Donostia 2016

Poesiaz blaitutako urratsak

Esther Ferrer artistak Poesiaren Ibilbidea egingo du larunbatean Donostian; 37 olerki entzun ahal izango dira hamabi geltokitan.

Esther Ferrer eta Pablo Berastegi. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Ihintza Elustondo
2016ko martxoaren 31
13:53
Entzun

Donostia 2016ren Karta Zuriak atalean, Esther Ferrerrek proposatutako bigarren egitasmoa da Poesiaren Ibilbidea. Otsailean egin zuen lehena, keinu hizkuntzaren balioa aldarrikatzeko performance bat. Oraingoan, herritarrak poesiara hurbildu nahi ditu, eta, horretarako, lau kilometro inguruko ibilbide bat osatu du; paseatu bitartean poesiaz gozatzea ahalbidetuko duena. “Izenak dioen moduan, poesiaren aldeko martxa da, olerkiak irakurtzea eta entzutea beste aldarrikapenik ez duena”, azaldu du artistak.

Larunbatean Ferrerrek gidatuta egingo da ibilbidea, eta zuzeneko poesia irakurketak egingo dituzte Euskal Herriko irakurle klubetako eta poesia taldeetako kideek. Orotara, 37 olerki izango dira, Euskal Herriko nahiz kanpoko egileenak: hemengo autoreen artean dira, besteak beste, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano eta Jule Goikoetxea. 11:30ean hasiko da ibilbidea, Easo plazan, eta Portaletan amaituko da. Bi ordu inguru iraungo du txangoak.

Larunbatekoa ibilbide berezia izango da, baina ordutik aurrera, edonork egin ahal izango du bere kabuz. Horretarako, datorren astetik aurrera liburuxkak eskuragarri egongo dira Donostia 2016ren Infopuntuan, Alderdi Ederren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.