Txileko memoria gordetzea eta ezagutzera ematea. Hori izan zuen helburu Patricio Guzman zinemagileak bizitza osoan. 1973an, Salvador Allende presidentea erorarazi eta Augusto Pinochet buru zuten militarrek agintea hartu zutenean, Guzman atxilotu eta bi astez inkomunikatuta izan zuten, eta, askatu zutenean, segidan, erbesterako bidea hartu zuen. Ordurako, ordea, kaleetan filmatutako grabazio andana bildua zuen, eta material horrekin guztiarekin, mundu osoan ezagutzera eman zuen trilogia osatu zuen 1975 eta 1979 bitartean: La batalla de Chile. Guzmanek Kuba hartu zuen bizileku Txiletik ihes egin zuenean, eta gerora Espainiara eta Frantziara jo zuen. Parisen hil da, 85 urterekin.
Patricio Guzman Santiagon jaio zen, 1941ean, eta antzerkia, historia eta geografia, eta filosofia ikasketak egin zituen, baina berehala erabaki zuen zineman jardun behar zuela. Hala, 1960ko hamarkadan hasi zen bere lehen lan laburrak egiten, eta 1972an estreinatu zuen lehen film luzea, bere filmografiaren ardatz nagusiak biltzen zituena: El primer año. Dokumental horrek Allenderen gobernuaren hastapenak kontatzen zituen, eta Chris Marker zinemagile frantziarraren arreta piztu zuen; izan ere, Frantzian estreinatzeko eskubideak eskuratu zituen. Hain zuzen ere, Guzmanek Txiletik ihes egin zuenean, Markerrek laguntza eman zion estatu kolpearen garaian filmatutako material guztia muntatzeko behar zuen dirua lortzen.
La batalla de Chile Latinoamerikan inoiz egindako dokumental garrantzitsuentzat jotzen dute askok, eta hiru ataletan banatuta estreinatu zuten: La insurrecciĂ³n de la burguesĂa (1975), El golpe de estado (1976) eta El poder popular (1979). Trilogiak sari ugari eskuratu zituen Europako hainbat jaialditan.
Gerora, Guzmanek segitu zuen Txileren historian eta bereziki estatu kolpearen aurretik eta ondoren gertatutakoetan arakatzen. Hala, En nombre de Dios Eliza katolikoak diktaduraren urteetan izandako rolaren gaineko dokumentala estreinatu zuen, 1997an, eta Allenderi eta Pinocheti buruzko film bana hurrengo urteetan: El caso Pinochet (2001) eta Salvador Allende (2004).
2013an, Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiaren ohorezko saria jaso zuen. Eta saritua izan zen Europako zinema jaialdi garrantzitsuenetan ere. Berlingo Zinemaldiko Zilarrezko Hartza eskuratu zuen 2015ean, El botĂ³n de nacar filmarekin, eta La cordillera de los sueños filmak dokumental onenarentzako saria irabazi zuen Cannesen, 2019an. Â