Zinema estreinaldiak

Ping-pongeko txapeldun apustuzalea

Marty Reisman mahai teniseko jokalariaren bizitzan oinarritutako filma zuzendu du Joshua Safdiek: 'Marty Supreme'. Oscar sarietarako bederatzi hautagaitza ditu filmak.

Timothee Chalamet aktorea da filmeko protagonista. BERRIA
Timothee Chalamet aktorea da filmeko protagonista. BERRIA
mikel lizarralde
2026ko urtarrilaren 28a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohiko arauei muzin egiten zien mahai teniseko jokalaria izan zen Marty Reisman (New York, 1930-2012). 1950eko hamarkadan hasi zen ping-pongean jokatzen, betiere sosak irabazteko asmoz. The Money Player (1974) bere autobiografian aitortu zuenez, jakinda ondo moldatzen zela ping-pongean, aurkariak erakarri, lehenengo jokoak nahita galdu, eta arerioak limurtuta zeuzkanean, apustuaren tamaina bikoizteko proposamena egin, eta irabazi egiten zuen. Reisman apustuetan zaildu zen, eta gero, ospea lortu zuenean, txapelketetara aurkezten hasi zen. 22 irabazi zituen guztira; horien artean, AEBetako gizonezkoen bakarkako txapelketa, birritan. 

Reismanen bizitza oinarri hartuta idatzi eta zuzendu du Joshua Safdie zinemagile estatubatuarrak Marty Supreme bere azkeneko filma. Nolanahi ere, Safdiek berak adierazi duenez, Ronald Bronsteinekin elkarlanean idatzitako gidoiak ez du ping-pong jokalariaren bizitza fideltasunez kontatzen, eta fikziozko zenbait elementu eta pertsonaia ere txertatu dituzte kontakizunean. Ildo horretan, ez da biopic bat, hitzaren adierarik hertsienari erreparatuta.

Hain zuzen ere, Reismanek bezala, filmeko protagonistak Marty du izena; abizena, ordea, Mauser du, eta horrek berak adierazten du filmeko arduradunek harekiko distantzia markatu nahi izan dutela. 

Chalametentzat idatzia

Timothee Chalamet aktoreak jokatu du ping-pong jokalariaren rola filmean, eta, Safdiek azaldu duenez, Reismanekin duen antzekotasun fisikoarengatik jarri zuen begia harengan. Call Me by Your Name eta A Complete Unknown filmetako protagonistak berehala eman zion baiezkoa, eta mahai teniseko eskolak jasotzeari ekin zion segidan. Safdiek berak azaldu du gidoia Chalametentzat idatzi zutela propio, eta aktorea dela filmeko «esentzia eta arima».

Marty Supreme A24 ekoiztetxearen ekoizpen garestiena izan da —70 milioi dolarreko aurrekontua izan du—, eta New Yorkeko Manhattanen eta Japonian filmatu zuten, 2024ko azken hilabeteetan eta 2025eko otsailean. Urrian eman zuten aurrenekoz, New Yorkeko zinema jaialdian, eta abenduan iritsi zen AEBetako aretoetara. 

Orduz geroztik, hainbat sari irabazi ditu filmak —horien artean, Urrezko Globoa eskuratu du Chalametek—, eta Oscar sarietan ere —martxoan banatuko dituzte— aitortzaren bat jasotzeko aukera ugari izango ditu. Izan ere, bederatzi hautagaitza bildu ditu filmak, besteak beste, filmik, zuzendaririk, gidoirik eta gizonezko aktorerik onenen ataletakoak.

'MARTY SUPREME'

Zuzendaria: Joshua Safdie. Gidoia: Joshua Safdie eta Ronald Bronstein. Aktoreak: Timothee Chalamet, Gwyneth Paltrow, Odessa A’zion, Abel Ferrara. Herrialdea: AEB. Iraupena: 149 minutu. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

'Send Help' filma
Send Help filmeko irudi bat.

'SEND HELP'

Zuzendaria: Sam Raimi. Gidoigileak: Damian Shannon eta Mark Swift. Aktoreak: Rachel McAdams, Dylan O’Brien, Edyll Ismail. Herrialdea: AEB. Iraupena: 113 minutu. Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Hegazkin istripu bat izan ondoren, langile batek (Rachel McAdams) eta haren nagusiak (Dylan O’Brien) uharte batean bizirik irauten ahalegindu beharko dute. Ez dira ondo konpontzen, baina oztopoak gainditu beharko dituzte, arrisku ugari baitituzte inguruan. Sam Raimi zinemagilea (Evil Dead, Spider-Man) beldurrezko generora itzuli da bere azken filmean.

'LA GRAZIA'

Zuzendaria: Paolo Sorrentino. Gidoilaria: Paolo Sorrentino. Aktoreak: Toni Servillo, Anna Ferzetti, Orlando Cinque, Massimo Venturiello. Herrialdea: Italia. Iraupena: 133 minutu. Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.

Mariano de Santis Italiako errepublikako presidentea politikari beteranoa da, humanista eta katolikoa. Halako batean, hainbat erabaki hartu beharko ditu, baina zalantza handiak piztuko zaizkio, batez ere, eutanasia lege bat onartzeari buruzkoak. Paolo Sorrentinok (La grande bellezza, Youth, Parthenope) Veneziako zinema jaialdian aurkeztu zuen filma.

'DREAMS'

Zuzendaria: Michel Franco. Gidoilaria: Michel Franco. Aktoreak: Jessica Chastain, Isaac Hernandez, Rupert Friend, Marshall Bell, Jim Anderson. Herrialdea: Mexiko. Iraupena: 100 minutu. Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.

Emakume estatubatuar dirudun batek eta ballet dantzari gazte mexikar batek maitasun harreman bat izango dute, eta maitaleak babesa emango diola pentsatuta, dantzariak San Franciscorako (AEB) bidea hartuko du. Han, ordea, errealitate gordinarekin egingo du topo, eta maitalearekin duen harremanari aurre egin beharko dio. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.