«Egiak huts biluziak,/ gustatzen zaizkit niri,/ uhinen afarra bezala/ hondarretan elur xuri». Osatzen jarriz gero, hamaika orri izango lituzke Patri Urkizuren curriculumak, eta, beste hainbat lanetarako ez ezik, poesiarako ere topatu zuen denbora. Besteak beste, irakaslea, ikertzailea eta idazlea izan zen; baita jaioterriko alkatea ere, Lezokoa (Gipuzkoa) alegia, 1979tik 1983ra bitarte. Eta ez omen dago inor bere herrian profeta dena, baina Patri Urkizuri buruz kontrakoa esango lukete ezagutu zutenek. Adibidez, Patxi Intxaurrandieta lezoar musikologo eta irakasleak, Urkizuren lagun izandakoak. Lagun eta kasik lankide. Intxaurrandietak lagundu baitzion Urkizuri bere webgunea sortzen. Zehazki, hauxe: patriurkizu.lezo.eus. Eta idazlearen irudizko curriculum horrek izango lituzkeen orrien gisara, webguneak ere, noski, hamaika leiho ditu. Hartan topatu daitezke Urkizuren lan gehienak, bai argitaratutakoak, baita inoiz argitaratu gabeak ere.
«Nori arraio interesatuko zaizkio. Eta pentsatzen hasi eta, lehenik neronentzat izan daitezkeela interesgarri begitantzen zait». Urkizuk idatzitako azken lanetako bat bere autobiografia izan zen: Eskribu galduen bila. Autobiografia eta kultur kritikak (Lezoko Udala, 2023). Hartan, bere bizi ibilbidea kontatzeaz gain, argazki zahar eta berri batzuk, oroitzapenak, anekdotak eta hausnarketak biltzen ditu. Baina autobiografia ez zuen bere burua goraipatzeko asmoz osatu inondik ere, halako testuetan batzuetan gertatu ohi denez; Urkizuk beste helburu bat baitzuen. Hala dio liburuan: «Historiaren letra handietarik kanpo, azpi ohar edota ertz ohar gisara kontsideratu daitezkeen hauek balioko dutela osatzen joateko, ororena behar duen historia, eta ez soilik garaileena». Liburu osoa libreki irakurri eta deskargatu daiteke webgunean.
«Horixe zuen helburua: bere nondik norakoak azaltzea, eta edukia jendearen eskura uztea, denek izan zezaten irakurtzeko aukera»
PATXI INTXAURRANDIETA Irakaslea eta musikologoa
«Zerbait praktikoa egin nahi zuen», azaldu du Intxaurrandietak. Webgune bat sortu nahi zuela eta, Urkizu Intxaurrandietarekin jarri zen harremanetan. Lehenagotik ere hark laguntzen zion Interneteko kontuekin, Urkizu «ez baitzen oso iaioa». Kudeaketaz arduratuko zen enpresa aukeratu, ordaindu beharrekoa ordaindu, eta halaxe hasi ziren xirriki-xarraka edukiak sarera igotzen, 2021ean. Diseinuan ere esku hartzen zuen Urkizuk, eta, azkenerako, sei ataleko webgune bat osatu zuten. Honela dute izena: Biografia, Katalogoa, Ikus-entzunezkoak, Euskal Hikuntzaz, Literaturaz eta Argitaragabeak. Tartean narrazioa, poesia, saiakera eta beste irakur daiteke; baita liburutegi bakar batean ere topatu ezin daitezkeen 24 lan, inoiz paperean argitaratu gabekoak. Atzera begira jarrita, Intxaurrandietak eskuzabaltasuna igartzen dio Urkizuri: «Horixe zuen helburua: bere nondik norakoak azaltzea, eta edukia jendearen eskura uztea, denek izan zezaten irakurtzeko aukera». Egun Lezoko Udalak kudeatzen du webgunea.
Liburu adina esku
Aurtengo udan ezusteko mezu bat jaso zuen Patri Urkizuren seme Urtzi Urkizuk: Teatro Popular Vasco. Manuscritos inéditos del siglo XVIII. Estudio y edición (UNED, 2007) (Euskal Herriko Herri Antzerkia. XVIII. mendeko eskuizkribu argitaragabeak. Ikerketa eta edizioa) liburuaren azken hemezortzi aleak «suntsitu» egingo zituztela. Irtenbide baten bila, semeak lagun bati hots egin zion, eta, behin-behinean, lagun hark hartu zituen hemezortzi ale horiek. Baina liburuek lortu dute azkenik abaroa: Madrilgo Euskal Etxean geldituko da ale bat, eta uztailean hasi ziren hirian bizi diren hainbat euskaldun —Aitor Merino aktorea kasu— eta Patri Urkizuren ezagun batzuk gainerako liburuak etxean jasotzen, banan-banan. Eta etxe bakoitzak euskal kultura apal garaiago batean kokatu duen arren, bereziki esanguratsua da Madrilgo Euskal Etxea Patri Urkizuren liburu baten babesgune izatea; hain zuzen, Urkizu bera izan baitzen han euskara hutsean hitzaldi bat osorik eman zuen aurrenekoa.
Bestela ere, lotura estua izan zuen Urkizuk Madrilekin; irakasle aritu zen han, UNED Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitatean, hark esan bezala, «euskararen eta euskal literaturaren munduratzeaz arduratuz». Baina ez hori bakarrik: UNEDek argitaratzen duen Revista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca aldizkariko euskara sailaren arduradun ere izan zen. Eta, hain zuzen, 30. zenbakia, iaz argitaratutakoa, hari eskaini zioten. Artean Urkizu bizirik zela hasi ziren aldizkariaren zenbaki hori prestatzen, eta, noski, hark ere izan zuen aldizkariaren asmoaren berri, hil baino egun batzuk lehenago. Baina Aritz Galarragak kontatu bezala, ez ziren garaiz iritsi: «Behintzat, keinu polita izan zen haren oroitzapena gordetzen dugunontzat». Urkizu 2024ko abenduan zendu zen.
«Ez dakit debutatzeko ariketa errazena izan ote zen. Ardura izan zen hainbeste urtean aldizkariaren sail horren buru izandako eta, gainera, halako goren mailako pertsona baten omenezko alea kudeatzea»
ARITZ GALARRAGA Irakaslea eta editorea
Hiru hizkuntza eta hiru kultura «periferiko» edo «ez-hegemoniko» bultzatzen dituen aldizkari bat da UNEDek argitaratzen duena, eta orain bi urte hasi zen Galarraga aldizkari horretako euskara saila antolatzeko lanetan. Hain justu, Patri Urkizuren omenezko zenbakia izan zuen koordinatu beharreko lehena. «Ez dakit debutatzeko ariketa errazena izan ote zen. Ardura izan zen hainbeste urtean aldizkariaren sail horren buru izandako eta, gainera, halako goren mailako pertsona baten omenezko alea kudeatzea», kontatu du Galarragak. Baina egin egin zuen, bai eta ohi baino testu gehiago jaso ere: «Bikoiztu egin genuen artikulu akademikoen kopurua». Izan ere, aldizkariak deialdi berezi bat egin zuen jendeak testuak bidal zitzan, eta hala osatu zuten zenbakia, testu akademikoekin, baita Urkizuri eskainitako testu pertsonalekin ere.
Atsegin mezuak
Lagunek eta harekin lan egindako jendeak idatzitako 11 testu bildu zituzten guztira: aurkibidean ageri dira, besteak beste, Ramon Saizarbitoria idazlea, Elixabete Perez Gaztelu hizkuntzalaria eta Julia Butinya filologo katalana. Baita, noski, Urtzi Urkizu semea ere. «Lortu genuen omenduaren mailan zegoen aldizkari bat ateratzea», aipatu du Galarragak, eta adierazi, hain zuzen, horixe zela asmoa, Urkizuri omenaldi bat egitea, unibertsitateari eta aldizkariari lotuta egon zenez gero. Ekitaldi bat ere egin zuten zenbakia argitaratu ostean, eta, Galarragak dioenez, «pozik» agertu ziren denak, bai familia, bai aldizkarian parte hartutakoak, baita unibertsitateko kideak ere. Aldizkaria, formatu fisikoan ez ezik, eskuragarri dago sarean ere; zehazki revistas.uned.es helbidean.
Patri Urkizuk 80 urte beteko lituzke atzo. Eta haren oroitzapenaren gisan, presente dago haren ondarea ere; bai Madrilen, bai Euskal Herrian, baita Interneteko sare infinituan ere, mugak zeharkatzeko gai den horretan. Finean, omenaldi hoberik ez bizia euskal kulturaren zabalpenari eskaini zionarentzat.