Liu Jian zuzendari txinatarraren Piercing I lanak irabazi du film luze onenaren saria AnimaBasauri-AnimaBasque jaialdian. Film labur onena, berriz, Gilles Cuvelier frantziarraren Love Patate izan dela iritzi diote Basauriko VII. Nazioarteko Zinema Jaialdiko epaimahaikideek. Basauriko Social antzokian sari banaketa egin zuten atzo.
Film luzeen artean, Aleksa Gajic eta Stevan Djordjevic serbiarren Technotise-edit and I lanarentzat izan da epaimahaiaren sari berezia. Film laburren atalean, berriz, Sam Orti Marti valentziarraren Vicenta lanak jaso du sari berezia. Eta Karratu sailean emandako film laburren artetik Guillermo Garcia Carsiren Doomed hoberena izan dela iritzi dio.
Hilaren 1ean hasi zen jaialdia, eta 35 herrialdetako 126 lanen artetik aukeratu dituzte irabazleak.