Hilberria

Perry Bamonte The Cure taldeko gitarrista eta teklista hil da

Musikaria bi garaitan izan zen Erresuma Batuko talde horretako kide, eta hala hainbat diskotan nola ehunka kontzertutan parte hartu zuen. Taldeak eman du heriotzaren berri. 65 urte zituen.

Perry Bamonte, 2023an Bogotan emandako kontzertu batean. CAMILA DIAZ / EFE
Perry Bamonte, 2023an Bogotan emandako kontzertu batean. CAMILA DIAZ / EFE
Ainhoa Sarasola.
2025eko abenduaren 27a
19:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Londresen sortua zen Perry Bamonte, 1960an, eta, bere ibilbidean hainbat musika tresna jo zituen arren, baxuarekin hasi zen. 19 urterekin, Robert Marlow eta Vince Clarke gitarristek osatutako The Plan taldearekin bat egin zuen —Paul Langwith bateria jotzailearekin batera—. Handik urte batzuetara, The Curek 1984an egin zuen biran, taldeko lider eta abeslari Robert Smithen gitarra teknikari aritu zen.

Hainbat urtez jardun zuen taldekideentzat teknikari —haien hitzetan, «taldearen zaindari»—, eta 1990ean hasi zen kide gisa jotzen. Roger O’Donnell ordezkatu zuen lehenik, teklatuetan, eta 1993tik aurrera gitarra ere hartu zuen eskuetan, Porl Thompsonek taldea utzi zuenean. Hainbat albumetan parte hartu zuen, hala nola Wish, Wild Mood Swings, Bloodflowers, Acoustic Hits eta The Cure lanetan —gitarra, sei sokako baxua eta teklatuak grabatu zituen—, eta hamalau urtez laurehunetik gora kontzertu eman zituen taldearekin.

2005ean utzi egin zuen The Cure, ilustrazioan eta arrantzan aritzeko. Baina 2022an berriro batu ziren kideak, eta iazko azarora arte beste 90 bat kontzertu eman zituzten elkarrekin.

Taldeak berak eman du Bamonteren heriotzaren berri, atzo beren webgunean zabaldutako agiri baten bidez. Azaldu duenez, Gabonetako egunotan hil da musikaria, etxean eta gaixotasun labur baten ondorioz. «Isila, bizia, intuitiboa, saiatua eta izugarri sortzailea izan zen, The Cureren historian ezinbestekoa. Asko sumatuko dugu haren falta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.