Patxi Andion (Madril, 1947 - Soria, Espainia, 2019) musikaria hil da, Sorian, (Espainia) A-15 autobidean izandako trafiko istripu batean. Kantautore ibilbideagatik zen ezaguna, baina soziologia irakaslea, idazlea eta aktorea ere bazen. Hainbat filmetan egin zuen lan 1970ko hamarkadan. Nagusiki gaztelaniaz abestu izan zuen, baina Jose Maria Iparragirreren omenezko disko bat eta single bat grabatu zituen euskaraz.
Jatorri euskalduneko familia batekoa zenez gero, Madrilen jaio, eta berehala Euskal Herrira itzuli zen, familiarekin batera, eta bertan igaro zuen haurtzaroa. Gerora, ordea, Madrilen bizi izan da. Francoren diktaduran, zentsura jasan zuen, eta erbestera jo zuen bolada baterako.
Azaroan, Andionek La hora del lobicán diskoa argitaratu zuen. 50 urteko musika ibilbidea jaso zuen han; 1969an kaleratu zuen Retratos lehen lana. Musikariak hamar kantu berri sortu zituen diskorako.