Haien artean Carlos Reygadas zuzendari mexikarraren Post Tenebras Lux delarik —Cannesko zinema jaialdiaren aurtengo ekitaldian zuzendari onenaren saria jaso duen filma—, Donostia Zinemaldiaren 60. ekitaldiko Horizontes Latinos sailaren programazioak hamabi zinemagileren lanak bilduko ditu, Argentinan, Mexikon, Txilen, Brasilen, Uruguain eta Kolonbian eginak. Guztiak ere nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan lehiatu dira edo parte hartu dute, baina Hego Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatu gabeak dira oraindik. Sailkatutako film guztiak Horizontes saria lortzeko lehiatuko dira, 35.000 eurorekin hornitua.
Reygadasen filmak Juanen eta haren familiaren bizitzaren berri ematen du. Landan bizi dira; bi semeen arteko hainbat garaitako harremanak erakusten dira, senar-emazteen bizitza sexuala... Hori dena ingurune txiro batean. Egitura zaindua dauka, eta filmatzerakoan ezagun du Reygadasek errespetu eta miresmen handia diola izadiari. Adolfo Jimenez Castro, Nathalia Acevedo and Willebaldo Torres dira filmeko aktore nagusiak. Mexiko, Frantzia eta Alemaniako ekoizleak ditu filmak.
Horizontes Latinos saila Benjamin Avila argentinar zuzendariaren Infancia clandestina filmaren emanaldiarekin jarriko da abian. (Argentina, Espainia, Brasil). «Pasaporte faltsuei, garajeko gordelekuei, ustekabeko lekualdatzeei, asmatutako urtebetetzeei eta amona ezkutuan ikusteari buruzko film bat» da, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Avilaren lanak Casa de America saria irabazi zuen 2011n Donostia Zinemaldiko Zinema Eraikitzen atalaren barruan, eta ondoren Cannesko zinema jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zen.
Zazpi 'opera prima'
Gainerako hamar filmak honako hauek dira: Antonio Mendez Esparzaren Aquí y allá (Mexiko, Espainia, AEB), Alicia Canoren El Bella Vista (Uruguai, Alemania), Rodrigo Plaren La demora (Uruguai, Mexiko, Frantzia), Michel Francoren Después de Lucía (Mexiko), Marcelo Gomesen Era uma vez Verônica / Once Upon A Time Veronica (Brasil), Marialy Rivasen Joven y alocada (Txile), Juan Andres Arangoren La plata (Kolonbia, Brasil, Frantzia), Mariano Luqueren Salsipuedes (Argentina), William Vegaren La sirga (Kolonbia, Mexiko, Frantzia), Armando Boren eta El último Elvis (Argentina, AEB).
Saileko hamabi lanetatik zazpi —Benjamin Avilaren Infancia clandestina horien artean— opera prima-k dira, zuzendariaren estreinako film luzeak.
'Post Tenebras Lux', Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean
Cannesen saritutako Carlos Reygadasen lanaz gain, beste 11 film lehiatuko dira Horizontes sarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu