Patxi Goenaga hizkuntzalaria hil da

Euskal Filologian doktore zen, eta EHUko irakaslea izan zen urte luzez. Gramatikari eta euskararen sintaxiari buruz egin zituen ikerketa gehienak. Euskaltzaindiko idazkari ere izan zen, bai eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde ere.

Patxi Goenaga
Patxi Goenaga.
garbine ubeda goikoetxea
2026ko urriaren 30a
18:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen azterlari nekaezina izan zen Patxi Goenaga hizkuntzalari, irakasle eta euskaltzain emeritua (Azpeitia, Gipuzkoa, 1948 – Gasteiz, 2026). Euskal Filologian doktorea zen —Koldo Mitxelenak zuzendu zion tesia—, eta Euskal Herriko Unibertsitatean aritua zen irakasle gisa. Aspaldian erretiroa hartuta zegoen. 78 urterekin hil da.

Euskaltzaindian makina bat ordu emana zen lanean. 1979an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta geroztik lana gogotik egin zuen euskararen ikerketan eta zaintzan. 1995ean euskaltzain oso bilakatu zen, eta, 2023an 75 urte betez geroztik, euskaltzain emeritua zen. 1980tik 1996ra bitarte, Gramatika Batzordeko idazkaria izan zen, eta akademiaren beraren idazkaria ere izan zen 1996tik 2002ra bitarte. Gramatika eta euskararen sintaxia izan zituen lan esparruak. Hiztegigintzan ere ere aritu zen, nagusiki UZEIn.

Izan zuen bestelako ardurarik ere. 1974an hasi eta bi urtez, Bilboko Karmelo ikastolako zuzendaria izan zen. Hura utzita, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean aritu zen irakasle. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde ere izan zen, 2002tik 2005era bitarte. Eusko Ikaskuntzako kide zen.

Ezinbesteko erreferentzia

Euskal gramatikagintza modernoan erreferentzia nagusietako bat izan da Goenaga. Hark ondutako lanen artean, Gramatika bideetan liburua izan da ezagunena. 1978an plazaratu zuen, Erein argitaletxearekin, eta Euskal Filologiako ikasle guztien gidaliburua izan zen urtetan. Gramatika liburu bat izanik, gaur pentsaezinezko arrakasta lortu zuen liburu hark, esparru akademikotik harago zabaldu baitzen. Hori kontuan hartuta, Zilarrezko Lauburua saria eman zion Bilboko Galeria del Libro liburu dendak, 1979an.

Handik urte batzuetara, Gramatika bideetan liburuan landutako metodologia gainditu, eta teoria berrietan sakontzen hasi zen. Esate baterako, Noam Chomsky AEBetako hizkuntzalari eta pentsalariaren eredu teorikoari heldu zion, eta besteak beste haren bidez hasi ziren euskararen analisia molde horretara egokitzen.

Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeko arduradun gisa, hamaika proiektutan parte hartu zuen, besteak beste Euskal Gramatika: Lehen Urratsak eta Euskararen Gramatika deiturikoetan. Esparru horietan, sarritan izan zituen lankide Pello Salaburu eta Ibon Sarasola.

2023an, Euskaltzaindian euskaltzain emeritu bilakatu zen urtean, Goenagak Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak aurkeztu zuen. Analisiak eta deskribapenak biltzeaz gain, gogoeta teorikoz aberastu zuen ikerketa lana.

Nolanahi ere, haren jakintza ez zen liburu akademikoetara mugatu, artikuluak, iritziak eta bestelako gogoetak ere idatzi baitzituen prentsarako. Eta hitzaldiak ere eman zituen, besteak beste gazte hizkera gaitzat hartuta.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA