Orain dela 21 urte argitaratu zuen Peter Gabrielek (Chobham, Ingalaterra, 1950) kantu berriz osatutako bere azken-bigarrengo lana, Up (2002), eta haren aurrekoa, Us, 1992koa da. Horregatik, batzuek sorpresaz eta beste batzuek Genesis taldeko abeslariaren abesti berrien gosez hartu dute Gabrielen itzulera. Joan den azaroaren 27an publikatu zuen bere bakarkako ibilbideko hamargarren diskoa: i/o.
Azken urteetan ez du sormen handirik erakutsi Gabrielek, eta, diskoak argitaratu baditu ere, horietan aurretik berak edo beste batzuek grabatutako kantuak moldatu baizik ez du egin. Scratch My Back-en (2010), adibidez, besteak beste, Radiohead, Lou Reed, The Magnetic Fields, Randy Newman, Regina Spektor eta The Kinksen kantuak eraman zituen bere eremura —gerora, artista horietako hainbatek kontrakoa egin zuten, Gabrielen kantu baten bertsioa grabatu, And I’ll Scratch Yours diskoan (2013)—, eta New Blood lana (2012), berriz, bere kantu ezagunenetako batzuen (Solsbury Hill, Don’t Give Up, Red Rain) bertsio orkestratuz osatua zegoen.
Joan den hilean iritsi zen azkenean i/o diskoa, baina lana osatzen duten hamabi piezak banan-banan joan da aletuz 2023 honetan, horietako bakoitza ilberriarekin eman baitu ezagutzera. Dena dela, Gabrielek berak adierazi duenez, diskoa osotasunean ulertu behar da, ez kantu solteen bilduma huts gisa. Gainera, diskoa bertsio bikoitzean argitaratu du. Lehenengoaren (Bright-Side Mix) nahasketak Mark Stente Spice-k egin ditu, eta bigarrenarenak (Dark-Side Mix), berriz, Tchad Blakek. Lehenengoa, izenburuak dioen moduan, distiratsuagoa da, eta bestea, ilunagoa, nahiz eta bien arteko ezberdintasunak oso txikiak diren.
Desbideratu gabe
Ez da i/o askorik aldentzen Gabrielek 1980ko hamarkadaren erdialdean finkatu zituen moldeetatik. Bere bakarkako lehenengo diskoetan, batik bat Peter Gabriel II (1978) eta Peter Gabriel III (1980) lanetan, bide berriak bilatu bazituen ere, So (1986) lan arrakastatsuarekin mainstream-era gerturatu zen inoiz baino gehiago —Don’t Give Up eta Sledgehammer kantu arrakastatsuak dira horren isla—, eta azken 30 urteetan argitaratu dituen lan apurrek bide berari segitu diote. Ez da hortik desbideratu i/o-n, eta publiko zabal batek aise dastatu dezakeen lana osatu du, nahiz eta Moribund the Burgermeister eta I Don’t Remember abestietan egileak ez dion bizkarra eman nolabaiteko bilaketari. Ez alferrik, art-rockaren izen handia bilakatu zen Gabriel Genesisen rock progresiboa atzean utzi zuenean, eta, oraindik ere, aleka bada ere, erakusten du komertzialtasun hutsetik alde egiteko nahia eta ahalmena.
Diskoa kantu bizi eta erritmikoen (Road to Joy, zeinak Sledgehammer ekartzen duen gogora, The Court) eta pasarte lasaiagoen artean mugitzen da. Azken horien artean daude Love Can Heal, So Much, pianoaren notetan ardaztutako balada sentikorra, eta Playing For Time, hori ere kantu lasai eta soila, nahiz eta amaiera aldera orkestra konponketa handinahiak gailentzen diren. Badira komertzialtasunera modu agerikoagoan lerratzen diren piezak; nabarmenena, Olive Tree, bere haize konponketa estandarrekin Phil Collinsen lana ekar dezakeena gogora —ez da ahaztu behar Gabriel eta Collins taldekide izan zirela Genesis taldean, 1970eko hamarkadan—, eta baita erritmo elektronikoekin eraikitako abesti sentikorrak ere, Panopticom kasurako.
Urteak daramatza Gabrielek musika talde finkoarekin lanean, eta lan berrian ere haiekin aritu da. David Rhodesek jo ditu gitarrak; Tony Levinek, baxua, eta Manu Katchek, berriz, bateria. Brian Enok, berriz, Road to Joy ekoizteaz gainera, ideiak ere mahai gainean jarri ditu prozesuan, kantariak berak aitortu duenez.