«Glad is the Day jaialdiak 2026ko abuztuaren 2an parkeari eraso egingo dio berriro ere», horixe ohartarazi dute Parkea Bizirik eta Egia Bizirik elkarteek. Jaialdiak urtero hamaika musika talde eta milaka zale biltzen ditu Donostiako Kristinaenea parkean, eta aurten hamargarren aldiz egingo dute. Bi elkarteek deialdia egin dute besteak beste Donostiako Udalak eta Keler garagardo markak antolatzen duen jaialdira ez joateko, eta txosten bat ere argitaratu dute horretarako arrazoiak azaltzeko. Txostenean, festibala «makrokontzertu jendetsu, fauna-hondatzaile eta alkoholizatzaile» gisa definitu dute.
Elkarteek bereziki kritikatu dute jaialdiak ingurumenari eragiten dion kaltea. Zehaztu dute ez dagoela eremu horrek kalterik jasan gabe jasan dezakeen karga ahalmenaren inguruko txostenik, ez eta jaialdia dela medio parkean jasotako hondakin mordoari buruzkorik ere. Bestalde, murrizketa eta gehienezko edukierarik eza gaitzetsi dute elkarteek. Xehatu dutenez, ez dago dezibel mugarik, eta horrek faunari «beldurra eta izua» sortzeaz gain, adar zaharrenak hausteko arriskua ere handitu dezake, eta «pertsonen osotasuna ere arriskuan» jartzen du.
Elkarteek eskatu dute horrelako ekitaldirik ez egiteko, ez parkean eta ez bestelako gune babestuetan, eta parkea ingurumen irizpideen arabera zaintzeko. Erantsi dute ez dutela «alkoholizazio soziala» bultzatzerik nahi. Ekitaldiari izena aldatzeko eskaera ere egin dute, haien arabera, jaialdiaren izena Gladys del Estal naturazalearekin erlazionatzeak haren «ibilbidea eta hura maite duen jendea umiliatzen» dituelako. Parkea Bizirik eta Egia Bizirik taldeek «aberatsak aberatsago egiten» ez laguntzeko deialdia ere egin dute, ekitalditik etekin ekonomikoa ateratzen duten enpresei erreferentzia eginez.