«Kafe bat, jauna, plazer baduzu». Tabernara sartu, eta bere eskariari entzungor eginda gainerako bezero guztiak nola zerbitzatzen dituzten ikusten duenaren ezinegon patetiko horrekin abiatu du Josu Martinez zinemagileak Potasio film laburra, eta ikusezintasunaren sakoneko zirkuluetarainoko jaitsiera moduko bat dira hurrengo hamahiru minutuak. Jon Alonso idazlearen testu bat hartu du gidoia osatzeko oinarri, eta Peio Berterretxe aktoreak jokatzen du pertsonaia nagusiaren rola, nahiz eta ikusleak, agertu ahala, berehala errekonozituko dituen Ramon Agirre, Mikel Martinez, Maialen Berra, Galder Perez, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Ander Lipus eta Arantxa Iturberen ahotsa ere, filma osatzen duten gainerako pertsonaien artean. Loraldia jaialdian estreinatuko du, martxoaren 20an, EHUren Bizkaia aretoan, Bilbon, eta, filmaren proiekzioaz gainera, Alonsoren beste testu bat ere taularatuko dute, Berterretxek irakurrita eta Adrian Garcia de los Ojosen musikarekin.
«Zerbait diferentea egiteko gogoa nuen; komedia bat da, komedia absurdo bat, oso urbanoa, eta oso gaur eguneko gaiei lotutakoa»
JOSU MARTINEZ Zinemagilea
«Hau kapritxo bat izan da, polita iruditu zitzaidan gauza bat». Martinez aspaldi zaletu zen Alonsoren literaturara —«grazia handia egiten dit»—, eta denbora zeraman harekin zerbait egiteko gogoz. Hiri hondakin solidoak nobelarekin (Txalaparta, 2015) ikusi zuen elkarlanerako aukera, eta film baten oinarri izango zuen gidoi bat prestatzen ere hasi ziren orduan. «Nahiko ganberroa izango zen», laburbildu du Martinezek. Eusko Jaurlaritzaren gidoiak sortzeko laguntza deialdira ere aurkeztu zuen proposamena, baina ez zuen aurrera egiterik lortu, eta handik denbora batera heldu zen Potasio filmaren oinarri izango zen testua. «Hasieran, 30 orri ingurukoa zen gidoia, eta pertsonaia piloa zuen, baina, batetik, gogoa nuen Alonsorekin zerbait egiteko, eta, bestetik, gogoa nuen egin ditudan azken gauzen ondoan oso diferentea izango zen zerbait egiteko ere. Komedia bat da, komedia absurdo bat, oso urbanoa, eta oso gaur eguneko gaiei lotutakoa».
Martinezek nagusiki dokumentalgintzan egin du lan orain artean. Itsasoaren alaba dokumentala aurkeztu zuen 2009an, eta, geroztik, ibilbide luzea egin du alor horretan. Andre Madre jeneralak 1956an grabatutako Gure sor lekua filmaren bilaketa kontatu zuen 2015ean estreinatutako Gure sorlekuaren bila dokumentalean, esaterako; Egunkaria-ren itxierari eskaini zion Samara Velterekin batera zuzendutako Paperezko hegoak filma 2021ean; Jon Miranderi buruzko lan bat ere kaleratu zuen 2023an; eta urte berean sortu zuen Bizkarsoro fikziozko lan luzea ere. Kasu horretan, Ipar Euskal Herriko fikziozko herri batean kokatu zituen pelikula osatzen zuten istorioak, eta euskarak eta euskaldunek jasandako zapalkuntza lantzen zuten batez ere. Edonola ere, film horretan ere, ez-fikziozko kontakizunak izan zituen lana osatzeko oinarri, eta, Martinezek dioenez, «lan horiekin kontrastean» sortu du Potasio film laburra orain. «Fikzioa egitea ia-ia beste ofizio bat da!».
Absurdoa eta politikoa
Ikusezintasuna da filmaren muina, eta, «zentzu batean», barre txikiarekin onartu duenez, komedia absurdo bat ez ezik, «pelikula politiko bat ere» bada filma Martinezentzat. «Gaur egun ez badaukazu Whatsapp-ik ematen du ez zarela existitzen; ez baduzu Internetik eta ez baduzu sare sozialik, ematen du jendeak ez dizula deitzen, eta zirkulu guztietatik kanpo geratzen zara. Baina, era berean, askoz ere libreagoa zara, gauza askoz gehiago egiteko aukera duzulako. Libre zaude, baina bakarrik. Eta hori da filmeko pertsonaiak irudikatzen duena. Planeta osoa esklabizatzen duen pantailen aparatuen diktadura totalitarioaren aurkako kritika bat da».
Filmerako aukeratu duen enkoadraketa da atentzioa ematen duten elementu estetikoetako bat. Ohiko formatu luzangarekin hasi arren, musikaren lehen noten kolpeek azpimarratuta, formatu karratuago batera ixten ikusiko du ikusleak, filmeko lehen-lehen unetik bertatik. Hain zuzen ere, estetika «espresionista» eta «karikaturala» landu nahi izan duela aipatu du Martinezek, eta Jacques Tati zinemagile frantziarra aipatu du erreferentzien artean. Kontakizunaren alde absurdoa nabarmendu nahi izan du hautu horrekin, eta lerro zuzenak deformatzen dituzten objektibo zabalak ere baliatu ditu.
«Emanaldirako prestatu dudan testuak euskal zinemari buruz ere hitz egiten du, ematen baitu orain Hollywooden gaudela»
JON ALONSO Idazlea
Jon Alonsorentzat zinemarako egindako lehen egokitzapena izan da Potasio, eta, dioenez, atentzioa eman dio pelikula bat egiteko behar den lan talde zabalak. «Ez nuke esango filma nirea denik», onartu du. «Izatekotan ere, zuzendariarena da, baina filmatu bitartean argi ikusi dudana da zinemarena talde lana dela. Jende askok parte hartzen du lan horietan, eta denen lanaren baitan dago emaitza». Gustatu zaio prozesu hori barrutik ikusi ahal izatea, eta, gainera, cameo xume bat ere egin du filmean, Patxi Larrion idazlearekin batera.
Filmak bezala, ikusezintasuna izan du ardatz Alonsok Bilboko emanaldirako prestatu duen testuak ere, eta, filma bezala, Martinezekin batera ondu du. «Ikusgarritasunari eta ikusezintasunari buruzko gogoeta bat da testua», azaldu du. «Euskal zinemari buruz ere hitz egiten du, ematen baitu orain Hollywooden gaudela, baina horrek ere zer muga dituen aztertzen du».