Musika

Patti Smith, Bad Religion eta Marilyn Manson izango dira Azkena Rock jaialdiaren 25. urteurrenean

Antolatzaileek datorren urteko egitaraua aurkeztu dute gaur. Ekainaren 17tik 19ra egingo dute festibalaren 25. aldia, eta 60 talde igoko dira Mendizabalako oholtzetara. Ohiko lau eszenatokiei beste bat gehituko diete.

Patti Smith, 2022an Azkena Rocken jo zuen kontzertuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Patti Smith, 2022an Azkena Rocken jo zuen kontzertuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
Gasteiz
2026ko irailaren 30a
14:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Normalean, Azkena Rock jaialdiaren egitarau osoa ezagutzeko, Nor da nor? jolasaren antzeko zerbait egin behar izaten dute zaleek urtero: antolatzaileak apurka-apurka iragartzen dute nork joko duen. Datorren urtekoa, ordea, berezia izango da. Azkena Rockek 25 urte beteko ditu, eta, horregatik, antolatzaileek «ahalegin berezia» egin, eta egitarau osoa aurkeztu dute gaur. 60 talderen izenak eman dituzte, tartean Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash eta Wilco kartelburuenak. 

«Jaialdi berezia izango da 2027koa, eta, horregatik, maila handiko programa osatu nahi izan dugu», adierazi du Yurdana Burgoak, jaialdia antolatzen duen Last Tour enpresako zuzendariak. Ondoan izan ditu Sonia Diaz de Corcuera, Gasteizko Udaleko Kultura zinegotzia, eta Ana del Val, Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatua, erakundeek jaialdiari erakutsi nahi dioten sostenguaren adibide. Haiekin batera, Yahve M. De la Cavadak, Azkenaren programazio arduradunak, datorren jaialdiaren xehetasunak aletu ditu.

Kartelburuekin hasita, Patti Smithen izena nabarmendu du De la Cavadak. «Gaurkotasun erabatekoa» du artista beteranoak, 2026ko Arteen Asturiasko Printzesa saria jaso ostean, antolatzailearen arabera —ibilbide luze baten ondotik jaso zuen aitortza hori abeslari estatubatuarrak, iragan udaberrian—. 1975ean Horses argitaratu zuen, ospea eman zion lehen albuma, eta, ondotik, beste hamaika lan plazaratu ditu Smithek, rockaren eta punkaren erreferente bihurtzeraino. Ez da Smith jaialdian egongo den lehenengo aldia izango, 2022an ere bertan jo baitzuen. Eta harena ez da pisu astunen itzulera bakarra izango: 2010ean Azkenan aritu ondoren, berriz ere izango dute ikusleek Slash gitarrista ingelesaren hard rock doinuak entzuteko aukera. Guns n' Roses taldearen sortzaile izateaz gain, beste hainbat proiektutan ere parte hartu du Slashek.

Ibilbide luzeko beste hiru artistak osatzen dute kartelburuen taldea. Batetik, iluntasun eta teatraltasun ukitua emateko, Marilyn Manson abeslari estatubatuarra igoko da Mendizabaleko oholtzetara, Antichrist Superstar eta beste hainbat abesti jotzera. Berrogei urtetik gorako ibilbidea du, berriz, Bad Religion Kaliforniako (AEB) taldeak, eta abiadura kritika sozialarekin uztartzen dituen «punk peto-petoa» ekarriko du Gasteizera. Azkenik, Chicagotik (AEB) Wilco taldea iritsiko da, rock alternatiboa country generoko aireekin nahasturik.

Zerrenda luzea

Alta, zerrenda ez da hor amaitzen, denera 60 izango baitira datorren ekainaren 17tik 19ra Mendizabaleko oholtzetan joko duten taldeak. The Waterboys, 16 Horsepower, Dave Alvin & The Guilty Ones, Old 97’s, Billy Bragg, John Garcia, Beth Hart... denetariko rock doinuak izango ditu entzungai publikoak datorren jaialdian. Izen zerrenda horrekin guztiarekin, helburua «kultuko artistak talentu berriarekin nahastea» izan dela adierazi du Burgoak. Tokiko talentuak ere izango du tokia: Euskal Herriko taldeen artetik, Marte Lasarte eta Barrrk taldeak ere izango dira oholtzetan, Mendizabala euskarazko hitzekin bustitzen.

Old Time Spooks Gasteizko taldea ere ariko da jaialdian, Trashville eszenatokian. Eta, hain zuzen, berritasunik izango du duela hamar urte sorturiko Mendizabaleko laugarren oholtza horrek: datorren urtean, abizen eta guzti aurkeztuko dute, Trashville Allstars & Friends bataiatu baitute, «azken urteetako une gogoangarrien gomuta» eragiteko asmoz. Hortaz, azken mende laurdenean Mendizabaletik arrakastaz igaro diren taldeak igoko dira berriro bertan oholtzara: Los Straitjackets, Micky y Los Colosos del Ritmo, Blind Rage & Violence, The Urban Vodoo Machine, Wild Billy Childish...

Laurekin nahikoa ez, eta bosgarren oholtza jartzera ere ausartu dira antolatzaileak. Izan ere, jaialdiaren zale tradizionalak adinean aurrera doaz, eta Azkenak rockaren alor lasaiagoa landu nahi du Strawhouse izeneko eszenatokian —lastategia esan nahi du euskaraz—. «Antzinako aletegi komunitarioetan inspiraturiko landa eszenatoki intimo» gisa deskribatu dute oholtza berri hori, eta irudi horrek folk, country eta bluesaren gisako generoak gogora ekartzea ez da debalde, estilo horietan sustraiak dituzten doinuak entzungo baitira bertan. Besteak beste,  Nick Lowe, Lilly Hiatt eta Jerron Paxton Blind Boy taldeak izango dira bertan, baita Tulsa artista gipuzkoarra ere.

Sarreren salmenta abian da jada, bai aurreko jaialdietara joandako zaleentzat eta bai publiko orokorrarentzat. Prezioak ez dira aldatu joan den urtetik hona: ARF komunitatearentzako abonuak 145 euro balio du, eta publiko orokorrarentzako sustapen abonuak, berriz, 150 euro, kudeaketa gastuak kontuan hartu gabe. Gazteentzako abonua apur bat merkeagoa izango da —135 euroren truke eskuratu ahalko dute 24 urtetik beherakoek—, eta 14 urtetik beherakoek doako sarrera izango dute —aurretik galdetegi bat bete beharko dute—. Kuadrillentzako ere abonuen eskaintza berezi bat izango da, zeinak sei bosten prezioan erostea ahalbidetuko duen —125 euroren truke bakoitza, alegia. Horiek guztiak azkenarockfestival.com atarian daude eskuragarri. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA