Pentsatzea ere egitea baita

'Euslandia' plazaratu du Miriam Lukik, gogoeten bilduma pertsonala euskal kultura eta identitatea ardatz duela

Miriam Luki, Euslandia liburua aurkezten, atzo, Mintzolan, Villabonan. LANKU.
gorka erostarbe leunda
Villabona
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko eskailera batzuetan hasi zen Euslandia-aren istorioa, Julen Arexolaleiba Euskal Kulturgintzaren Transmisioa Graduondokoaren koordinatzaileak ikastaroaren berri jasoko zuen lan bat egiteko aukera proposatu zionean Miriam Lukiri. 2008-2009ko ikasturtea zen. Urtebete lehenago Maialen Lujanbiok Hau koaderno bat zen izenekoan bildu zituen ikastaroan entzun eta ikusitakoak.

Baiezkoa erantzun zion kazetariak. Baiezkoa eman zuen, nahi zuena egiteko «askatasuna» izan zuelako. «Nahi nuena baino gehiago barruak eskatutakoa egin dut». Eta barruak eskatutakoa egin zuen, graduondokoan sartu orduko galderak sortu zitzaizkiolako elkarren segidan.

«Ez dut esango galdera horiek erantzun ditudanik. Nire barruari begiratu diot, eta galdera gehiago etorri zaizkit, eta galderak hor utzi ditut». Galderak hasiera-hasieratik sortu zitzaizkion, bere burua graduondokoan ikusi zuenetik. Bere buruari egin behar izan zizkion lehen galderak: «Nire bizitza ez dut egiten ehuneko ehunean euskaraz. Nire bizitza gaztelaniaz ere bada. Eta galdetu behar izan nion neure buruari euskararekin zein harreman daukadan. Zein diren nire oroitzapenak, nire konplexuak, nire filiak, nire fobiak. Lehen galderak izan ziren ni euskal naiz? Onartuko naute hemen?».

Ni-tik bere buruari egindako galderetatik gu bati egindako galderetara igaro zen, euskal komunitateari egindako galderetara. Galderek osatzen dute Euslandia-ren hezurdura nagusia. Liburuak tesirik duen ez daki Lukik. Tesia baino gehiago «sinesmena» deituko lioke. Sinesmen horrek galderak egitearekin du zerikusia. Pentsatzearekin. Hala dio egileak berak liburuan: «Egiteko baino gehiago, pentsatzeko garaia da, pentsatzea kontzientzia hartzea da, egiteko prestatzea, egitea».

Galderek eman diote sostengua Lukiren jardunari. Eta galderak egiteko bidaideak ez zaizkio falta izan. Irudi grafiko bat erabiliz gero, ehungailu batekin alderatuko luke liburua. «Hariak ateratzen zitzaizkidan gai bakoitzetik, etengabe». Hariak hainbat lekutatik eta hainbat modutara ateratzen zitzaizkion. «Lehen hariak nire ohar koadernotik ateratzen zitzaizkidan. Hura izan zen nire lehen lanabesa. Hortik ateratzen ziren hari gehiago. Adituek esandako gauza bakoitza hari bat zen niretzat. Eta hari horietatik beste hari batzuetara». Entzundakoarekin ez zen konformatzen, eta erreferentzia gehiago bilatzen zituen, «sakontzeko eta ulertzeko asmoarekin».

Unibertsala eta lokala

Euslandia ez da liburu konbentzionala formari dagokionez. Azala, diseinua eta irudiak Concetta Probanza artistak eta egilearen adiskideak egin ditu. Ikastaroan entzundakotik abiatzen du kapitulu bakoitza, eta, ondoren, Lukik berak idatzitakoak eta beste idazle batzuei «ostutakoak» azaltzen dira, hariz hari euskal kultur eta identitatearen mataza osatuz. «Uste dut ondo dagoela besteen hitzak erabiltzea norberak esan nahi duena esateko egokiagoak direnean». Hala, Koldo Zuazorengandik Jorge Oteizarenganainoko bidea egin du batean,Imanol Galfarsororengandik Herbert Marcuserenganaino bestean, eta Mario Zubiagarengandik Ernesto Laclaura edota Slavoj Zizekenganaino, edota Maialen Lujanbiorengandik Eduardo Galeanorengana hurrengoan. Arendt, Aresti, Azurmendi, Artze, Camus, Atxaga, Gelman, Sarasua, Lete, Mirande, Pavese, Sarrionandia eta Xamar dira, besteak beste, liburuan presentzia duten beste egileetako batzuk.

Bai Euskal Herriko egileek, bai atzerrikoek hala dute lekua Lukiren gogoeten ehunduran. Ikastaroan bezala, liburuan ere unibertsalaren eta lokalaren dialektikari eutsi dio. «Ikuspuntu unibertsala eta lokala etengabe nahasten dira.Horiek osatu dute ardatz nagusia».

Liburuaren hasiera eta amaiera garbi zituen Lukik. BazekienT. S. Elliotek idatzi eta Gabriel Arestik euskarara ekarritako Lau Quartetto poemarekin hasiko zuela: «Explorationea eztugu utzico/ eta exploratione guztiaren fina/ Içanen da has ginen lekura arrivatu/ eta hura lehen aldiz ezagutu/». Amaiera, berriz, Jose Luis Padron poeta eta adiskideak idatzi eta Garik kantaturiko harekin: «Garaipenik eta galtzekorik gabe esperantzara kondenatua(k)». Hasierako ikertzeko gogoaren eta bukaerako esperantzaren artean euskal kulturaren transmisioari loturiko beste hainbat gairi botatzen die soa Urretxuko (Gipuzkoa) kazetariak. Eta kasurik gehienetan galdera batez edo galdera askoz amaitzen dira gogoetak.

Euskal kulturaren diskurtsoei buruz jardutean galdetzen du zer hitz erabiltzen ditugun «gutaz» hitz egiteko. Zergatik esaten diogun euskarari «gutxitu». «Balio dute orain arteko diskurtsoek?». Galdetzen du zer den politika. Berdina ote den euskarentzat politika egitea edo euskararekin politika egitea. Etsaiak behar ote diren beti. «Eta hala bada, nor diren etsaiak».

Lanku argitaletxeak eta Mondragon Unibertsitateak lankidetzan plazaratu dute Euslandia. www.lanku.com denda digitalean eta ohiko liburu dendetan eskura liteke, 18 euroren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.