2022an jarri zuten Bilboko Arte Ederren Museoaren handitzea abiatuko zuen lehen harria, eta, lanetan izandako hainbat atzerapenen eraginez, hiru urteren buruan, orain aurreratu dute museo berritua abiatuko duen erakusketa programako lehen izenetako bat: Rafael Ruiz Balerdi. Museoko arduradunek iragarri dutenez, paper gaineko obrak hartuko dituen 200 metro koadroko gune bat izango du museo berrituak. Kabinetea izango du izena, eraikin modernoan jarriko dute, eta nagusiki museoaren funtsak erakusteko baliatuko badute ere, tarteka, nazioarteko bildumak erakusteko ere erabiliko dute. Gondra Barandiaran fundazioaren babesari esker jarriko dute abian leku hori, eta, horregatik, erakundearen izena ere izango du ikusgai sarreran. Eta, hain justu, Balerdik estreinatuko du gune hori.
Bilboko Arte Ederren Museoak eta Gondra Barandiaran fundazioak 2025etik 2028ra bitarte sinatutako hitzarmenaren aurkezpen ofizialean egin dute iragarpena gaur. Izan ere, aurten sendotu egingo da bi erakundeen arteko harremana. Eta horren erakusgarri da paper gaineko artelanei eskainitako areto berria ere.

Berez, 2026ko ekainaren 24rako ezarri dute eraikin berritu osoa inauguratzeko eguna, baina irekiera egun jakin bat egin beharrean, «irekiera sasoi» bat izango du museoak, eta hurrengo urteko udan egingo duten inaugurazio programa zabal horren parte izango da Kabinetearen aurkezpena ere. Baina ez dute datarik zehaztu.
Izan ere, museoari zabalik eustea izan da Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek diseinatutako Agravitas proiektuaren eraikuntza lanen erronketako bat. Handitze lanak hasi zirenetik, eraikin zaharreko aretoak baliatu ditu museoak unean uneko erakusketak hartzeko, eta aurtengo ekainetik aurrera eraikin modernoan jarraituko du programazioak. Zehaztu dutenez, ordea, eraikinaren gune berriekin batera aurkeztuko dute paper gaineko arteari eskainitako gune berria ere.
Guztira, 8.000 marrazki inguru ezagutzen zaizkio Balerdiri, eta, horregatik, erakusketak bilduma zabal horren «superhautaketa» bat baino ez duela erakutsiko azaldu du Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. Zehaztu duenez, Javier Viar museoko zuzendari izandakoak abiatu zuen artistaren paper gaineko lanak ikertzeko eta erakusteko proiektua, baina 2021ean hil zen, eta, horren ondorioz, Mikel Lertxundi museoko Artxibo eta Dokumentazio saileko historialariak burutu du proiektua, azkenean. Eta, iragarri dutenez, erakusketa ez ezik, artistaren paper gaineko lan osoari eskainitako katalogo arrazoitua ere aurkeztuko dute.
Hitzarmen sendoagoa
Bilboko Arte Ederren Museoak eta Gondra Barandiaran fundazioak 2014an abiatu zuten lankidetza. Orduan sortu zuten museoaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen zuen beka programa. 2017an, ordea, indartu egin zuten hartu-emana, eta, bekak emateaz gainera, udako ikastaro bat antolatzen ere hasi ziren Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean. Museoaren patronatuko kide bihurtu zen fundazioa orduan, eta museoari ematen dioten diru saila nabarmen handitu dute orain, 2025etik 2028ra arteko hitzarmena dela eta. Orain arte, urtean 60.000 euro ematen zizkion fundazioak museoari, eta aurrerantzean 100.000 euro emango dizkio.
Guztira, zortzi formazio beka eskaintzen ditu programak, eta ekainaren 15era arte izango da izena emateko aukera. Hautatutako ikasleek museoaren jardunari lotutako hainbat diziplinaren funtzionamendua ezagutzeko aukera izango dute. Zehazki, zortzi esparru hauetan jaso ahalko dute formakuntza: dokumentazio lanetan, liburutegian, komisariotzan, edizio digitalean, hezkuntza programan, erakusketen antolaketan eta arkitekturan. Eta, azken hitzarmenari esker, bekadunek bederatzi hilabetez hilean 500 euro jaso beharrean, 750 euro jasoko dituzte aurrerantzean.
Hitzarmena dela-eta pozik azaldu da Guillermo Barandiaran fundazioko presidentea, eta itxaropentsu hitz egin du museoaren handitzeari buruz ere. Horrez gainera, aurrerantzean Loiuko aireportuak New Yorkekin izango duen konexio zuzena ere izan du gogoan hitza hartu duenean, eta horrek museora «bisitari gehiago» erakarriko dituen esperantza ere adierazi du.
ERAKUSKETEN FORMATUAREN GARAIKIDETASUNARI BURUZKO GOGOETAK
«Erakusketa formatuak eta arte erakundeen formatuak egokiak dira oraindik, edo berritu egin behar ditugu?». Hiru eguneko udako ikastaroa antolatu dute Bilboko Arte Ederren Museoak eta Gondra Barandiaran fundazioak ekainaren 25etik 27ra bitarte, eta galdera hori hartu dute ardatz modura.
Besteak beste, aditu hauek arituko dira hizlari: Miguel Falomir Madrilgo Prado museoko zuzendaria, Anna Maria Guasch arte historialaria, Pedro G. Romero artista eta komisarioa, Sergio Prego artista, eta Angela Molina arte kritikaria. Azkenik, Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendari izandakoaren eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko egungo zuzendariaren arteko solasaldia izango da ostiralean.
Deustuko Unibertsitatearekin batera antolatu dute programa, eta Iberdrola dorrean egingo dituzte saioak. Bertatik bertara ez ezik, hitzaldiak online entzuteko ere eman ahalko da izena.