«Ikasten gozatzeko eta gozatuz ikasteko balio du». Horixe uste du Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek Zinema eta Zientzia zikloari buruz. Urte berriarekin batera ematen diote hasiera egitasmo horri, eta gaur hasiko da aldi berria, bederatzigarrena. Aurtengoan, gizakiak munduarekin duen harremanean eragina izan duten gai zientifiko eta humanistikoetan jarri nahi izan dute begirada antolatzaileek. Guztira hamabi film emango dituzte, Euskal Herriko toki hauetan: Donostiako Tabakaleran, Gasteizko Artium museoan, Bilboko Arte Ederren museoan, Iruñeko Golem Baiona aretoan, eta Donibane Lohizuneko Le Select zineman.
Gaurtik martxoaren 28ra bitarte egingo dituzte proiekzioak. Emanaldien aurretik hainbat zientzialarik azalpenak emango dituzte filmetako alderdi zientifikoei buruz. Orotara, hogei bat zientzialarik hartuko dute parte. Besteak beste, biologia, fisika, matematika, ekologia eta antropologia landuko dituzte aurtengoan. Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak zikloak duen publikoaz hitz egin du: «Geroz eta publiko zabalagoa dauka». Edizio bakoitzean 30.000 ikusletik gora bildu dituzte.
«Filmek, batzuetan, zientziaz esplizituki hitz egin gabe, begirada zientifikoa ahalbidetzen dute»
JOXEAN FERNANDEZ Euskadiko Filmategiko zuzendaria
Nahiz eta hamargarren urteurrenera gerturatzen ari diren, zikloaren izpiritua bere horretan da, Fernandezen arabera. «Hizkuntza zinematografikoak zientziaren edertasuna erakusten du, eta pentsamendu zientifikoaren unibertsaltasunak pantailetatik hunkitzen gaitu». Halaber, zinemagile historikoen —Alfred Hitchcock, Hayao Miyazaki, François Truffaut...— zein garaikideen pelikulak programatu dituztela gaineratu du. Aurtengo zinemagile gonbidatua Pilar Palomero izango da, eta Los Destellos bere hirugarren film luzea emango dute.
Honako hauek izango dira datozen hilabeteetan ikusi ahal izango diren filmak: Planet of the Apes, L'Enfant sauvage, The Social Network, The Birds, Sisters with Transistors, The Fly, The Nutty Professor, La Voie royale, Los destellos, The Third Man, Narayama Bushi-ko eta Kaze no Tani no Naushika. Euskadiko Filmategiko zuzendariak filmen aniztasunari egin dio erreferentzia: «Batzuetan, zientziaz esplizituki hitz egin gabe, begirada zientifikoa ahalbidetzen dute». Aipatutako filmak Donostian, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen ikusi ahal izango dira. Donibane Lohizunen, berriz, sei film soilik ikusi ahal izango dira —L'Enfant sauvage, The Social Network, The Fly, The Third Man, Narayama Bushi-ko eta Kaze no Tani no Naushika—. Jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango dira lanak, azpitituluekin —kasu batzuetan soilik gaztelaniazkoekin—.
Bestelako hurbilketa bat
Donostia International Physics Centerreko zuzendari Ricardo Diez Muiñok egitasmoak ezagutza zabaltzeko ematen duen aukera azpimarratu du: «Ziklo honetan, eta zinemarekin duen harremanetik abiatuta, zientziara eta gizartean duen eraginera hurbiltzeko beste modu bat proposatzen dugu». Bestalde, ia 25 zientzialarik parte hartuko dute aurtengoan, arlo eta zentro desberdinetakoak. Diezen ustez, zientziarekiko duten konpromisoaren erakusle da hori. Esaterako, gaur Artiumen egingo den saioa Pedro Miguel Etxenikek aurkeztuko du. Besteak beste, Lorea Argarate teknologoa, Gabriel Berasategi biologoa, Beatriz Diaz biologian doktorea eta Xabier Lopez kimikaria arituko dira aurkezle lanetan.
«Ziklo honetan, eta zinemarekin duen harremanetik abiatuta, zientziara eta gizartean duen eraginera hurbiltzeko beste modu bat proposatzen dugu»
RICARDO DIEZ MUIÑO Donostia International Physics Centerreko zuzendaria
Aurtengoan ere Juan Ignacio Perez Iglesias biologian doktorea eta Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak hitza hartuko du; The Birds filmaren paseetan, hain zuzen. Zikloaren aurkezpenean parte hartu duen kideetako bat izan da, eta ekitaldiak ematen dituen aukerez hitz egin du: «Zientzia film askotan dago. Horretarako, zientzialariaren begiradarekin ikusi behar dira filmak». Halaber, «ziklo amaigabea» dela ere esan du, makina bat filmek eman dezaketelako zer aipatua.
Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Ibone Bengoetxeak aitortza egin nahi izan die zikloa prestatzeko lan egiten duten erakunde guztiei. «Elkarlanari esker da egitasmoa egonkorra», gaineratu du. Nahiz eta makina bat erakunde izan, denek dute helburu bera, Bengoetxearen ustetan: «Bi kulturen transmisioa: zinemarena eta zientziarena. Gizarte kohesiorako tresna bi dira».
Jarduera gehiago
Filmen proiekzioaz gain, beste ekitaldi batzuk ere prestatu dituzte antolatzaileek. Otsailaren 12an, Tabakaleran, Gines Morata biologoak The Fly pelikulak azaleratzen dituen auzien inguruan hitz egingo du. Martxoaren 6an, berriz, Tabakaleran, Pilar Palomero zinemagileak eta Ander Urrutikoetxea onkologoak mahai inguru bat egingo dute, Itziar Bergarak gidatuta. Minbizia izango dute hizketagai. Bi jarduerak gaztelaniaz izango dira.
Saioetarako sarrerak Tabakalerako, Artiumeko eta Arte Ederren museoko webguneetan, eta Golem eta Le Select aretoetako leihatiletan egongo dira eskuragarri. Informazio gehiago irakur daiteke www.filmoteka.eus webgunean.