'Popel' dokumentalaren zuzendaria

Oier Plaza: «'Popel' dokumentala memoria ariketa handi bat da»

Gaur estreinatuko da euskal zinemetan 'Popel' dokumentala. Filmak Gernikako bonbardaketatik Pragako errausketa labe batera joko du, Anjel Lekuona gudariaren eta Espainiako sei errepublikanoren istorioei segika. Memoria historikoa lantzea du helburu.

Oier Plaza zuzendaria atzo, Gernikan. GORKA RUBIO / FOKU
Oier Plaza zuzendaria atzo, Gernikan. GORKA RUBIO / FOKU
Odile Bourguignon Goñi
2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errautsetatik eraiki du Oier Plaza zuzendariak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1982) Popel dokumentala, eta gaur estreinatuko du euskal zinemetan. Gernikatik Pragarako bidea egin du; izan ere, Bigarren Mundu Gerran, Frantisek Suchy arduratu zen Pragako Strasnice errausketa labeaz, eta, semearen laguntzaz, nazismoak hildako 2.000 preso baino gehiagoren errautsak jaso zituen, ezkutuan. Unai Egia irakasle bilbotarrak ikerketa bat abiatu zuen Enric Moner deportatu katalanari buruzko jakin-minak bultzatuta, eta hari esker jakin zuen Anjel Lekuona gudari busturiarraren familiak haien senidearen errautsak Pragako Strasnice errausketa labearen memorialean daudela lurperatuta. Baita Espainiako sei errepublikanorenak ere. Ikerketaren nondik norakoak jaso ditu Plazak dokumentalean, eta gertaera historikoak trazatzeko ahaideen irudiak eta Kote Camachok sortutako animazioak nahastu ditu. Zuzendariak esan du bere helburua zera izan dela, desagertutzat jo ziren deportatuei duintasuna itzultzea. Datorren astean bira bat abiatuko dute nazioartean, filma hainbat herrialdetan aurkezteko; azaroaren 26an amaituko da, Regensburgen (Alemania).

Zer jasoko du ikusleak Popel dokumentalean?

Istorio harrigarri bat. Ekintza txiki eta on askoren baturak istorio harrigarri bat osa dezake. Horixe kontatzen du Popel-ek: heriotzarekin lotutako istorio dramatiko eta ilun bat du sakonean. Baina badago ederra den zer edo zer ere, pertsona batzuen memoria berreskuratzeko egin diren ekintza txikiek istorio eder bat osatu baitute. Dokumentala ikusiz jendea hunkitu egiten bada, zerbait lortu dugun seinale; hain zuzen, ezagutzera eman nahi genuen istorio bat barru-barruraino heldu dela esan nahiko du.

Gernikako bonbardaketarekin abiatzen da dokumentala, eta gertaera hura memoria kolektiboaren trauma bat dela aipatzen du Anjel Lekuonaren ilobak. Zu zeu gernikarra zara; nola eragin du zugan?

Nik uste dut gernikarrok badaramagula gertaera horien motxila, nola edo hala. Niri dagokidanez, urteek aurrera egin ahala, gaiaren presentzia handitu egin da, ohartu bainaiz gaur egun ere garrantzizkoa dela memoria historikoa, eta, nolabait, iraganeko gertaera tragikoak oroitzea. Popel dokumentalean Gernikaren sinbologia txertatu nahi izan dut, baina nazioarteko dokumental bat da, eta Txekiako publikoan ere pentsatu dut. Halere, mundu osoan ezaguna den material sinboliko oso indartsua ematen du Gernikak.

«Pertsona batzuen memoria berreskuratzeko egin diren ekintza txikiek istorio eder bat osatu dute»

Frankismoaren, eta, orokorrean, diktaduren helburua izan da jendea isilaraztea. Zuk isilpeko gertaerei ahotsa ematearen garrantzia azpimarratu duzu.

Eta ez soilik frankismoan jazotako gertaerei. Injustizia bat dagoenean eta gaizkia egiten duenak bere injustizia estali nahi duenean —eta hori maiz gertatzen da—, beti egin behar da lanketa bat. Gerrak, injustiziak, desagertuak eta desagerrarazi nahi diren istorioak dauden bitartean, egongo dira memoriaren markak landu nahiko dituztenak. Bernardo Atxagak, Markak. Gernika 1937 [Pamiela, 2007] liburuan, ondo azaldu zuen hori, Markak eta Borramarkak figuren arteko tentsioa kontatuta. Batzuek markak borratu nahi dituzte —hori egiten zuen frankismoak, adibidez, jendea hil eta, inork ezer jakin gabe, hildakoak hobi komun batean sartuta—, eta beste batzuek marka horiek azalarazi nahi dituzte. Beti egongo da talka hori. Hala, uste dut Popel dokumentala memoria ariketa handi bat dela; are, ez soilik dokumentala, Frantisek Suchyk errautsak ezkutuan gordetzean memoria ariketa bat egin zuen, eta Anton Gandariasek [Anjel Lekuonaren ilobak] eta Unai Egiak euren ikerketa abiatzean pertsona batzuen memoria duin egiteko xedea zuten; hortxe dago dokumentalaren indarra. Gainera, jendeari ikusarazi behar zaio, 80 urte igarota ere, minak eta absentziak belaunaldiz belaunaldi pasatzen direla.

Laurogei urte pasatuta ere, egongo dira oraindik aztertu ez diren dokumentuak...

Bai, baita errauts kutxak ere. Strasnicen erreklamatu gabeko 85 errauts kutxa gelditu ziren, baina Unai Egia, besteak beste, lanean ari da Poloniako eta beste herrialde batzuetako enbaxadekin. Izan ere, dokumentala amaituta ere, historiak jarraitu egiten du. Oraindik ere Popel-ek batzen dituen istorioen antzekoak gerta daitezke, eta, frankismoak ezarritako amnesia historikoaren ondorioz, gurean ere istorio asko daude berreskuratzeko. Guk zazpi errepublikanoren istorioa kontatu dugu, baina orrialde asko daude betetzeko: emakumeen sufrimenduari buruz, adibidez. Harri eta lur asko dago altxatzeko, bai fisikoki, baita sinbolikoki ere.

(ID_17624421231985) (/EZEZAGUNA)
Popel dokumentalaren fotograma bat. 
Nola garatu da dokumentala denboran?

Anton Gandariasen bitartez izan nuen ikerketaren berri, Anjel Lekuonaren ondorengoak gernikarrak izanik ezagunak bainituen; eta, ondoren, Unai Egia eta haren ikerketa lana ezagutu nituen. 2022aren hasieran hasi nintzen eurekin hitz egiten, eta apirilean haiekin batera joan nintzen Strasnicera. Ordurako egina zuten ikerketaren erdia, errautsak topatu baitzituzten. Baina bazegoen egin beharreko beste atal bat: gainerako familiekin hitz egin behar zen. Sekuentzia bat dago Antasen grabatua [Espainia], eta horixe erakusten du. Hortaz, dokumentalean zera egin dugu: ikerketaren atzean jarri. Aurtengo apirilean amaitu dugu, eta erronka handia izan da horrenbeste datu dituen dokumental batean ikuslearen arretari eusteko mugarriak zehaztea. Hamar hilabete egon gara edizio lanetan. Izan ere, hori ere aipatu behar da: fikzioan gidoia zurruna izan ohi da, idatzitakoa eramaten baita irudietara. Aldiz, dokumentaletan hari bat harrapatu, eta, hariari tiraka, ez dakizu nora iritsi zaitezkeen ere. Gidoia edizio gelan amaitzen da.

Popel hitzak errautsa esan nahi du txekieraz.

Esango nuke errautsak direla dokumentalaren bihotz sinbolikoa. Dena elkarrekin lotzen dute: errautsak Strasnicen zeuden, hara iritsi ziren Anjel eta gainontzekoen gorpuak, bertan egin zuen Frantisek Suchyk egin zuena, eta familiak bertara doaz euren senitartekoekin berriro ere elkartzera. Istorioa ez da soilik euskal istorio bat, Europa osoaren historia biltzen du, eta pisu nabarmena du Txekiako Errepublikak.

«Frankismoak ezarritako amnesia historikoaren ondorioz, gurean ere istorio asko daude berreskuratzeko»

Pragan estreinatu zenuten dokumentala, apirilean.

Bai. Txekiako Errepublikako zinemetan egon zen ikusgai, eta bertako telebistak ere eman zuen bertsio labur bat. Polita izan zen. Gainera, Pragako elkarte batek eskuragarri jarri zuen hezkuntza zentroentzat: ikastetxeek egin behar izaten zuten dokumentala ikusteko eskaera, eta zinema aretoetara joaten ziren gero. Orotara, 80 ikastetxetako ikasleek ikusi zuten. Irailean Donostiako Zinemaldian eman dute, Zinemira sailean. Orain saio bereziez osatutako nazioarteko bira bat egingo dugu, eta hemengo zinemetan ere egongo da ikusgai.

Saio berezietan bertan izango al zara?

Bai, den-denetan. Datorren astean hasiko dugu bira, hilaren 10ean, Parisen. Gero, Madrilera goaz 12an, eta Berlinera 14an. Hilaren 19an Figueresen [Herrialde Katalanak] izango gara, eta omenaldia egingo zaio Enric Monerri. Azken batean, Moner izan da gure historiaren giltzarria, Unaik El impostor eleberria [Javier Cercas idazlearena] irakurri zuelako hasi baitzuen ikerketa: liburuan kontatzen da Enric Marcok ordezkatu egin zuela Enric Monerren identitatea. Moriartitarrek egin zuten Marco filma, eta guk istorioaren B aldea kontatu dugu. Finean, dokumental txiki bat gara, eta gure kabuz ari gara proiekzio bereziak antolatzen eta bultzatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.