Artea

Pello Irazuk, Txomin Badiolak eta Dario Urzaik New Yorken bat egin zutenekoa

Hiru artistak elkarren bueltan ibili ziren New Yorken 1990eko hamarkadan, eta orduan sortutako obrak jarri dituzte orain ikusgai Bilbon. Atzera begirako bat egin dute, baina «nostalgiarik gabe», hiru sortzaileen hitzetan.

Dario Urzai, Pello Irazu eta Txomin Badiola erakusketaren aurkezpenean Michel Mejuto galerian, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Dario Urzai, Pello Irazu eta Txomin Badiola erakusketaren aurkezpenean Michel Mejuto galerian, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Lehen aldia da 36 urtean erakusketa bat elkarrekin egiten duguna eta seguruenik ez dira beste 36 urte pasatuko hurrengorako». 1990ean New Yorken bat egin zuten Dario Urzai, Txomin Badiola eta Pello Irazu euskal artistek. Manhattanen bizi ziren hirurak, elkarren bueltan beti. Eta sasoi hartan sortutako artelanak bildu dituzte orain Bilboko Michel Mejuto galerian. Txomin Badiola, Pello Irazu, Dario Urzai. Nueva York, Primeros años, 1990-1992 deitu dute erakusketa, eta hiru protagonistak batu dituzte aurkezpenean. Urzaik gogorarazi die datua lagunei: 1989. urtean egin zuten azken erakusketa batera, Londresko Riverside Studios-en. Eta ia berrogei urte pasatu dira berriz ere elkarrekin erakusketa bat aurkeztu ahal izan duten arte. Urtarrilaren 31ra arte egongo da ikusgai.

Michel Mejuto arte historialari eta galeristak batu ditu berriz hiru artista eta lagunak. «Interesgarria» iruditzen zitzaion hiru euskal artista horiek 1990 eta 1992 bitartean New Yorken topo egin izana, eta horrek bultzatu zuen erakusketa proposatzera. «Ipar Amerikako gizartearekin, bizitzarekin, kulturarekin eta artearekin kontaktuan jarri ziren, eta horrek ziklo aldaketa bat ekarri zuen». Aurkezpenean gogoratu zutenez, Arte Ederren Fakultatean ezagutu zuten elkar Irazuk, Badiolak eta Urzaik, Bilbon. Unibertsitateko irakasleak izan ziren hirurak, eta, gainera, garai berean joan ziren atzerrira, lehendabizi Londresera eta ondoren New Yorkera. Elkarren arteko harremana estua da oraindik ere.

Hemeretzi artelan ditu erakusketak, eta galeriako hiru aretoak hartzen ditu. Tartean, badira marrazkiak, olio pinturak, argazkiak eta instalazioak ere, eta artista bakoitzaren nortasuna erakusten dute. Sortzaile bakoitzari gune propio bat eskaini beharrean, batzuen eta besteen lanak elkarrekin jarri dituzte ikusgai. Urzaik adierazi duenez, garai hartan «elkarri eragiteko» zuten moduarekin bat eginez jarri nahi izan dituzte piezak galerian. 

(ID_15592364) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2025-12-10, Bilbo. \
Irazuren 'White 10' eta Badiolaren 'Etxe sorgindua (Utopia Bañiland-en) 2' obrak Michel Mejuto galerian, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Artelanen artean, badaude jada ezagunak diren lanak, baina baita artistek inoiz erakutsi ez dituztenak ere. Urzairi dagokionez, erakusketan dauden obra guztiak dira aurrez erakutsi gabeak. Badiolaren eta Irazuren artelanetako batzuk, ordea, beste zenbait museo edo erakusketatan egondakoak dira. Hala ere, Badiolak uste du saldu gabe geratzen diren horiek direla artelanik «onenak»; artistak bere esku eutsi nahi dielako, edo nazioarteko erakusketan erakutsi ostean ez direlako merkatuan sartu. 

Bakoitzak bere nortasuna izan arren, Irazuk argitu du ez dela «inolako arazorik» egon hiru artisten lana bateratzeko: «Erakusketa bateratu bat egin nahi genuelako sortu da erakusketa hau, baina, guretzat, ez da inolaz ere nostalgikoa. Nolabait, denborak gure lanean zer eragin izan duen ikusteko modu bat da».

Ihes egiteko gogoa

Badiolaren hitzetan, nekeak eta ihes egiteko gogoak bultzatu zuten Euskal Herritik kanpora joatera. Gogoratu du fakultatea «zoritxarreko prozesu batean» zegoela garai hartan, eskola izateari utzi eta unibertsitate bilakatu baitzen. «Egoera gatazkatsu eta ez oso estimulatzaile bat zen», azaldu du. Beraz, Urzaik Londresera joateko aukera eskaini zionean, zalantzarik gabe heldu zion ihes egiteko aukerari. New Yorkera joatea «hurrengo urratsa» izan zen. 

«Ezin dugu ahaztu gu hirurok New Yorkera joateak leiho bat ireki ziola euskal artisten hurrengo belaunaldiari, eta gehienek gure bideari jarraitu diote»

TXOMIN BADIOLA Artista

90eko hamarkadako New Yorkeko kultura, politika, artea eta musika giroa «oso biziak» zirela gogoratu du Irazuk. Artista estatubatuarrekin lan egiteko aukera izan zutela ere erantsi du: «Maila handiagoko, bereko eta apalagoko artistekin egon ginen, eszenatoki eta haztegi berean». Geroztik Ameriketako Estatu Batuetako metropolira itzuli den arren, hiriarekin «harreman profesionala» izan du, azaldu duenez. Izan ere, Irazuren aburuz, New York «garai jakin batean bizitzeko moduko» leku bat da: «Zikloak betetzen ditu». 

Badiolak deritzo erakusketak agerian uzten dituela hiru artistek izandako bizipenak. Aldi berean, gogorarazi du 90eko hamarkadan New Yorken egin zituzten obrek Euskal Herriko garai bateko arte plastikoaren arauak «hautsi» zituztela. «Ezin dugu ahaztu gu hirurok New Yorkera joateak leiho bat ireki ziola euskal artisten hurrengo belaunaldiari, eta gehienek gure bideari jarraitu diote». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.