Literatura

Patxi Zubizarretak irabazi du Xabier Lete beka

Euskarazko Literatura Sorkuntzarako Beka eskuratu du idazleak; 70.000 euroko laguntza jasoko du. Eusko Jaurlaritzak eta BBVA fundazioak antolatu dute, bigarrenez. Ebaluazio batzordeak adierazi du Zubizarretaren proposamenak «indar handiko prosa» duela.

Patxi Zubizarreta idazlea, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Patxi Zubizarreta idazlea, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko uztailaren 16a
13:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Egile bati «beharrezko baldintzak» eskaintzea, euskarazko literatura proiektu bat sortzeko. Hori da Xabier Lete bekaren helburu nagusia. Iaz jarri zuten martxan, Eusko Jaurlaritzaren eta BBVA fundazioaren ekimenez, eta gaur bertan jakinarazi dute nor den aurtengo bekaren irabazlea: Patxi Zubizarreta. Idazleak urtebete izango du proposamena garatzeko, eta 70.000 euroko ordainsaria jasoko du. Txoriei begira zegoen gizonari begira zegoen emakumea izenburua du Zubizarretaren proiektuak.

Jon Kortazarrek, Alexander Gurrutxagak, Katixa Agirrek, Aritz Galarragak eta Lurdes Otaegik osatu dute epaimahaia. «Idazkera dotorea eta aberatsa du, indar handiko prosa, eta erreferentzia literarioek tartekatzen dute», aipatu dute kideek. Gainera, idazleak egunerokoan barneratzeko daukan modua ere azpimarratu dute, anonimatuan geratzen diren gertaerak «lehen planora» ekartzeko izan duen manera.

Zubizarretak berak aipatu du proposatu duen nobela «lasaiagoa» dela. Itsasontzi bateko kapitaina da protagonista. Itsasaldi bati ekin beharrean, lurreko aterpe batean ezkutatzea erabakitzen du, emaztea beste gizon batekin dagoela susmatzen baitu. Zaintza kamera batzuei esker, deskubritzen du emaztea anakoreta batekin dagoela, kapitainak berak erreskatatu eta babestu zuen harexekin. Istorioa kapitainaren ikuspuntutik kontatzea erabaki du idazleak.

Introspekzioa nagusi

Kontakizunak introspekzioa du ardatz, eta pertsonaien barne mundua erakustea du helburu. Zubizarreta: «Irudipena dut denbora dispertsio moduko batean gaudela, gaurkotasunaren tiraniaren pean, eta ez garela konturatzen egunerokotasunaz, txikitasunaz, bizitzak esan nahi duenaz». Egileak aipatu du oraindik ez dakiela istorioak nora eramango duen, eta bekak aukera emango diola «patxadazko parentesi bat» hartzeko: «Posible egiten du honetan dihardugunok atsedenaldi bat izatea, oasi txiki bat».

Zinemako eta literaturako erreferentzia batzuk aipatu ditu idazleak, Txoriei begira zegoen gizonari begira zegoen emakumea sortzeko baliagarri izan zaizkionak. Horietako bat da Nathaniel Hawthorneren Wakefield ipuina. 1835ean idatzitakoa da, eta, hartan, gizon bat bat-batean desagertzen da, familiari eta ingurukoei azalpenik eman gabe. Hogei urtez hura gabe bizitzea nolakoa den arakatzen du. Fernando Fernan Gomezen El anacoreta filma ere izan du inspirazio: etxeko komunitatetik ez irteteko erabakia hartzen duen gizon bat da filmeko protagonista.

Aurtengoa bekaren bigarren aldia da. Iaz Eider Rodriguezek eskuratu zuen, Istripu baten kronologia proiektuarekin. Rodriguezen fikziozko lehen eleberria izango da: unibertsitateko irakasle bat da protagonista, eta hark izandako istripu baten kontaketa kronologikoa izango da liburuaren ardatza, ETAren amaieraren osteko giroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.