Indarkeria matxista

Patrick Bruel abeslaria atxilotu dute, zenbait emakumeri sexu erasoak egitea egotzita

Hiru emakumek jarritako salaketen harira ikertzen ari dira musikaria; 1997tik 2001era bitarte eraso ziela salatu dute, eta haiek bortxatzen saiatu zela. Salaketa gehiago ere badira haren kontra.

Patrick Bruel, Parisen, artxiboko irudi batean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / POOL
Patrick Bruel, Parisen, artxiboko irudi batean. CHRISTOPHE PETIT TESSON / POOL
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko ekainaren 8a
12:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udaberriaren atarian hasi zen dardara apurka-apurka nabarmentzen. Pitzatu zen isiltasuna, eta hedabideetako lerroburuetara ailegatu zen albistea: salaketa bat Patrick Bruel abeslari frantsesaren kontra, sexu erasoak leporatuta. Ordutik, eta azaleratu zen lehenbiziko salaketa horren segidan, andre gehiagok ere leporatu diote musikariari halakorik: eraso egitea, jazartzea, bortxatzen saiatzea. Eta, azkenik, bide judiziala hartuta, auzitegiraino iritsi dira salaketa horietako hiru. Eta hau egozten diote horietan: 1997tik 2001era bitarte sexu erasoak egin izana, eta haiek bortxatzen saiatu izana. Parisko Fiskaltzak eman du informazioa argitara, eta hau ere jakinarazi du: atxilo hartu dute Bruel, «gertakariak argitze aldera». 

Gainera, fiskaltzak zabaldutako informazioaren arabera, Bruelen kontra aurkeztutako beste salaketa batzuen berri ere badago jasota haren espedientean. Zehaztu dutenez, Frantziako eta Belgikako beste zenbait emakumek ere salatu dute musikariak eraso diela eta haiek bortxatzen saiatu dela. Are, bortxatzea egotzi dionik ere bada haien artean.

Gaurko notizia heldu aurrean ere jakina zen Bruel ikerketapean dagoela. Izatez, azken asteotan, musikariak bertan behera utzi ditu zenbait emanaldi, hala nola Deuxiéme partie antzezlanaren azken emanaldia —Bruel da protagonista obra horretan—, Parisen, eta, maiatzaren 29an iragarri zuenez, irailera bitarte programaturiko kontzertuak ere bertan behera utziko ditu.

Ikerketa abian den bitartean «baretasunari» eusteko hartu du bere jarduna behin-behinean eteteko erabakia Bruelek, abeslariaren ekoiztetxeak plazaratutako komunikatuaren arabera. «Ez dugu inondik ere nahi publikoa eta antolatzaileak tentsiozko giro batean izan daitezen», argudiatu dute, zehazki. Eta, hain zuzen, hartu duten neurri hori aise lotu daiteke berriki izandako gertakari honekin: Deuxiéme partie antzezlanaren azken emanaldian, Parisko Edouard VII teatroan, talde feminista bateko kideek «Bruel, bortxatzailea!» oihu egin zioten saioaren hasieran. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE