Ataunen (Gipuzkoa) sortu zen Patxi Apalategi Mendizabal, 1945. urtean. Parisen egin zituen unibertsitate ikasketak, eta Soziologian eta Filosofian lizentziatu zen.
Itzultzaile gisa, XIX. mendeko frantsesezko idazleen hainbat lanen itzulpenengatik nabarmendu zen. Gustave Flauberten Madame Bovary haren itzulpenean argitaratu zuen Ibaizabalek, 1993an, Literatura Unibertsala bildumaren barruan; eta, ia hogei urte geroago, klasiko hori berrargitaratu egin zuten EIZIEk eta Eusko Jaurlaritzak Elkar argitaletxearekin batera sustatutako Urrezko Biblioteka sailerako. Eleberriaren aurkezpenean, Apalategik gogorarazi zuen bere garaiko geografia humanoa erretratatu zuela Flaubertek —«Frantziako landa eremuetako eta herri txikietako bizimodua, baita burgesiarena ere, bere hipokrisia eta itxurakeria guztiarekin», zehaztu zuenez—. Idazle beraren beste lan bat ere euskaratu zuen Apalategik, Bihotz sinplea (Erein, 1996).
Charles Baudelaireren lan gorena ere, Gaitzaren loreak poema liburua, Apalategiren itzulpenean irakur daiteke euskaraz. Balea Zuriak argitaratu zuen, 2019an, eta sinbolismoaren obra mugarritzat jotzen da lana, erromantizismoari amaiera eman eta modernismoari bidea zabaldu ziona, itzultzaileak aurkezpenean azaldu zuenez: «Baudelaire erromantizismoa edoskiz hazi zen, eta, haren eskemen kontra, erromantizismoan bertan oin hartuz jauzi handi bat egin, eta modernitatean sartu zen, modernitatea sortzen lagundu zuen».
Frantsesezko jatorrizkotik oso bestelako lan batzuk ere euskaratu zituen Apalategik; tartean dira Georges Remi Hergé komikigilearen Tintin pertsonaia protagonista duten istorioetako batzuk.
Gaztelaniatik ere bai
1980ko urteetan gaztelerazko zenbait lanen itzulpenak ondu zituen Apalategik. Horien artean daude Miguel Delibes idazlearen Kastila zaharreko kontu zaharrak (1985), Pio Barojaren Altzateko Jaun-en kontu-zaharra (1986) eta Miguel de Unamunoren Unamuno Rizal-i begira (1986) —hirurak La Primitiva Casa Barojak argitaratuak eta Delibesena Hiriak 2002an berrargitaratua—.
Bestalde, 1970eko hamarkadan, nazioarteko lehen lerroko hamaika artistaren lanak biltzen ibili zen Apalategi, Jose Mari Larramendirekin eta Martin Etxeberriarekin batera, hirurak ikasle ziren garaian, ETAk Parisen egin asmo zuen erakusketa baterako. 2021ean Apalategik berak BERRIAko kazetari Iñigo Astizi kontatu zionez, hogei margolan inguru bildu zituzten, eta berak alokatua zuen gelan gorde, oheko koltxoiaren azpian ezkutatuta. Baina egun batez, militante bat haren gelan agertu, pistola bat erakutsi, eta artelan guztiak eraman zituen, eta ez da berriro haien berririk izan.