Zinema

Paul Urkijo zuzendaria pelikula bat filmatzen hasi da: 'Hiru olatuak'

Besteak beste, Iñigo Aranbarri, Fariba Sheikhan, Karmele Larrinaga, Urko Olazabal eta Iñake Irastorza daude aktoreen artean. Itsasoarekin lotutako kondaira bat da lanaren abiapuntua.

Fariba Sheikhan, Paul Urkijo eta Iñigo Aranbarri, grabaketako irudi batean. ATERA FILMS
Fariba Sheikhan, Paul Urkijo eta Iñigo Aranbarri, grabaketako irudi batean. ATERA FILMS
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko urriaren 22a
14:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orain artean egindako filmetan aurrekonturik handiena izango du Paul Urkijo zinemagilearen pelikula berriak. Hiru olatuak du izena proiektu berriak, eta lan taldeak ohar bidez adierazi duenez, jada hasi dira filmatzen. Urkijok berak Caye Casasekin batera idatzi du gidoia. Euskaraz izango da filma.

Beste behin, euskal mitologia izan du ardatz zuzendariak; oraingoan, itsasora egin du salto, ordea. Hiru olatuen kondaira da kontakizunaren abiapuntua. «Itsasoan ezkutatzen diren arriskuak eta itsasoak jainko atabiko, pagano eta beldurgarri gisa duen boterea kontatzen ditu» lanak, Urkijoren esanetan. Lehenengoz, iragana atzean utzi, eta orainean eraiki du istorioa, baina zuzendariaren hain berezkoa den ipuinetako iruditeria alde batera utzi gabe. «Naturaz gaindiko thriller bat da; erritmo bizkorrean, ikuslea eromenez, kresalaz eta alkoholez bustitako istorio batean murgiltzen du», adierazi du.

Pelikula Euskal Herrian filmatuko dute gehienbat, eta euskal aktoreen zerrenda zabal batek hartuko du parte: Iñigo Aranbarri, Fariba Sheikhan, Urko Olazabal, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre, Karmele Larrinaga, Belen Cruz, Iñake Irastorza, Goize Blanco, Elias Garcia eta Mikel Losada.

Isaac (Iñigo Aranbarri) da Hiru olatuak-eko protagonistetako bat, aita izatear da Marta emaztearekin (Fariba Sheikhan). Duela 30 urte Isaaci aita hil zitzaion, itsasoan itota, eta ezin du gertatutakoa ahaztu. Hori dela eta, aita bizi zen herrira joatea erabakitzen dute bi protagonistek, eta aita berriro agertu dela deskubrituko dute. Hiru olatuen kondairaren berri izango dute orduan, eta horrek zeharo obsesionatuko du Isaac.

Urkijoren hirugarren film luzea da Hiru olatuak. Aurretik egindakoak dira Gaua (2025), Irati (2023) eta Errementari (2017).

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA