Fikzioak galdu du, azkenean. 4 3 2 1 eleberrian, pertsonaia bakar batek izan zitzakeen lau bizitza posibleak esploratu zituen Paul Auster idazleak. Laurak puntu berean hasten ziren, haren gurasoek AEBetarako migrazio eta sarbidean izandako izen aldaketa beretik abiatu, eta ezpalatuz joaten ziren gero ibilbideak. Arbola batek azpian harrapatuta, gazte hiltzen da protagonista ibilbide horietako batean, bohemio bihurtzen da beste batean, nola edo hala aurrera egiten du bestean... «Bizitza bakarra edukitzera murriztuta gaude», eman zuen azalpena 2017an Bilbon egindako nobelaren aurkezpenean, «baina liburuak kontatzen du bizitza bakar hori nola izan zitekeen ezberdina, baldin eta baldintzak ezberdinak izan balira, are, baita soilik apur bat ezberdinak balira ere». Eta, besteak beste, patuari, kointzidentziei eta zoriei jarritako arreta hori da haren lanaren muinetako bat. Estilo zainduz eta literatur hondo sakon batez kontatu du errealitatea nola txirikordatu daitekeen bihurgunerik txikienekin. Eta errealitateak irabazi du, azkenean. Biriketako minbizia zuela iragarri zuen duela hilabete batzuk, eta bart hil da, New Yorken, 77 urterekin, The New York Times egunkariak jakinarazi duenez.
Lehen lerroko idazlea da Auster, eta ezagun dira haren New Yorkeko trilogia, Brooklyngo erokeriak, Leviathan eta Sunset Park eleberriak, esaterako. Berrogei liburu baino gehiagoko emariarekin, Ipar Amerikako idazlerik esanguratsuenetakotzat daukate kritikariek, eta maiz aipatu izan dute haren izena Literaturako Nobel sarietarako hautagaien artean, nahiz eta ez den sekula heldu jasotzera. Halere, idazle bizitzaren hasiera ez zela hain erraza izan gogoratu zuen Bilbon egindako aurkezpenean. Gogoratu zuenez, hamazazpi argitaletxek esan zioten ezetz Kristalezko hiria eleberriaren eskuizkribuari. Ezetz, ezetz eta ezetz, hain justu ere, 1985ean literatur solasaldi guztietara eraman zuen lanari. Baina, haren hitzetan, hasierako ezezko haiei bezala, ondorengo laudorioei ere entzungor egitea izan du erronka azken urteetan. «Eduki burua lurrean, segi lanean, eutsi goseari, eta jarraitu zeure burua urrunago joatera behartzen».
Ikusi gehiago
Zortzi urterekin hasi zen Austerren idazle bizitza. Haren beisbol jokalaririk maiteenak pilota sina ziezaion lortu ez zuenean, zehazki. Hala kontatu izan du autoreak berak, behintzat. Ez gurasoek, ez idazleak berak ere ez baitzuten arkatzik eraman. Beti arkatz batekin ibiltzeko promesa egin zion idazleak bere buruari orduan. Idatzi zuenez, horrela, «egunen batean erabiltzeko tentazioa izateko aukera handia» dagoelako. Eta bada haren mitologia pertsonalean behin eta berriz errepikatzen den anekdota bat ere: 14 urte zituela, udako kanpaleku batean, tximista batek kolpean hil zuen justu ondoan zuen beste mutil bat. Bizitzari buruzko iritzia aldatu zion horrek, eta 4 3 2 1 eleberrian ere kontatu zuen, fikzioaren ispilutik.
«Funtsean, jainkoek hil zuten mutil baten alboan egoteak aldatu egin zidan munduari buruzko ikuspegia. Asumituta neukan nire erosotasun burgesak ordena moduko bat zuela gerraosteko nire New Jersey suburbanoan. Eta orduan ohartu nintzen ezerk ez ziola ordena moduko horri jarraitzen. Bizitza osoa eman dut gogoeta horrekin. Beldurgarria da, baina baita liberatzailea ere. [...] Idazle bakoitzak du istorioak kontatzeko bere bultzada. Baina, nire ustez, hori da urteotan guztiotan egin dudanaren muina».
Musikak gidatuta
Bere idazketari buruzko bestelako hainbat azalpen ere eman zituen autoreak Bilbon izan zenean. «Sekula ez zait gustatu liburuak askorik planifikatzea. Bulkada batekin hasten naiz, prosaren musikaren zantzu batekin, eta liburu bakoitzak dauka bere musika horregatik. Musika entzun badezaket, liburua idatz dezaket». Eta maiz egin izan zuen bezala, Bilbon ere paragrafoa nabarmendu zuen funtsezko lan unitatetzat. «Idaztean, sekula ezagutu gabeko herrialdeetara doan abenturazale baten pare sentitzen naiz maiz».
Siri Hustvedt idazle eta Austerren emazteak jakinarazi zuen gaixo zegoela, duela urtebete, eta horren ondoren utzi zuen kultur jarduna Austerrek. Baumgartner lana izan zen argitaratu zuen azkena (2023); bertan, hildako emaztearekin izandako maitasun harremanari tiraka, Baumgartner filosofia irakasleak aurre egiten dio memoria, dolua, zoria eta amodioa txirikordatzen diren istorio bati. «Hau izan daiteke idazten dudan azken gauza», onartu zion idazleak The Guardian egunkariari emandako elkarrizketan. Eta, aurrerantzean bestelako eskuizkriburik agertu ezean behintzat, hala izango da.
Ikusi gehiago
New Jersey estatuan jaio zen, 1947ko otsailaren 3an; literatura ikasketak egin zituen AEBetan, baina itzultzaile ere aritu zen, eta, besteak beste, Stephane Mallarme, Jean-Paul Sartre eta Georges Simenon itzuli zituen ingelesera. Parisen ere bizi izan zen denboraldi batez, eta hara itzuli zen 1967an ere, Vietnamgo gerrara joateko deiari ihes egiteko. Zinemagintza ikasten ere saiatu zen bertan, eta, eskola ofizialerako sarbide azterketan porrot egin arren, gerora, hainbat film idatzi (Smoke, Wayne Wang, 1995) eta hiru ere zuzendu zituen (Blue in The Face, 1996; Lulu on The Bridge, 1998; eta The Inner Life of Martin Frost, 2007). Eta Donostiako Zinemaldiko epaimahaiko burua ere izan zen 2007an.
Edonola ere, New York hiriari lotuta egon da haren ibilbidea, eta, batik bat, Brooklyn auzoari. Argi hitz egin izan du Donald Trump presidentearen aurka, eta PEN Clubeko kide ere izan da.

Euskal Herrian ere harrera ona izan du beti haren lanak, eta, ondorioz, haren hamar liburu daude euskarara itzulita. Eta Austerren literaturak duen erakarmena ulertzeko esanguratsua da lan horiek nork euskaratu dituen ikustea ere: Unai Elorriagak, Oskar Aranak eta Harkaitz Canok itzuli baitute. Elorriagak euskaratu ditu Ezkutalekua, Argi-ilunak, eta Laurel eta Hardy zerura bidean antzerki testuak (Zubizabal). Aranak itzuliak dira Brooklingo erokeriak (Alberdania); Bidaiak scriptoriumean zehar (Alberdania); Gizona ilunpean (Alberdania); Ikusezin (Alberdania); Sunset Park (Alberdania); eta Neguko egunerokoa (Txalaparta). Eta Canok itzuli eta Txalaparta argitaletxeak eman zuen argitara Kristalezko hiria, Paul Karasikek eta David Mazzucchellirek Austerren izen bereko eleberrian oinarrituta ondutako nobela grafikoa. Times aldizkariak inoizko AEBetako idazlerik handienetako bat izendatu zuen.