «Orduko manager lanetan ibiltzen zen, eta, hain zuzen ere, haren etxe Intxausti-Baitan egiten zituzten bilkurak». Kantaldiek mugimendu politiko orokor bat mugitu zutela esplikatu du, eta mitin politiko gisako ekitaldiak izaten zirela.
Elkar argitaletxearen sorreran ere parte hartu zuten Karrerek eta Ospitalek, eta haien lehen disko luzea ekarpen «interesgarria» izan zen argitaletxearentzat, gehien saldua izan zelako garai hartan. Eta horrekin batean Hegoaldeko giroa ezagutu zutela erran du idazleak. «Frankismo bukaeran Hegoaldea kaldan zegoen, eta testuinguru horrek garrantzia ukan du, eta 24 Ordu Euskaraz bezalako proiektuak leku handia ukan dute bi kantarien ibilbidean».
Ibilbidearen irakaspenak
Garaiko testuinguruko bertze hainbat elementu ageri dira liburuan, baina lau hamarkadako ibilbidearen irakaspenak ere jaso ditu Etxelekuk. «Protagonisten familiakoak elkarrizketatu ditut jakiteko nola bizi izan zuten bi kantarien fama eta ibilbidea». Atal horretan emazteen lekua ere aztertu du idazleak eta ondorioztatu gizon anitz eta emazte guti zirela oholtza gainean.
Idazleak egungo lunetekin begiratu nahi izan dio ibilbideari eta hori egiteko bi adituren analisiarekin finitzen da kontakizuna. Iratxe Retolaza ikerlariaren eta Juantxo Zeberio konpositoraren ekarpenak «izugarri» aberatsak direla agerian utzi du. Zeberiori Pantxoa eta Peioren kantu famatuei buruzko azterketa bat galdegin zion idazleak, eta Retolazari berriz, egungo pentsamendu feministatik orduko testuen eta testuinguruaren analisia plazaratzea. «Belaunaldi horren ekarpena funtsezkoa zaio Retolazari baina aldi berean orduan ez ziren betaurrekoekin so egiten die kantu horiei».