Oholtza agurtuko dutela esan berritan, Pantxoa Karrerek eta Peio Ospitalek jasoko dute aurten Adarra saria. Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak elkarlanean sortu zuten saria, 2014an, eta euskal musikarien ibilbidea omentzea du xede. Aitortza ekainaren 21ean jasoko dute, ohi bezala Musikaren Nazioarteko Egunean. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da hori, eta kontzertu bat emango dute ondoren.Â
Musikariak Viktoria Eugenian izan dira gaur, sariaren berri emateko antolatu duten prentsaurrekoan. Karrerek hartu du hitza lehenik, eta eskerrak eman ditu garaikurragatik, bereziki «Iparraldeko musikariak ere kontutan hartzeagatik». Ospitalek jarraitu du gero, eta horixe bera nabarmendu ostean, umore puntu batekin hala adierazi du: «Zerrenda ospetsuan sartzen gara. Ez dakit hainbeste merezi dugun, baina gustura jasoko dugu saria».
«Zerrenda ospetsuan sartzen gara. Ez dakit hainbeste merezi dugun, baina gustura jasoko dugu saria»
PEIO OSPITALÂ Musikaria
1969an argitaratu zituzten lehen kantuak, eta jada ia 60 urteko ibilbidea osatu dute. 2011n izan zuen etenaldia euren jardunak, baina «agur duin bat» faltan sumatzen zutela esanda, azken kantaldi bat gehiago emateko asmoa iragarri zuten iazko abenduan. 2027ko urtarrilaren 10ean BEC erakustazokarako egin zuten deialdia, eta ordu gutxian saldu ziren sarrera guztiak. Bigarren kontzertu bat ere eskainiko zutela erabaki zuten orduan, 2027ko urtarrilaren 9an, hain zuzen ere, eta duela aste batzuk azaldu zuten saio horien aurretik bira bat eskaintzeko asmoa ere.
Biziraupenaren aldeko borroka
Hunkituta azaldu ziren itzulera eta agurra iragartzeko lehen prentsaurrekoan. Kantatzeko «gogo handiarekin» zeudela adierazi zioten BERRIAri orduan. Esker ona azaldu zuen Ospitalek, esaterako: «Uste dut gure kantu zonbait gelditu direla gure herri honek biziraupenaren alde zeukan borrokarekin lotuta bezala. Kantaldiz kantaldi, urtez urte, halako maitasun istorio bat iruten joan da herriarekiko».Â
Ikusi gehiago
Maitasun istorioaren apamenarekin jarraitu du Adarra sariaren berri iragartzeko agerraldian ere, eta herriari «esker ona» adierazi nahi izan dio urte hauetan guztietan alboan egoteagatik. Karrerek, berriz, ez du «nostalgiatik» hitz egin nahi izan azken biraren inguruan: «Gure kantaldiak bukatuko dira, baina makil hori pasatu nahi diegu etorriko diren belaunaldiei».
«Gure kantaldiak bukatuko dira, baina makil hori pasatu nahi diegu etorriko diren belaunaldiei»
PANTXOA KARREREÂ Muskaria
Maiatzaren 9an hasiko dute bira, Bilboko Santutxu auzoan (Bizkaia). Eta, beraz, kontzertu sorta horren parte bilakatuko da Adarra saria jasotzeko emanaldia ere. Beste hainbeste musikari izango dira oholtza gainean bikotea laguntzen: Iñaki Dieguez (eskusoinua), Mixel Ducau (gitarra), Danae Riaño (baxua), Gorka Pastor (teklatua) eta Josu Erbiti (perkusioa).
Hainbat artista saritu dituzte aurretik Adarra sariarekin: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Fermin Muguruza, Anari Alberdi, Berri Txarrak, Kepa Junkera, Amaia Zubiria, Joseba Tapia, Zea Mays, Errobi eta Antton Valverde. Hala, zerrendara batu dira Pantxoa eta Peio, 13. Adarra sariaren garaikurra jasota.
[Informazioa osatzen[