'Urrezko duna'
Idazlea: Miren Agur Meabe. Ilustratzailea: Irrimarra. Argitaletxea: Erein.
Kanpin batean protagonistak egiten duen egonaldiak jartzen dio testuingurua abentura infantil honi.
Planteamenduak ez dakar berrikuntza aipagarririk antolamenduari dagokionez; Bostak bildumako abentura arin bat irudi luke, heldu misteriotsu susmagarria barne. Egiazki euskaldunen abentura bat da —euskal unibertsoan oso posible den abentura bat, esan nahi da—, Landetako kanpin batean girotua, zenbait udatiar familiatako haurrak protagonista dituena, andrazkoen presentzia ia erabatekoarekin.
Esaten badut testuak hirurogei orrialde hartzen dituela, hamar ilustrazio barne, ohartuko gara haren tamainaz, eta honi eransten badiogu hamasei ataletan banatuta dagoela, bada, nabarmen antzemango diogu irakurle hasiberriak eta praktika gutxikoak gozarazteko modukoa dela.
Arranguratxoa sortu dit ilustrazio lanak, zalantzazkoa iruditu baitzait xede irakurlearen adinarekin bat ote datorren. 8 urteko balizko irakurleak estetika nabarmen infantila onartuko duela aurreikusita ere, irudi luke zaharragoek probetxuzko testua eduki dezaketela, proposamen grafiko honek uxatzen ez baditu, bederen.