Datorren urteko urtarrilerako iragarri zuten Pantxoa Karrerek eta Peio Ospitalek euren azken kantaldia. Halaxe izango da: bi kontzertu emango dituzte, Barakaldon (Bizkaia); bata, urtarrilaren 9an, eta bestea, 10ean. Emanaldi horiekin amaituko dute ia 60 urteko ibilbidea, baina, azken kantaldiaren aurretik, ozen esango dute adio. Azken bira egingo dute eurentzat «garrantzi sinbolikoa» duten tokietan; izan ere, esan dutenez, «gogoan iltzatuak» dituzte behinola emandako kontzertu hainbat.
Datorren hilaren 9an hasiko dute bira, Santutxun (Bizkaia), gogoz oroitzen baitute azkenekoz hara bertaratu zirenekoa: kontatu dutenez, zenbait auzotarrek kantaldiaren antolaketan hartu zuten parte, eta jendez lepo ikusi ahal izan zuten plaza. Bestalde, Iruñean izango da bigarren kontzertua, maiatzaren 24an. «Ezinbestekotzat» jotzen dute bertan kontzertua ematea, Euskal Herriko «hiri buruzagitzat» baitute Iruñea. Hurrena ere Nafarroan izango da: Lesakan, irailaren 5ean. Baina bestelakoa da bertan jo nahi izateko arrazoia: azkenekoz 70eko hamarkadan izan ziren Pantxoa eta Peio Lesakan. Kontzertua eman zuten, baina gaualdi hartan bertan atxilo eraman zituen Guardia Zibilak, eta kuartelean atxiki biharamunera arte.
Bergaran (Gipuzkoa) izan zen Hego Euskal Herrian eman zuten lehen kontzertua, 1971n. Ordura arte, Ipar Euskal Herrian emanak zituzten kontzertu bat eta beste, eta ohituta zeuden 200 entzule ingururen aurrean kantatzen. Baina egun hartan 2.000 entzule izan ziren Bergaran, eta momentu hura oroitzeko itzuliko dira bertara, irailaren 16an. Baionan izango da azkena, abenduaren 11n, eta hiru zergati azaldu dituzte: bata, beste hainbat euskaltzalerekin batera, Baionan sortu zutela Elkar; bigarrena, Baionan ezagutu zituztela beren ibilbideari «estuki loturik» dauden hainbat iheslari politiko; eta hiru, Baiona dela Iparraldeko hiri populatuena.
Kontzertu guztietarako sarrerak astelehenean jarriko dituzte salgai, pantxoaetapeio.eus webgunean. Dena den, oholtza gainean ez dira soilik Pantxoa eta Peio izango; hainbat musikari izango dituzte alboan, eta badute zeresana. Izan ere, haiekin batera egongo da Danae Riaño euskal aktore eta abeslaria —55 urteren aldea dute euren artean—, baxua jotzen eta ahotsarekin laguntzen; horrez gain, oholtza gainean izango dira Mixel Ducau (gitarra), Iñaki Dieguez (eskusoinua), Gorka Pastor (teklatuak) eta Josu Erbiti ere (perkusioa).
Etenaldiaren ostean, itzulera
1969. urtean ekin zion bere jardunari bikote musikariak, eta, hasiera-hasieratik, errepresioaren kontrako ikur bilakatu ziren. Hainbat idazleren hitzak musikatu zituzten, hala nola Manex Pagolarenak, Telesforo Monzonenak, Manex Erdozaintzi-Etxartenak, Xalbadorrenak, Jean Louis Davantenak, Roger Idiartenak eta Xabier Leterenak. Ordutik, kasik 60 urte pasatuta ere, belaunaldi zaharrek zein gazteek kantuan oroitzen dituzte haien abesti asko eta asko. Kantatzea «borroka egiteko modu bat» zela adierazi dute, eta horretan tematu dira gaur egun arte.
Hala, baieztatu dute iragarri berri duten azken bira hau eurekin batera kantaldiak antolatu zituztenei esker ona adierazteko profitatuko dutela, «debeku eta oztopoen gainetik» horretan aritu baitziren, «biziki arriskutsua zela jakinik ere». Baina badute beste helburu bat ere: datozen belaunaldiek haien abestiak kantatzen segi dezatela. Azkenik, biraren antolakuntzari dagokionez, zera adierazi dute: «Euskarazko musikagintzaren transmisiorako, ezinbestekoa da zaleen, sortzaileen eta antolatzaileen arteko elkarlana».