Peru Magdalenak loezinaren bidaia kontatzen duen poema luze bat jaso du 'Beila' liburuan

Esna egotearen eta lo egotearen arteko mugan dabilen baten ahotsa jaso du idazleak. Balea Zuria argitaletxearekin kaleratu du, eta barne bidaiak egiteko gonbidapena egin die irakurleei.

Peru Magdalena 'Beila' poema liburuaren aurkezpenean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Peru Magdalena 'Beila' poema liburuaren aurkezpenenean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2026ko azaroaren 20a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txiki-txikia da, poltsikoan sartzeko modukoa. Eta ez du kapitulurik, ezta atal zurrunik ere. Urak ibaian nola segitzen dute hitzek bidean, orriz orri; liburua hasi eta buka. Peru Magdalenak Bilintx gogoratuz aurkeztu du poema liburua, Bilintx 1876an hil zen arren, eta, beraz, ezinezkoa den arren, idazlearen hitzetan, halaxe abestu baitzuen behin bertsolari donostiarrak: «Beila aurkezten elkartu gara/ zenbait poesia zale/ kazetariak, lagunak eta/ zuri diren hiru bale/ proposamena luzatu nien/ ta esan zidaten bale/ orain liburu txiki honekin/ hemen zenbait limoi ale/ protagonista dut poeta bat/ dabilena kalez kale». Eta protagonista ibiltari horren pausoei jarraitu die Magdalenak: Beila poema liburua argitaratu du Balea Zuria argitaletxearekin. Hain zuzen ere, «lo egin ezinik dabilen protagonista baten ibilera» jaso duela kontatu du idazleak. Limoi bat ageri da azalean, urtzen ari dela, tantaka.

«Insomnioa ez da soilik egoera fisiko jakin bat, ez da sintoma fisiko soil bat. Norberaren existentziaren pisua sentitzeko modu bat da», azpimarratu du Juan Ramon Makuso editoreak. Beila poema liburuaren protagonistak gaua hasten den orduko ikusten dituen horiek kontatzen ditu, eta, bitartean, inguruari buruz hausnartzen du, helmuga zehatzik gabeko ibilian. Makusok azaldu duenez, iragazkirik gabeko pentsamenduak kontatzen dira liburuan: «Kontzientzia jario bat dago, pentsamendu kate bat ere bai, beldurrak daude, oroitzapenak»... 

«Insomnioa ez da soilik egoera fisiko jakin bat, ez da sintoma fisiko soil bat. Norberaren existentziaren pisua sentitzeko modu bat da»

JUAN RAMON MAKUSO Editorea

Izan ere, Makusoren iritziz introspekzio lan baten emaitza da Magdalenaren Beila, eta lan hori sosegu falta zer den kontatzeko baliatu duela uste du. «Gizakia bere baitara biltzen denean esaten dugu introspekzio lan bat egiten ari dela; hau da, kanpoko zaratatik deskonektatzen dela», esan du editoreak. Bada, errealitatearen eta iruditeriaren artean egon daitekeen «barne bidaia bat» kontatzen du Magdalenaren poema liburuak, eta Makusok liburuaren azken orrialdeko hitzak errezitatu ditu horren erreferentzia gisa: «Bertan/ irrifartsu etzan/ eta loak hartzen nau/ eguzki betean». 

Zein esna, zein lo

«Lo egiteak edo amets egiteak zer dakarkigun gizakioi». Editoreari horri buruz hausnartzeko beta eman dio Magdalenaren poema liburuak, baina, funtsean, idazleak zehaztu du Beila ez dela hausnarketa liburu bat: «Liburu honetako protagonista begirada bat da». Esnaldiaren eta loaldiaren arteko mugan kokatu du protagonistaren begirada, «non emozioak indartu egiten diren, non sentsibilitatea findu egiten den»: «Egoera horretan, begiratzeko era desberdin bat izaten dugu. Gauzak arroztasun moduko batetik ikusten ditugu, baina, era berean, benetakoa da begirada». 

«Poetak eta filosofoak elkarrekin lotzen dituen mapa historiko moduko bat da, abiadura mantsotzeko gidaliburu bat edo benetan arduratzen gaituen horretara itzultzeko gonbit bat»

PERU MAGDALENA Idazlea

Elhuyar hiztegiak hiru adiera ematen omen dizkio beila hitzari: lo gabe egotea, peregrinazioa eta parranda. «Esango nuke liburu honek hirurak hartzen dituela bere baitan», esan du Magdalenak. Ez baita erraza liburua bera definizio bakar batean sailkatzea. Liburu epiko bat ote den ere galdetu zioten behin idazleari, eta hark zera argitu bueltan: «Poema bakar eta luze bat da, bidaia bat kontatzen duena. Baina ez dago abentura gerokorik, ez dago egin beharreko misiorik; hortaz, epikoa izatekotan, gehiago litzateke epiko intimoa edo kontenplaziozkoa». Eta barne bidaia bat egiteaz gain, liburuak irakurleari ere horretarako gonbidapena egiten dio; «begirada entrenatzeko bidelagun bat» aurkeztu nahi izan baitu Magdalenak: «Inguratzen gaituena edozer dela ere estimuan jartzeko gonbidapen bat». 

Eta, definizioekin hasita, posible batzuk bota ditu Magdalenak: «Poetak eta filosofoak elkarrekin lotzen dituen mapa historiko moduko bat da, abiadura mantsotzeko gidaliburu bat edo benetan arduratzen gaituen horretara itzultzeko gonbit bat». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA