SAILKAPENA
1. Peru Abarrategi: 377 puntu.
2. Danel Herrarte: 359,5 puntu.3. Andere Arriolabengoa: 349,5 puntu.
4. Xabi Igoa: 347 puntu.
5. Martin Abarrategi: 343 puntu.
6. Sabin Abarrategi: 333, 5 puntu.
Filmen metaforari kasu egiten bazaio, gutxi omen dira jatorrizkoaren kalitatera iristen diren sekuelak. Beste horrenbeste esan zuen antolatzaileetako batek Dulantziko lehen finalerdiaren ondotik: «Oso ona beharko du Aramaioko saioak hemen beste puntu pilatzeko». Salbuespenak, ordea, egon badira, eta horrela erakutsi du Aramaioko saioak, gaur. Saioa maila handikoa eta parekatua izan den seinale, ohi baino denbora gehiago behar izan dute epaileek garailea nor den ebazteko, baina, azkenerako, Peru Abarrategi nagusitu da, 377 punturekin.
Irabazleak herrikideen sostengua izan duela egia da, baina parte hartzaile guztiei buruz esan daiteke gauza bera, beharbada, aramaioarrez mukuru egon baita oholtza: seitik sei, kiniela osoa. Hortaz, guztiek izan dute publikoaren faborea eta berotasuna saioan, eta hasiera-hasieratik egin da hori nabarmen, goraino bete baita kultur etxeko aretoa. Aramaioar zoliren bat edo beste saiatu da azken orduan sarrerarik gabe etorri, sartu eta lekua bilatzen, baina porrot egin dute haien asmoek: antolatzaileek dozena erdi bat lagun utzi behar izan dituzte kanpoan, aulki guzti-guztiek jabea izan baitute. Azkenik, tetris piezen antolatze horrekin bukatu ondoren, sartu dira bertsolariak, ordu laurden berandu, eta txalo zaparrada indartsua entzun bide da Krutzetako mendate gainetik.
Anaien dema
Sekuela onik bada, The Godfather (euskaraz, Aitajauna) sagaren bigarren pelikula aipatu ohi da adibidetzat. Bada Aramaioko saioaren eta film horren arteko paralelismorik. Izan ere, Marlon Brandok gorpuzturiko Vito Corleoneren sendiak New York kontrolatzen duen bezala, Abarrategitarren sendiak oholtza gehiengoz izan baitu kontrolpean, hiru anaia aritu baitira bertan bertsotan: Sabin, Peru eta Martin Abarrategi. Eta horien artean Aitajauna aukeratu behar bada, anaia nagusiak, Peru Abarrategik hasieratik markatu nahi izan du bidea: «Nire odol berekoak,/ begiratu, badira bi./ Martintxo eta Sabintxo jada egin dira handi,/ ta errespetua zor zaio/ anai nagusienari/ plazak lapurtzera gatoz/ Gasteizeko finalari». Anaiek, ordea, egin diote desafio, eta Sabin Abarrategik arrapostu: «Ama berdinak erditu/ bazituen hiru anai/ gaurkoan Sabinek ez du/ hirugarrena izan nahi».
Hain zuzen ere, bi anaia horien artekoa izan da zortziko handiko saiorik gogoangarriena. Etxegabetuak izatear zeuden bi pertsonaren rolean jarri dira Sabin eta Peru Abarrategi. Polizia atean joka, amore eman eta alde egin nahi zuen lehenak; bigarrenak, berriz, amaierara arte borroka egin. Kanpora irteteko anaiaren gonbitaren aurrean, «baina nik behin zina egin nuen/ etxe honetan hiltzeko./ Altu diot, ez daukat asmorik/ gaur aterik zabaltzeko./ Ni prest nago zuri eskutik heldu/ ta gogor borrokatzeko!» kantatu du, indartsu, txapeldun ohiak. Anaia geratzeko konbentzitu ez badu ere, bere aldarriekin publikoa bereganatu du Abarrategitarren zaharrenak, txalo zaparrada jaso baitu ordainetan.
Hamarreko handiak ere protagonista bera izan du, Andere Arriolabengoarekin kantari. Beldurrezko film bat ikustera joan den bikotearena egin dute Peru Abarrategik eta Arriolabengoak. Abarrategik, beldurtuta, eskua estutu eta gorritu dio Arriolabengoari pelikula ikusten ari zirela. «Jan beharrean goxo/ zineman muturra/ ia puskatua dit/ eskuko hezurra/ eta orain sartu zait/ zalantza apurra/ maitasuna ote zen/ edota beldurra», jo dio adarra Arriolabengoak. «Beti ibiltzen naizenez maitekor antzeko/ Tres metros sobre el cielo hurrengoan hobeto», egin dio arrapostu Abarrategik. Publikoaren irri karkailek erantzun diete bertsoaldi osoan.
Txapeldun ohia irabazle
Alta, anaia gazteagoen aldetik izan du konpetentzia Peru Abarrategik. Sabin eta Martin anaiak, nahiz eta tarteka kirioengatik trabatu, fin aritu dira saioan, eta Herrartek ere utzi ditu hainbat perla, Sabin Abarrategirekin egindako hamarreko txikian eta puntu-erantzunetan, adibidez.
Ganbarakoan, ordea, anaia nagusia gailendu da berriro, eta badirudi publikoak ordurako irabazlea erabakia zuela, hura izan baita kantuan hasi baino lehen txalo eta txistu gehien jaso duena, besteek ere andana jaso badute ere. «Mingaina eta bihotza beti ez doazela batera konturatu zara» gaiari bikotekidea engainatzen duen pertsonaren larruan jarrita erantzun dio Abarrategik. Tartean metafora ederrak utzita, «kontatu behar nioke/ baina ez diot kontatu nahi» antitesiarekin borobildu du saioa.